Sergio Francisco: onena ateratzen trebea da

Teknikari berriari babesa ematea espero du Mikel Llorentek, eta Imanolekin alderaketarik ez egitea: «Horrek ez dio mesederik egingo». Pazientzia ere eskatu du.

Sergio Francisco Reala B-ren partida batean. GIOVANNI BATISTA
Sergio Francisco Reala B-ren partida batean. GIOVANNI BATISTA
2025eko ekainaren 11
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Sergio oso trebea da jokalariengandik onena ateratzen. Lan bikaina egingo du. Erronka horri heltzeko prest ikusten dut, bai pertsonalki, bai profesionalki». Mikel Llorente entrenatzailearen hitzak dira. Llorente Real Unioneko eta Realeko harrobiko entrenatzaile ohia da, eta ondo ezagutzen du Sergio Francisco, Realaren entrenatzaile berria. Haren «hurbiltasuna, naturaltasuna eta egokitzeko gaitasuna» azpimarratu ditu, eta uste osoa duela jokalariengan eta bere lantaldean dauden beste profesionalengan.

Realak apirilaren 24an jakinarazi zuen Imanol Alguacilek lehen taldeko entrenatzaile izateari utziko ziola. Hurrengo egunean iragarri zuen, berriz, Sergio Francisco izango zela hurrengo denboraldiko entrenatzailea. Jokin Aperribai presidenteak azaldu zuen egun hartan bildu zirela irundarrarekin, lehen taldeko entrenatzailea izango zela esateko, eta argi zutela hura zela hautagairik onena.

Kluba goitik behera ezagutzen du. Realaren harrobian hazi zen jokalari zenean, eta lehen taldearekin ere jokatu zuen. Bigarren B mailako hainbat taldetan jokatu zuen. Bost urtez egon zen, adibidez, Real Unionen. Irungo taldean hasi zen prestatzaile lanetan: 2012-2013an bigarren entrenatzailea izan zen, eta hurrengo sasoian lehen entrenatzailea.

Talde txuri-urdinean, berriz, ia pauso guztiak eman ditu. Lehenengo, gaztetxoen taldearen entrenatzailea izan zen; ondoren, Reala C zuzendu zuen bost urtez. 2022tik aurrera, berriz, Reala B-ren prestatzaile izan zen. Harrobiko taldeetan jokalari asko aldatzen dira denboraldiro. Halakoetan beharrezkoa izaten da egokitzapen aldi bat izatea. «Baina Sergioren kasuan, bere taldeen errendimendua ez da jaitsi. Reala C-rekin Espainiako Federazioaren Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatu zituen, eta denboraldi honetan Espainiako Federazioko Hirugarren Mailara jaitsi dira».

Nola jokatuko du Realak? Hori da zale askoren galdera. Llorentek bi gako aipatu ditu: «Konbinazioetan oinarrituta jokatuko du, eta, baloia ez duenean, gogor estutuko du aurkaria». Jokatzeko zenbait egitura erabili ditu harrobiko taldeetan: 1-4-3-3, 1-4-4-2 erronboan eta bost defentsako egitura. «Gai da neurketak eta aurkariak eskatzen duen horretara egokitzeko». Haren ustez, entrenamenduak Imanolek egiten zituen antzekoak izango dira: «Dinamikoak eta intentsitate handikoak izango dira, baita oso aberatsak ere».

Lehen taldean dauden jokalari batzuk ez ezik, denboraldi honetan utzita egon diren hainbat jokalari ere ondo ezagutzen ditu: Urko, Gorrotxategi, Karrikaburu, Magunazelaia, Dadie… Hala ere, Llorentek uste du jokalari horiekin eta Reala B-tik igo daitezkeen jokalariekin pazientzia izan behar dela, Lehen Mailarako jauzia handia delako: «Huts egiten dutenean, jarraipena emango diegu?».

Llorenteren ustez, denboraldiaurrean «zertarako gai diren erakusteko aukera» izango dute jokalari horiek. «Pixkanaka» joan behar dute taldean sartzen, eta pazientzia izanez gero «harrobiko jokalari asko» arituko direla uste du. Hala ere, ondorengoa azpimarratu du: ez dago lekurik guztientzat. «Ezaugarri antzekoak dituzten jokalari asko daude; adibidez, Mikel Gotiren lekuan». Beraz, klubak erabaki batzuk hartu behar ditu: «Ez da erraza denek tokia izatea. Batzuek Realean jokatuko dute etorkizunean; beste batzuk, berriz, utzita joango dira, edo beste talde batean jokatuko dute».

Pertsona gisa ere goraipatu egin du Llorentek: «Sekulako pertsona da, naturala eta hurbila». Egoera txarrei buelta emateko duen gaitasuna ere azpimarratu du. «Nahiz eta futbol profesionalaren testuingurua beste bat izan, jokalari asko lehenagotik ezagutzeak lagundu egingo dio».

«Nahiz eta futbol profesionalaren testuingurua beste bat izan, jokalari asko lehenagotik ezagutzeak lagundu egingo dio»

MIKEL LLORENTEFutbol entrenatzailea

Entrenatzaile multzoan ere aldaketak egin dituzte. Lehen aldiz geldikako jokaldiak prestatu eta aztertzeko pertsona bat egongo da: Jose Rodriguez. Iosu Rivas izango da bigarren entrenatzailea. Reala B-n ere hala zen. «Sergiok uste osoa du bere lantaldean, eta pertsona asko egongo dira jokalariei hobetzen laguntzeko».

Pazientzia eta babesa

Llorentek adierazi duenez, Sergiok ere «pazientzia eta babesa» behar ditu. «Baina futbolean ez dago pazientziarik». Halaber, nabarmendu du Imanolekin alderatzea ere ez dela onuragarria izango: «Imanolek Europarako sailkatu du Reala azken bost urteetan, eta ez du inork egin halakorik». Hala, espero du gauzak oker hasiz gero «erabaki traumatikorik» ez hartzea.

Haren ustez, prestatzailearen alde egin izanak erakusten du Realak harrobian sinesten duela.«Zentzua ematen dio Zubietan urte askotan egin den lanari», berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.