Gosaldu berritan, ahots indartsuz hartu du telefonoa Paula Ostiz ziklistak (Iruñea, 2007). Aurrenekoz aritu da Frantziako Tourrean, txirrindularitzan sona handiena duen lasterketan, eta gustura dago egindakoarekin. Gainera, lasterketa korritu duen txirrindularirik gazteena izan da. Etorkizun oparoa du, baina oraina ere bada.
Lehen aldiz aritu zara Frantziako Tourrean. Zer moduz joan da?
Esperientzia paregabea izan da, izugarria. Lasterketa desberdina da. Jende asko ari zen ikusten. Taldeari eskerrak eman nahi dizkiot emandako aukeragatik. Hasieratik oso ondo egokitu naiz, eta taldea gustura geratu da nik egindako lanarekin. Eskertzekoa da hori ere.
Atseden hartu duzu?
Bai. Lauzpabost egunetan hartu nuen atseden, dena ondo barneratzeko. Orain, egutegiaren azken zatirako prestatzen ari naiz: Europako eta munduko txapelketak.
Lasterketan uste bezala erantzun zizuten hankek?
Egia esan, ni neu ere harritu nintzen. Egunak pasatu ahala, geroz eta hobeto sentitzen nintzen. Azken egunean ere ondo nengoen. Pena izan zen Marlen Reusser erori izana. Harekin geratu ginen, Tourra denok batera bukatzeko.
Tourreko parte hartzailerik gazteena izan zinen. Esanguratsua da zuretzat?
Bai. Taldeak lasterketa handi bat korritzeko aukera eman zidan, eta ilusioa egin zidan jakiteak gazteena nintzela. Oso eskertuta nago.
Lasterketatik zer nabarmenduko zenuke? Mont Ventouxera igotzea berezia izan zen?
Noski. Egun horretan taldeak lan handia egin zuen, eta igoera asko disfrutatu nuen. Zale asko zeuden, eta hainbeste jenderekin igotzeak beti egiten du ilusioa.
«Gustura aritu dira nirekin, eta horri balioa eman nahi diot: jendeak estimatu izana nola egin dudan lan»
Movistar taldeak lan bikaina egin zuen, baina azken bi etapetan Marlen Reusser indarrik gabe geratu zen, eta erori ere egin zen. Lasterketaren zer balorazio egiten duzu?
Egia esan, positiboa. Oso ondo hasi ginen, eta denok elkarrekin egin genuen lan. Talde guztiak babestu genuen Marlen, Tourra amaitu zezan. Talde indartsua izan gara, eta bukaeraraino borrokatu gara. Pena izan zen Marlen erori izana, baina, tira, hamarreko lasterketa egin dugu. Zuzendariak esandako plana bete dugu.
Bukatzean, zapore gazi-gozoa geratu zitzaizuen?
Bai. Egunetik egunera taldea hobeto ari zen. Marlenek irabazi zuen erlojupekoa, eta talde osoa egon ginen hari laguntzen. Pena izan zen hura erori izana. Uste dut podiumean egon zitekeela, edo oso gertu.
Baina, perspektibarekin hartuta, gustura zaudete egindakoarekin, ezta?
Bai, bai, harro gaude.
Zure lehen urtea da profesionaletan, eta etapaka jokatutako zure lehen lasterketa handia izan da Tourra. Nola hartu zenuen albistea?
Frantzian nituen bi lasterketa korritu aurretik jakin nuen. Zuzendariak deitu eta esan zidan Frantziako Tourra korrituko nuela. Ez nuen inola ere espero, eta asko harritu ninduen. Egunero dena emanda aritzen dira ziklistak, oso azkar, baina uste dut ondo egokitu naizela.
Barneratzea kostatu zitzaizun?
Bai, bai. Zuzendariak esan eta gero, egun osoa negarrez pasatu nuen. Zoramena da.
Behin eta berriro esan duzu zure nahia ikasten jarraitzea dela. Eroso zabiltza World Tourrean?
Bai. Tourrean, taldeak asko lagundu dit. Ez didate presiorik egin, eta behar nuen denbora eman didate. Oso gustura geratu dira nire lanarekin, eta hori izango dut gogoan. Jendea pozik dago. Marlen ere gustura aritu da nirekin, eta horri balioa eman nahi diot: jendeak estimatu izana nola egin dudan lan.
«Zuzendariak Tourra korrituko nuela esan eta gero, egun osoa negarrez pasatu nuen. Zoramena da»
Denboraldi hasieran, lehiatu gabe egon behar izan zenuen, mina zenuelako. Gogorra izan zen?
Bai. Tendinitisa izan nuen, eta maiatzean hasi nintzen berriro lehiatzen. Luzea egin zitzaidan, baina garrantzitsua da pazientzia izatea. Osatu naiz, eta ondo dago. Taldearekin lasterketak egiten ari naiz, eta konfiantza dute nigan. Aurrera segitu behar dut.
Jakin behar da geratzen ere, ezta?
Hala da. Batzuetan ez gara ohartzen, baina geratzea eta atseden hartzea ere bidearen parte da.
Orduan ez zenuen pentsatuko urte berean Frantziako Tourra korrituko zenuenik.
Inola ere ez, eta hurrengoan ere agian ez. Baina planak aldatu dira. Taldeak aukera eman dit, eta uste dut lan ona egin dudala. Atseden hartu ondoren, berriro martxan hasita nago.
Begirada Europako eta munduko txapelketetan jarria duzu dagoeneko. Zer helburu dituzu?
Munduko Txapelketara ahalik ondoen iritsi nahi nuke. Munduko txapeldun izatearekin egiten dut amets, baina lan asko egin behar da, eta maila ona dago. Hala ere, badakit nola egiten ditudan gauzak, eta uste dut sasoiko iritsiko naizela.