Euskadiko Futbol Federazioko presidentea

Iker Goñi: «Ofizialtasunaren aldeko aldarria berriz aktibatzea lortu dugu»

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partidak utzitako arrastoa barneratzen ari da oraindik Goñi. «Eman genuen irudia nabarmendu nahiko nuke». Genozidioaren salaketa eta ofizialtasunaren aldarria oso presente egon zirela azaldu du.

Iker Goñi, Euskadiko Futbol Federazioko presidentea. BERRIA
BERRIA
ainara arratibel gascon
2025eko azaroaren 17a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozik dago Iker Goñi, Euskadiko Futbol Federazioko presidentea (Getxo, Bizkaia, 1983). Ekainean iritsi zen kargura, eta dagoeneko erronka handi bati egin dio aurre: euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partida antolatzeari. Ez du aurreratu zeintzuk izango diren hurrengo pausoak ofizialtasuna eskatzen jarraitzeko, baina ideia «erakargarriak» dituzte buruan. 

Bi egun igaro dira Palestinaren aurkako partidatik. Zer sentipen duzu orain?

Oso pozik eta harro nago, baita eskertuta ere. Pozik nago dena ondo atera zelako, eta, harro, herri moduan eman genuen irudia dela eta. Eskerrak emateko garaia ere bada, larunbatekoa ezin zelako egin zaleen, kluben eta hau antolatzen lagundu diguten eragileen laguntzarik gabe. Hilabete hauetan egin dugun lan handiaren ordainsaria izan zen.

Hain zuzen ere, ostiralean, partidaren aurkezpenean, aipatu zenuen ez zela erraza izan partida antolatzea, sukalde lan asko egon zela. Nola izan zen prozesua?

Nik eta nire lantaldeak aspalditik genuen asmoa Euskadiko Futbol Federazioko hauteskundeetara aurkezteko. Federazioak dituen arduren artean bi daude: ohiko txapelketak antolatzea, eta euskal selekzioaren neurketak antolatzea. Hasieratik garbi izan genuen selekzioari bultzada bat eman nahi geniola. Beraz, hauteskundeak irabaziko genituela jakin jabe, iaz [hauteskundeak aurtengo ekainaren 20an egin ziren] hainbat federaziorekin jarri ginen harremanetan, lortuz gero partida bat jokatzeko. Horietako bat Palestinako selekzioa izan zen. Behin hauteskundeak irabazita, proposamen zehatz bat landu genuen, eta aurrera egitea erabaki genuen. Kontuan izan selekzioaren partida bat antolatzea erronka handia dela, arlo guztietan: ekonomikoki, sozialki... Gainera, genozidioaren erruz Palestinako Federazioaren eta selekzioaren egoera oso zaila zen; oso egoera zaurgarrian zeuden: kirolarien hilketak, kontrolak, mugak zeharkatzeko zailtasunak... Beste hainbat traba ere gainditu behar izan ditugu.

Baina azkenean antolatzea lortu zenuten. Zein izan zen zuretzat larunbateko unerik hunkigarriena?

Asko egon ziren, baina partida amaiera aukeratuko nuke. Ederra izan zen Palestinako jokalariak San Mamesi buelta ematen ikustea, txalo artean, eta gure herriari eskerrak emanez. Ondoren, ederra izan zen, halaber, bi selekzioetako kideak elkar hartuta Txoria txori abesten ikustea. Denek abestu genuen. Oso berezia izan zen.

Palestinaren aurkako genozidioa salatzea eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzea ziren partidaren helburuak. Zein neurritan bete ziren?

Nik uste dut erabat bete zirela. Une oro egon ziren presente. Palestinako jokalariak genozidioaren aurkako pankartarekin atera ziren; euskal selekziokoak, berriz, ofizialtasunaren aldekoarekin... Bestalde, bi taldeek elkarrekin bakea aldarrikatu zuten. Gainera, atsedenaldian Euskal Pilotako Euskadiko Federazioko kideei omenaldia egin zitzaien, ofizialtasuna lortu zutelako. Kanpoan ere, egun osoan zehar egon ziren presente bi aldarriak Bilboko kaleetan.

Zer esan zizueten Palestinako ordezkariek partidaren amaieran?

Oso eskertuta zeudela. Partida amaieran Palestinako jokalariek ez zuten zelaia utzi nahi, oso hunkituta zeuden.

Zaleen erantzuna aparta izan zen, eta ofizialtasunaren aldeko aktibazioa handia izan zen. Gustura?

Bai, dudarik gabe. Oso pozik gaude horrekin. Argi dago aktibazio horrek gorabehera asko izan dituela. 1990eko hamarkadan aktibazioa handia zen. Baina azkenaldian apur bat itzalita zegoen, eta uste dut partida honekin berpiztu egin dela. Hori zen, eta hori da, gure helburuetako bat. 1993. urtean euskal selekzioak Boliviaren kontra Anoetan jokatu zuenetik partida guztietan izan naiz, eta larunbatekoa izan da bereziena. 

Eta hemendik aurrera zer egin behar da aktibazio horri eusteko?

Zaila da. Ideia eta asmo erakargarriak ditugu buruan. Baina asmo horiek lotzea eta adostea ez da erraza izango. Horretarako bi formula ditugu: amets egitea eta lan egitea.

Selekzioen arteko partidak jokatzeko FIFAk ezarritako data guztietan jokatzea izan daiteke ofizialtasunerako bidean beste urrats bat egiteko modua?

FIFAk ezarritako datetan jokatzea lortu dugu, baina zaila da guztietan jokatzea. Nolanahi ere, baditugu beste ideia batzuk buruan. Emakumezkoen selekzioak partida bat jokatzea nahi dugu, gizonezkoenak atzerrian jokatzea eta areto futbolekoa lehian ikustea. Horiek izan daitezke hurrengo urratsak, baina edozein proposamen entzuteko prest gaude.

Aipatu dituzun hiru asmoetakoren bat datorren urtean gauzatu ahal izango duzue?

Ez dakigu. Halako partida bat antolatzeak lan handia eskatzen du. Gainera, ez ditugu espektatiba faltsuak sortu nahi. Jendeak garbi ikusi du lanean ari garela, eta garrantzitsua da haiek ere aktibazio horri eustea. Zaleen eta hedabideen jakin-mina ulertzekoa da, baina gauzak ondo lotu behar dira, eta futbolean hori lortu arte hobe ezer ez aurreratzea.

Ekainean iritsi zineten kargura. Javier Landetaren zuzendaritzak ofizialtasunaren bidean egindako lana kontuan hartuta, zein egoera aztertu duzue?

Eskerrak eman behar dizkiegu Landetari eta haren lantaldeari. Ez dugu denborarik izan hori aztertzeko. Baina garbi dago ofizialtasunaren bidea ez dela erraza izango, eta ez da egun batetik besterako kontua izango. Baina zenbat eta lehengo hasi, orduan eta azkarrago lortuko dugu. Federazioak, erakundeek eta zaleek bat hartuta jardun behar dugu, eta dauden zirrikituak aprobetxatu behar ditugu.

Hauteskunde kanpaina baino lehenago zenioen orain arte egin dena baino gehiago egin daitekeela ofizialtasunaren alde. Zer zehazki?

Nik beti esan dut: lehenengo gauza sinestea da. Sinetsi egin behar dugu ofizialtasuna posible dela. Horretan eragin behar dugu, pilotan egin duten moduan. Eusko Jaurlaritzak 2022an egindako inkesta batek zera zioen: herritarren %80k gure selekzioak ofizial izatea nahi zutela. Urratsak egiten jarraitu behar dugu.

Horri lotuta, mahai tekniko bat osatzea proposatu zenuen Jaurlaritzarekin, eta klub profesionaletako ordezkari eta kapitainekin. Noiz hasiko zarete horretan?

Berez irailean hasi nahi genuen, eta urtero biltzea zen asmoa. Baina asteburu honetako partida antolatzeko genuen lana tarteko, atzeratzea erabaki genuen. Lanean ari gara.

Izan duzue hartu-emanik FIFArekin eta UEFArekin?

Partidara gonbidatu genituen, baina ez ziren etorri. Dena den, ari gara haiekin pixkanaka harreman sare pertsonal bat sortzen.

FIFAko eta UEFAko ordezkariak partidara gonbidatu genituen, baina ez ziren etorri. Dena den, ari gara haiekin pixkanaka harreman sare pertsonal bat sortzen»

Sira Rego Espainiako Gobernuko ministroa partidan egon zen. Zer esan zizuen?

Hizketan aritu ginen, bai heldu zenean eta bai partidaren ostean. Oso eskertuta eta hunkituta joan zen, eta prest dago hurrengoetan gure federazioarekin elkarlanean aritzeko.

Garbi ikusi zen jokalarien konpromisoa: nola adierazpenetan, hala zelaian. Funtsezkoa da hori, ezta?

Funtsezkoa baino gehiago, ezinbestekoa. Jarrera eredugarria izan zuten, eta konpromiso izugarria erakutsi zuten. Denek erakutsi zuten jokatzeko interesa eta konpromisoa.

Eta Oiartzabal, Zubimendi, Merino, Williams anaiak eta Unai Simon selekziora batzeko, pentsatu al duzue selekzioen partidak jokatzeko FIFAk ezarritako datetatik kanpo jokatzea?

Euskal selekzioak jokatzeko, edozein garai da egokia eta interesgarria, eta guk nahiko genukeena da gure selekzioan joka dezaketen jokalaririk onenak bertan egotea.

Zaleei zer mezu emango zenieke?

Eskerrak emango nizkieke. Larunbatean futbol mundua Bilbora begira egon zen. Partidak sekulako oihartzuna izan zuen nazioartean, eta eman genuen irudia eredugarria izan zen. Eta zera esango nieke: euskal selekzioak etorkizuna izango badu, zaleak ezinbestekoak izango direla.

Nola ikusi zenuen kanpoko giroa?

Federazio gisa, ez dagokigu guri horri buruz hitz egitea edo iritzia ematea, ez genuelako guk antolatu. Baina aldarriak eta bi herrien nahiak agerian geratu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.