«Estropada eremu teknikoa da, eta, huts bat eginez gero, larrutik ordaindu daiteke». Horrela definitu du Ondarroako (Bizkaia) estropada eremua Andoni Lopez (Ondarroa, Bizkaia, 2002) Antiguako Ama ontziko arraunlariak. Bertan jokatuko dituzte gaur Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. (17:10, ETB1 On, ETB1)
Tradiziozko estropada da Ondarroakoa. Arraunlari gehienek ezagutzen dute eremua, eta Lopezek azaldu du zer-nolako lehia aurreikusten duen: «Estropada gogorra izango da. Olatuak albotik sartzen dira, eta horrek zaildu egiten du arraunketa». Itsas eremu bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta Ondarroako arraunlariak bere herrikoak zein diren aztertu du: «Eremu zaila denez, une guztietan erne ibili behar da. Edozein txikikeriak denbora galtzea ekar dezake».
Lopezentzat berezia da gaurko estropada, herrian jokatzen delako. Horrez gain, azken urteetan bertan jokatu diren estropadek zeresana eman dute, eta horietaz aritu da Ondarroako arraunlaria: «Txanda batetik bestera egoera aldatzen da, eta, ondorioz, azken denboraldietan zenbait ezusteko izan dira». 2022an, etxeko taldeak irabazi zuen, eta hurrengo bi denboraldietan ere liga irabazi ez zuten bi taldek bereganatu zuten bandera: Getariak eta Oriok. Iaz ere San Nikolas ontziak irabazi zuen, baina orduan, aurten bezala, faborito zen, eta gerora liga irabazi zuen.
«Eremu zaila denez, une guztietan erne ibili behar da. Edozein txikikeriak denbora galtzea ekar dezake»
ANDONI LOPEZ Ondarroako arraunlaria
Estropada eremuek hainbat gune izaten dituzte, eta guztiak ez dira berdinak izaten. Itsasoan hori are gehiago nabarmentzen da; izan ere, leku bakoitzak bere berezitasunak dauzka, eta, ondorioz, erabakigarria izan daitekeen zerbait gerta daiteke horietan. Lopezek estropadaren gakoa zein izango den azpimarratu du: «Barrualdera joatean, estropada hausteko arriskua egon daiteke. Olatuak hartuz gero, aldeak nabarmen areagotzen dira, eta hartzen duen lehenak irabazteko aukera handiak ditu». Une erabakigarri gehiago ere badira bertan: «Behin olatuak hartuta, ondoren kanpoaldeko kaleetara joateko joera dago. Horri esker, aurkariekiko aldea handitu dezakezu».
Zazpigarren eta lasai
Denboraldi hasierako helburuak betetzen ari da Ondarroa. Gaur egun, zazpigarren postuan da, 62 punturekin. Hainbat estropada on egin dituzte, eta Madril eta Donostiako estropadetan seigarren postua bereganatu zuten Hondarribia, Donostiarra eta halako taldeei aurre hartuz. Lopezek orain artekoaren inguruko balorazioa egin du: «Talde gaztea gara, eta anbizioa daukagu. Hasieratik oinarri sendo bat edukitzea lortu dugu. Guztiok ezagutzen dugu elkar, eta denak lagunak gara. Emaitzek erakusten dute gazteok pauso bat aurrera egin dugula, eta hori positiboa da». Bera ere gustura dabil: «Nire denboraldirik onenetakoa izaten ari da. Oso gustura joaten naiz entrenatzera. Finean, kuadrilla bat gara taldean, eta hori baloratzen dut. Horrela izateak erraztu egiten du eguneroko martxa». Lopezek konfiantza du taldearengan: «Lekeitio gainean dugu. Aurrekoan estropada bikaina egin zuten, baina, guk gurea eginez gero, ez diegu zertan besteei begiratu».
Behin helburuak lortuta, uste du taldeak gora egin dezakeela: «Orain arte egindakoaren ondoren, uste dut gai garela gainontzeko aurkariei gauzak zail jartzeko». Denboraldiak alde onak eta txarrak dauzka. Arraunlariak neguko sasoia gogoratu du: «Negua gogorra izan zen, ez baitzitzaizkigun gauzak nahi bezala atera. Zenbaitetan frustragarria izan zen, emaitzek ez baitzuten laguntzen. Nolanahi ere, taldea denboraldi osoan erakusten ari den motibazioa azpimarratu du Lopezek: «Udan, baina, dinamika aldatu egin da, eta aste barruan hurrengo estropada noiz helduko zain egoten gara. Gaurko gogoz gaude».
Hilabete eskas falta da Kontxako estropadarako. Ondarroak bi urte daramatza urteko estropada garrantzitsuenera sailkatu gabe. Hala ere, Lopezek urrun ikusten du data: «Oraindik urrun dago Kontxa. Ondorengo asteetan ditugun ligako estropadetan dugu fokua jarrita». Hala ere, Kontxa «berezia» dela aitortu du: «Urte osoan buruan dugun estropada da Kontxakoa».