Margiris Normantas: «Gure ametsetan sinetsi behar dugu»

Bilbo Basketek gaur ekingo dio ACB ligari, Miribillan, Manresaren aurka. Bilboko taldeak aurreko denboraldiaren bide beretik jarraitu nahi duela azaldu du Normantasek. Sasoi honetan Txapeldunen Liga jokatuko dute, Europako Kopa jokatu beharrean.

Margiris Normantas, baloiarekin, Miribillan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Margiris Normantas, baloiarekin, Miribillan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Oier Zumarraga
2026ko irailaren 26a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da denboraldiaurrea. Bilbo Basket gaur hasiko da ACB ligan lehiatzen, Miribillan, Manresaren kontra (18:00). Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak aurreko denboraldian egindako lan onari segida eman nahi dio. Taldearen bizkarrezurrari eutsi dio, eta horren parte da Margiris Normantas eskolta (Vilnius, 1996). Lituaniarrak bigarren denboraldia du Bilbon, eta, taldearen indargune nagusia zein den galdetuta, ez du zalantzarik egin: «Batasuna». Norbanakoen gainetik, taldeari eman dio garrantzia: «Elkarren alde borrokatzen gara».

Aurreko denboraldiarekin alderatuz, Normantas oso bestela iritsi da sasoi hasierara. Iazko udan Europako Txapelketa jokatu zuen, eta ondoren iritsi zen Bilbora: berandu, eta orkatilan min hartuta. Oraingoan, ordea, lehen egunetik aritu da denboraldiaurrean. Selekzioen arteko partidak direla-eta lau jokalari geroago batu diren arren, taldeak elkarrekin lan egiteko asteak izan ditu. «Jokalariak, entrenatzaileak... Denok prest gaude liga hasteko». 

Denboraldiaurrean emaitza onak lortu dituzte; adibidez, Euskal Kopa irabazi zuten Baskoniaren aurka. Normantasek badaki garaipen hori berezia dela Bizkaian. «Euroligako talde baten aurka gure maila neurtzeko eta konfiantza hartzeko balio izan zigun». Dena den, Teneriferen aurka jokatu dituzten azken bi partidetan oraindik zer hobetua badutela ikusi dute. «Kontzentrazioa izan daiteke gauzetako bat. Izan ere, xehetasun txikiek garrantzi handia dute».

Edozein gairen inguruan hitz egiten duenean, taldea hartzen du aintzat; baita bere jardunaren inguruan galdetutakoan ere. Aurreko sasoian aritu zen estreinakoz ACB ligan, eta jokoaren erritmoaz eta maila fisikoaz jabetu zen. Orain badaki zer aurkituko duen: «Banaka hobea izatea espero dut, baina taldeko jokalaria naiz. Taldeari gehiago lagundu nahi diot». Zenbakiek ere ez dute kezkatzen.

Kantxan askotariko lanak egiten ditu. Energia, indarra eta eskarmentua ditu, eta aurkariaren kanpoko jokalari arriskutsuenetakoak zaindu ohi ditu. Aurten, 30 urte beteko ditu, eta «pozik» dago oraindik maila handiko jokalarien aurka gogor defenditzeko gai delako. Eskoltak hor du garrantzirik handiena Ponsarnauren jokoan. Entrenatzaileak oso zehaztuta dauzka defentsako arauak: taldeak batuta defenda dezan saiatzen da, eta sendoa izan dadin, elkarri etengabe lagunduz, eta aurkariari abantailarik eman gabe. Normantasen indarrak eta defentsan aritzeko duen gaitasunak ondo egiten dute bat sistema horrekin. 

«Bigarren urtez jarraian elkarrekin jokatzea hobea da. Denek joka dezakegu. Jokalari gazteak eta eskarmentu handiagokoak ditugu»

MARGIRIS NORMANTAS Bilbo Basketeko jokalaria

Gainera, ez du kezkatzen non jokatu: joko antolatzaile, eskolta, hegaleko eta, beharrezkoa bada, hegaleko pibot aritu daiteke: «Taldeak behar duenera egokitzen naiz». Aurreko denboraldian, adibidez, Harald Freyk min hartu zuen, eta, horren ondorioz, moldatu egin behar izan zuten taldearen jokatzeko modua: jokalariek beste egiteko batzuetara egokitu behar izan zuten. Hala, Normantas jokoa antolatzen aritu zen tarteka. 

Segida oinarri

Aurreko denboraldiko zazpi jokalarik jarraitzen dute Bilbo Basketen. Normantasek uste du horrek abantaila eman diezaiekeela denboraldi hasieran: elkar ezagutzen dute, Ponsarnauren sistema barneratua dute, eta badakite taldeak nola jokatu nahi duen. «Bigarren urtez jarraian elkarrekin jokatzea hobea da. Lagunduko digu, ziur».

Aurreko denboraldian FIBAren Europako Kopa irabazi zuten, eta ACB ligako kanporaketetarako sailkatu ziren. Oraingoan koska bat gorago lehiatuko dira Europan: Txapeldunen Ligan. Normantasek ezaguna du txapelketa hori, aurretik jokatutakoa baita, eta badaki gehiago eskatuko diela. Hori dela eta, garrantzi handia eman dio jokalari multzoa handia izateari. Hamahiru izango dira guztira: «Denek joka dezakegu. Jokalari gazteak eta eskarmentu handiagokoak ditugu». 

Iragan sasoiko emaitzak kontuan hartuta, ikusmin handiagoa dago haien jardunaren inguruan. Normantasek, ordea, ez du hori zama bihurtu nahi. «Saskibaloian badago presio pixka bat, jendearentzat jokatzen dugulako eta agian gehiago espero dutelako gugandik. Baina honetaz gozatu behar dugu».

Hala, aurreko denboraldiko une onak ekarri ditu gogora. Orain bide bera egiten jarraitu nahi du, elkarrekin lan eginez eta helburuetan mugarik jarri gabe. «Gure ametsetan sinetsi behar dugu. Baina isilean egiten dugu amets, eta isilean egiten dugu lan». Hori Ponsarnaurengandik ikasi dute: «Pertsona eta entrenatzaile bikaina da». Zorrotza izan behar duenean, halakoa dela dio, baina jokalariekin hitz egiten ere badakiela. 

Bilbon gustura dago, eta bitan pentsatu gabe luzatu zuen kontratua 2028 arte. Familiarekin bizi da, alaba txiki bat du, eta hiria erosoa zaie egunerokoan. Itsasoa gertu izatea eta berdeguneak egotea gustuko du, baina, batez ere, jendea nabarmendu du. Hiria ez dela handia dio, baina denetarik duela, eta bertakoak Bilboz harro daudela sumatu duela.

Saskibaloian ere gero eta lotura handiagoa ikusten du taldearen eta zaleen artean. Lituaniako saskibaloi kulturarekin alderatuta Bilbon Athleticek eta futbolak duten garrantzia nabarmendu du. Baina uste du Bilbo Basketek bere lekua irabazi duela. Aurreko denboraldian gero eta zale gehiago bertaratu ziren Miribillara, eta berriro piztu nahi dute giro hori. Gaur izango dute horretarako lehen aukera, Manresaren aurka, etxean. Denboraldiaurreko probak bukatuta, gaur hasiko da benetako lehia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA