Triatloilaria

Maddi Marquet: «Ohartu naiz kirolak eman behar didan guztiak ona izan behar duela»

Maddi Marquetek haren kirol ibilbideko garaipenik handiena eta bereziena lortu berri du: Donostiako Triatloia irabazi du, Onditzen Oroimenezkoa. «Aspaldiko ametsa bete dut», aitortu du. Sutsuki defendatu ditu triatloiak transmititzen dituen balioak.

Maddi Market. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddi Marquet. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
Errenteria
2026ko uztailaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maddi Marquetek (Donostia, 1999) etena egin du lanean elkarrizketa egiteko: Oiartzualdeko eskola kiroleko koordinatzailea eta emakumezkoen kirol orientatzailea da. Jendeari laguntzen dio kirola egiten, baina eredu ere bada. Horren erakusle, bizikletan iritsi da. Hain zuzen, bizikletan jo zuen kolpe erabakigarria Donostiako Triatloia, Onditzen Oroimenezkoa irabazteko, joan den igandean. Hainbat alditan esan du «ilusio handia» pizten diola BERRIAn ateratzeak. «Gure etxeko egunkaria da».  

Zera idatzi zenuen sareetan Onditzen Oroimenezkoa irabazi berritan: «Ametsak batzuetan egia bihurtzen dira». 

Hala da. Duela urte batzuk elkarrizketa bat egin ziguten etxekooi, eta horretan esan nuen nire ametsa Onditzen Oroimenezkoa irabaztea zela: etxeko triatloia da, gure klubarena [Donostiako Atletiko] oso kutuna dugu, eta oihartzun eta ospe handia du. Behin baino gehiagotan egon naiz hura irabaztear, eta, azkenean, ametsa bete dut. Izugarri pozik nago.

Bigarren eta hirugarren izandakoa zinen. Arantza atera duzu?

Bai, baina ez nuen espero irabaztea, urtero sekulako maila baitago. Baina aurtengoa ezohiko ekitaldia izan da, ez baitira aritu ez australiarrak, ez Helene Alberdi. Banekien ziurrenik igerian aurkarien aurretik bukatuko nuela. Ezohikoa da hori, nik atzetik aurrera egiten baitut. Baina uste nuen posible zela aurten ametsa betetzea, eta horrela izan da.

Noiz pentsatu zenuen «honek ez dit ihes egingo»?

Bizikletan oso indartsu ikusi nuen neure burua: lider jarri, eta aldea handitzen hasi nintzen. Erori egin nintzen Murgil jaisten, baina gogor jarraitu nuen. Azken hilabeteetan, kirola eginez kudeatu ditut nire sentipen guztiak, eta, bizikleta gainean amorru hori guztia atera nuen. Noiz ohartu nintzen garaipena nahiko bideratuta neukala? Korrikan hasi eta bigarren sailkatua oraindik bizikletan ari zela ikusi nuenean. Hala ere, azken itzulira arte ez nuen argi izan irabaziko nuela.

Zer sentitu zenuen azken zuzengunean?

[Hunkitu egin da]. Emozio pila bat. Batetik, poza, eta, bestetik, amorrua, urte osoan frustrazio dezente izan baititut. Gertuko jende asko zeuden helmuga inguruan: gurasoak, ahizpa, boluntario zebiltzan lagunak... Oso hunkigarria izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko, ezta azken egunetan gertukoengan sentitu dudan harrotasuna ere. Elkarrizketa asko eman ditut, baina oinak lurrean ditut.   

Zerk eragin zizun frustrazioa? 

Aurreko urtea gogorra izan zen psikologikoki, neure burua estutu bainuen. Kirola oso profesionalizatua dago dedikazio aldetik, eta zuk ikusten duzu jendeak aurrera egiten duela, baina zuk garrantzi handiagoa ematen diozula oraindik arlo pertsonalari kirolari baino, eta ez aurrera ez atzera zabiltzala. Perfekzionismo aldetik oso gogorra izan zen aurreko urtea; horrenbeste, ezen uko egin bainion Lekeition eta Donostian aritzeari. Ez nengoen mentalki lehiatzeko moduan. Aurten ere ez nuen asmorik lehiatzeko, baina Zizurkilgo duatloiko antolatzaileek zirikatu, eta aitarekin batera aritzeko izena eman nuen. Berriro sentitu nuen kirolak batzuetan transmititzen dizun adrenalina eta maitasuna. Hori sentitu behar nuen berriro. Horrela hasi nintzen berriro lehiatzen, baina argi nuen txipa aldatu behar nuela, eta kirola egiten gozatu egin behar nuela. Donostian sufritu egin nuen, baina banekien ametsa betetzeko sufritu egin behar nuela.

«Ez dut inoiz ahaztuko garaipena, ezta azken egunetan gertukoengan sentitu dudan harrotasuna ere»

Berriro adiskidetu zara kirolarekin eta lehiarekin?

Nik badakit nola nagoen eta zer ematen didan kirolak. Nire nortasunaren parte bat da, baina parte bat baino ez. Ohartu naiz kirolak eman behar didan guztiak ona izan behar duela, ezin didala gauza txarrik eman. Kirola eta entrenamenduak modu osasuntsu batean txertatu behar ditut nire egunerokoan, ez une oro lehiatuta eta markei erreparatuta.

Aita, triatleta ohia; ama, atleta ohia; eta hiru ahizpak, kirolariak. Ezin da alferra izan zuen etxean?

Nik, txantxetan, beti esaten dut gure etxean ez zegoela aukerarik kirolari ez izateko, bestela adopzioan emango gintuztela. Gurasoek txikitatik transmititu digute kirola egiteak zer balio dituen. Kirola oso tresna indartsua eta garrantzitsua da zenbait balio eta pentsaera transmititzeko eta bizitzari aurre egiteko. Oso pozik eta harro nago nire familiaz. Inoiz ez gaituzte ez behartu, ez presioa egin; bidelagun izan dira beti. Etxekook bizitza oso sanoa daukagu, eta kirolak zerikusi handia izan du horretan.

Zer gustatzen zaizu gehien triatloiaz?

Zure bizitzako beste alor batzuekin uztartu dezakezula. Ez duzu atletismoan eta igeriketan duzun eguneroko zehatza. Askotarikoagoa da, eta lasaiago disfrutatu dezakezu; ez duzu etengabe kronometroa buruan. Ziurgabetasun handiagoa dago, eta askoz gehiago disfrutatu dezakezu prozesuaz, maizago ibiltzen baitzara naturan. Kirol askeagoa da, eta sozializatzeko aproposagoa.

«Zerbait ona ematen dizuten kirolen alde egin behar dugu, ez gure frustrazioak azaleratzen dituztenen alde»

Gogorra ere bada.

Nik jendea animatzen dut triatloia egitera, edo behintzat, mugitzera. Ez zaizula igeri egitea edo bizikletan ibiltzea gustatzen, baina dantzatzea gustatzen zaizula? Bada, dantzatu. Nahiago duzula lagunekin saskibaloian edo palan jokatu? Bada, jokatu. Gaur egun, kirol aukera handia dago, eta horiek egiteko gero eta aukera handiagoa ere bai. Triatloiak badu asko laguntasunetik, eta eskertzekoa da hori, are gehiago kontuan hartuta zein den egungo kirol izarra, futbola, eta kirol horrek zein balio kaskarrak transmititzen dituen eta zer-nolako negozioa dagoen haren atzean. Baditugu inguruan kirol askoz sanoagoak, balio onak transmititzen dituztenak: laguntasun sanoa eta lehiakortasun osasuntsua. Kirol horiek oinarri sendoa ematen dizute, eta kirol horien alde egin behar dugu. Zerbait ona ematen dizuten kirolen alde egin behar dugu, ez gure frustrazio guztiak azaleratzen dituztenen alde. Goxotasunez hartu behar ditugu, eta kirol askok horrela bizitzeko aukera ematen dizute. Triatloia da horietako bat.

Zer egin nahi duzu orain?

Deskonektatu eta disfrutatu. Korrika eta bizikletan ibiliko naiz, hori egitea gustatzen baitzait, eta balio baitit nire egunerokoa hobeto aurrera eramateko. Bide honetaz disfrutatu dudalako nago hemen, eta argi dut horrela jarraitu behar dudala. Uda ondo pasatzeko, lagunekin egoteko, bidaiatzeko, deskonektatzeko eta pixka bat modu librean ibiltzeko da. Ametsa bete dut, eta orain disfrutatu egin nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA