Nortasuna berreskuratu ezinik dabil Araski

Gasteiztarrek ligako lehen bost partidak galdu dituzte, eta denboraldiaurrean erakutsitako mailatik urrun. Gaur, partida dute Mallorcaren aurka. Aketza Zubizarreta bigarren entrenatzaileak «oinarrietara» itzultzeko beharra azpimarratu du.

Araskiko jokalariak elkarrekin hizketan partida batean. ARASKI
Araskiko jokalariak elkarrekin hizketan partida batean. ARASKI
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 31
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost partida, bost porrot. Araskik ez du espero bezala hasi denboraldia, eta irabazi gabe jarraitzen du ligan. Denboraldiaurrean itxura ona eman zuen taldeak, baina lehiaketa hasi denetik ez du segidarik izan jokoan, eta erasoan dituen arazoek are gehiago zaildu diote egoera. Aketza Zubizarreta bigarren entrenatzailearen esanetan, jokalarien ahalegin falta baino gehiago, «konfiantza eta erabakiak hartzeko segurtasun falta» dira arazo nagusiak. «Zalantza handiak ditugu erabakiak hartzerakoan, eta horrela ezin dugu arin jokatu».

Ligako estreinaldian, Ferrolen aurka, taldeak bere jokatzeko modua erakutsi zuen zenbaitetan, nahiz eta azkenean galdu. Ondorengo jardunaldietan, ordea, okerrera egin zuen: Estudiantesen aurka 45 puntu baino ez zituen sartu, Ensino nagusitu egin zitzaion Lugon, eta Gironaren aurka ere ezin izan zuen irabazi. Zubizarretak aitortu du bereziki Estudiantesen eta Ensinoren aurkako partidetan ez zutela beren maila eman. «Oraindik lan handia falta zaigula sumatu dugu. Gure nortasuna berreskuratzeko modua aurkitu behar dugu».

Azken jardunaldian, Leganesen aurka, hobetzen ari den zantzuak erakutsi zituen Araskik, baina berriro esku hutsik amaitu zuen (63-58). Hirugarren laurdenean zortzi punturen aldea lortu zuen (34-42), baina etxekoek 13-2ko partziala egin zuten, eta neurketa irauli. Azken minutuan puntu bakarrera hurbildu ziren gasteiztarrak (59-58), baina ez zuten garaipena eskuratu. Bigarren entrenatzaileak uste du taldeari gehiegi eragiten diotela jokoaren gorabeherek. «Ondo jokatzen dugunean, ez diogu behar adinako etekina ateratzen, eta bolada txarrek, berriz, kalte handiegia egiten digute». Presiopean erabaki egokiak hartzen ikasi behar dutela nabarmendu du, baita hutsak onartzen eta horien ondoren jokoan jarraitzen ere.

Araskiren arazo nabarmenetako bat puntuak sartzeko zailtasuna da. Partidako 60 puntu inguruko batezbestekoa du, eta kanpoko jaurtiketetan ere ez da fin aritu. Zubizarretak azaldu du zenbait partidatan jaurtitzeko aukera onak sortu dituztela, baina ez dutela asmatu. Hala ere, ez du uste arazoa punteria hutsera mugatzen denik. Erasoan abantailak sortzeko eta horiek baliatzeko gaitasuna hobetu behar dute. «Jasotzen ari garen puntuekin lehiatzeko moduan egon beharko genuke. Ez dizkigute 90 puntu sartzen; erasoan hobeto arituz gero, partida horiek irabazteko aukerak izango genituzke».

«Ondo jokatzen dugunean, ez diogu behar adinako etekina ateratzen, eta bolada txarrek, berriz, kalte handiegia egiten digute» 

AKETZA ZUBIZARRETA Araskiko bigarren entrenatzailea 

Made Urietak denboraldi hasieran azaldu zuen talde «ausarta, azkarra eta defentsan sendoa» nahi zuela. Oraingoz, ordea, Araskik ez du «nortasun» hori behar beste erakutsi. Lantaldean jokatzeko modua egokitzeko aukera aztertu dute, baina Zubizarretak hasierako ideiari eustearen alde egin du. «Denboraldiaurrean aurkitzen genituen abantailak berriro lortzeko lanean jarraitu behar dugu, baita aurkariek beste joko mota bat proposatzen digutenean ere».

Jokalari multzoak ere aldaketa handiak izan ditu: aurreko denboraldiko hamar jokalarietatik hiruk baino ez dute jarraitzen. Gainera, soilik hamar jokalariko multzoa du Urietak. Zubizarretak, hala ere, ez ditu bi faktore horiek aitzakiatzat hartu nahi. Beste talde askok ere jokalari ugari aldatu dituztela gogorarazi du, eta hamar jokalariko multzoak ohikoak direla ligan. Haren ustez, gakoa jokalariek beren gaitasunetan sinestea eta kantxan segurtasun handiagoz aritzea da.

Multzoaren aldartea

Emaitzek, dena den, eragina izan dute taldearen aldartean. «Taldea gaizki dago, eta hala egon behar du. Egoera honek min eman behar digu, baina tristura horretatik indarra atera behar dugu», adierazi du Zubizarretak. Esperientzia badute horretarako: aurreko bi denboraldietan azken jardunaldietan lortu zuen Araskik mailari eustea. Urietak badaki zer den halako egoerei aurre egitea.

Lehen garaipena lortzeko hurrengo aukera bihar izango du Araskik, Azulmarino Mallorca Palmaren aurka, Mendizorrotza kiroldegian (19:00). Gasteiztarrek bolada txarraren mamuak uxatu nahi dituzte Arimen Gauean, baina ez dute aurkari erraza izango. Igo berria izan arren, goiko postuetan aritzeko osatutako taldea da. Aurreko jardunaldian galdu zuen sasoiko lehen partida, Jairisen kontra: 67-69.

Zubizarretak argi du nondik hasi behar duten: «Oinarrietara jo behar dugu: hobeto defendatu eta gehiago korrika egin. Jokoaren erritmoa handitu behar dugu. Hortik aurrera etorriko dira doikuntza taktikoak eta eraginkortasuna jaurtiketetan».

Eguneroko lanean aurkitzen du itxaropena. Haren esanetan, jokalariak «ikasle onak» dira entrenamenduetan, baina partidetan ez dira ari behar bezala: «Aste barruan ikasle onak gara, baina azterketan, urduritasuna edo presioa dela eta, ez dugu dakiguna erakusten». Bost porroten ondoren, Araskiren erronka hauxe da: entrenamenduetan erakusten duen jokoa kantxara eramatea, eta lehen garaipenarekin batera konfiantza berreskuratzea.

Araskik ez ezik, Gernikak eta Ibaeta Basketek ere gaur jokatuko dute, biek etxean. Bizkaitarrek Estudiantes jasoko dute (17:00), eta gipuzkoarrek, Ferrol (18:00).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA