Isiltasuna hautsi eta bere burua defendatu du Oier Lazkanok. Ostegunean jakin zenez, haren pasaporte biologikoan «azalpenik gabeko anomaliak» ageri direla eta, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) behin-behinean zigortu du Red Bull-Bora taldeko txirrindulari gasteiztarra, baina hark, hedabideetara bidali duen ohar batean, esan du ez duela sekula dopinik erabili, ezta debekatutako metodorik ere.
«Beti errespetatu ditut txirrindularitzaren arauak eta kirol garbiaren balioak. Nire kirol ibilbideak, lan asko eginda eraikitakoak, oinarri izan ditu zintzotasuna, integritatea eta eguneroko lana. Kirolari garbia eta pertsona zintzoa naiz», idatzi du Lazkanok.
Horregatik, argi utzi du bere ospearen defentsa egingo duela, eta beharrezkoa den guztia egingo duela errugabea dela erakusteko.
Iragarri du, horretarako, bere medikuei eta abokatuei agindu diela egin beharrezko guztia egiteko bere eskubideak babesteko eta bere integritatea erakusteko, beti ere gainontzeko prozedurak errespetatuz: «Egian sinesten dut, eta justizian ere bai».
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie azken egunetan babesa erakutsi diotenei, eta berretsi du bere izenaren eta duintasun profesionalaren defentsa egingo duela.
Taldetik kanporatua
UCIk aurreko hiru urteetan atzeman ditu «azalpenik gabeko anomalia» horiek Lazkanoren pasaporte biologikoan; hau da, 2022., 2023. eta 2024. urteetan. Gasteiztarra Movistar taldean aritu zen hiru urte horietan, eta bere kirol ibilbideko emaitzarik onenak lortu zituen.
Emaitza bikain horiei esker, Red Bull-Bora taldeak oso eskaintza ona egin zion, eta Lazkanok onartu egin zuen. Aurten lehiatu da aurrenekoz talde horretan, baina oso gutxi aritu da. Duela urte erdi ez dela inongo probatan lehiatu. Paris-Roubaix klasikoan hartu zuen parte azkenekoz, apirilaren 13an. Taldeak UCIren zigorraren berri jakin bezain pronto kanporatu zuen.