Arrauna

Onenek ez dute huts egin Kontxarako sailkatze estropadan

Ez da ezustekorik izan, eta Eusko Label ligako lehen zazpi ontziak sailkatu dira: Zierbena, Orio, Hondarribia, Urdaibai, Getaria, Isuntza eta Ondarroa. Zarautzek estropada bikaina egin du, baina itzulerako luzean ez dio eutsi aurkarien erritmoari.

Ondarroako arraunlariak Kontxarako sailkatu izana ospatzen. JON URBE / FOKU
Ondarroako arraunlariak Kontxarako sailkatu izana ospatzen. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko irailaren 2a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasoa bare zegoela jokatu dute gizonezkoek Kontxarako sailkatze estropada, eta, dena alde zutela, faboritoek ez dute huts egin. Pronostikoak bete dira, eta Eusko Label ligako lehen zazpi ontziak izan dira onenak: Zierbena, Orio, Hondarribia, Urdaibai, Getaria, Isuntza eta Ondarroa. Donostiarra ere ariko da datozen bi igandeetan, hura baita etxeko trainerua.

24 taldek jokatu dute gaur sailkatze estropada, erlojuaren aurka, eta Castro izan da irteten azkena. Hura helmugaratu denean, sailkatu diren traineruetako arraunlariek estu besarkatu dute elkar. Lehen bost ontziak estuasunik gabe sailkatu dira, baina Lekittarra eta Antiguako Ama traineruek gehiago sufritu dute. Zarautzek txapela kentzeko moduko estropada egin du, eta joaneko luzean haien pare aritu da; are, bi segundo azkarrago eman du ziaboga. Itzulerako luzean, ordea, bikain aritu dira Isuntza eta Ondarroa, eta zarauztarrek ez dute lortu aurkarien erritmoari eustea. Azkenerako, bederatzigarren egin dute, Ondarroa zazpigarren sailkatuarengandik bederatzi segundora.

Hala ere, egindakoaz harro bukatu dute. Hala esan du Axi Manterola Zarauzko arraunlariak: «Bagenekien zaila izango zela, beste borroka batean gaude eta, baina zazpi onenen artean geratzeko asmoz atera gara. Tarte batean, hortxe ikusi dugu geure burua, baina ez dugu lortu. Pena da. Hala ere, hemendik pare bat egunera estropada ikusten dugunean, ohartuko gara egundokoa egin dugula, hala egin dugu eta. Kanporaketei begira, konfiantza emango digu».

Hain zuzen, Zarautzek irailaren 19an eta 20an jokatuko ditu Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak. Gaur, aurkariak baino askoz hobeto aritu da. Aresek baino hiru segundo azkarrago bukatu ditu lanak, hau da, hamaikagarren sailkatuak baino, eta 30 segundo azkarrago Cabok baino, hamalaugarren sailkatuak baino, alegia. Halaber, Deustu baino 33 segundo azkarrago helmugaratu da —bizkaitarrak hamabosgarren izan dira—, eta Tiran baino 52 segundo azkarrago —hogeigarrenak izan dira haiek—.

Isuntza, berriz, bigarren urtez jarraian ariko da Kontxan. Iaz apurtu zuen madarikazioa, 26 urteren ondoren sailkatzea lortuta, eta aurten erakutsi du ez zela kasualitatea izan. Gustura hitz egin du Iñaki Goikoetxea Isuntzako patroiak: «Oso pozik gaude. Hasieran ez dugu geure burua ondo sumatu, baina gero hobeto aritu gara; bueltan ondo etorri gara, eta gozatu dugu. Denboraldi ederra egiten ari gara. Kontxan disfrutatu egin nahi dugu, eta gure onena eman».

Ondarroa ere Kontxan izango da, azken bi aldietan kanpoan geratu ostean. Iaz zortzigarren bukatu zuen, eta arantza kendu dute aurten. Gainetik pisua kendu duela aitortu du Xanet Gimeno patroiak: «Esaten dute Ondarroa ez dela klub aberatsa, baina inor baino aberatsagoak gara. Isuntzak ere izugarrizko harrobia du; gu baino aberatsagorik ez dago. Orain dela ehun urte Kontxako Bandera irabazi zuen Ondarroak, eta berriro ere hemen egotea garrantzitsua da guretzat».

Denborarik onena, berriz, Zierbenak egin du. Denboraldi erregularra egiten ari dira, eta ezusteko handia litzateke bizkaitarrak zazpi onenen artean ez geratzea, are handiagoa gaurko baldintzak kontuan hartuta. Baina, edozer gerta ere, beren onena eman dute. «Sailkatze estropada tentsio handikoa izaten da; ezin da huts egin. Beti izaten dira hobetzeko gauzak, baina pozik gaude egindakoarekin».

Oriok bigarren egin du gaur, baina, zalantzarik gabe, San Nikolas ontzia da Kontxako Bandera irabazteko faborito nagusia. Ezin dira alderatu sailkatze estropada eta datozen bi igandeak. Gaurkoa lasai hartu dute oriotarrek, baina hortzak erakutsiko dituzte datozen bi estropadetan. Baliteke Zierbena izatea Orioren aurkari nagusia, baina, oraintxe, gipuzkoarrak koska bat gorago daude. 

Zortzigarren, San Juan

San Juanek amaitu du inork nahi ez duen tokian: zortzigarren postuan. Joaneko luzean pattal aritu dira, eta, itzulerakoan ondo ibiliagatik, ezin izan dituzte harrapatu aurrekoak. Ondarroatik bederatzi segundora bukatu dute. Dena den, abuztuan kaskar aritu da Erreka, eta, hori kontuan izanda, estropada txukuna egin dute. «Azken estropadak zailak izan dira, eta ezustekoa ematera etorri gara. Ondo egin dugu arraun, eta egindakoarekin gustura geratu gara», aitortu du Ion Arbona San Juan taldeko arraunlariak.

Aurten ere ez da Galiziako talderik egongo Kontxan. Espero zitekeen. Chapela eta Ares izan dira onenak: Chapelak hamargarren egin du, eta Aresek hamaikagarren. 

Horiek horrela, ez da ezustekorik izan, eta trainerurik indartsuenak ariko dira datozen bi igandeetan, iaz bezala. Esan ohi da batzuentzat gaurko estropada tramite hutsa dela, baina, noski, tramitea pasatu egin behar. Eta, gaur, pasatu dute.

sailkapena

  1. Zierbena

  2. Orio

  3. Hondarribia

  4. Urdaibai

  5. Getaria

  6. Isuntza

  7. Ondarroa

  8. San Juan

  9. Zarautz

  10. Chapela

  11. Ares

  12. Santurtzi

  13. Zumaia

  14. Cabo

  15. Deustu

  16. Castro

  17. San Pedro

  18. Samertolameu

  19. Kaiku

  20. Tiran

  21. Hibaika

  22. Lapurdi

  23. Castropol

  24. Mutriku

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA