«Kontxarako sailkatze estropadan edozer gerta daiteke». Urtero entzuten den komentarioa da, eta, urtero, traineruek zirraraz eta urduritasunez heltzen diote egunari. Gaur jokatuko dute emakumezkoen Kontxarako sailkatze estropada, Donostian (18:00, EITB1), eta hemeretzi ontzi ariko dira erlojuaren aurka zazpi tokiren lehian. Arraun Lagunak zuzenean ariko da Kontxako Banderan, ligan Donostiako ontzirik onena izan delako, eta gaur jakingo du zer talde izango dituen aurkari.
Aurten, gainera, garesti dago Kontxarako sailkatzea. Euskotren, ETE eta Galiziako ligetako ontziak ariko dira, eta ikusteko dago bakoitza nola dagoen. Maila gorenean, Donostiarrak behetik gora egin du, eta Zumaia oso pattal aritu da; ETE ligan, lehia estua izan dute Hondarribiak eta Zarautzek; eta, Galizian, nagusi izan da Perillo. Ezin jakin, ordea, elkarren aurka nola ariko diren.
Hain zuzen, bigarren urtez jarraian jokatuko du sailkatze estropada Donostiarra taldeak. Orain arte, Kaiarriba klubak ziurtatua zuen tokia Kontxako Banderan, baina iaz araudia aldatu zuten, eta erabaki ligan ondoen sailkatuta dagoen Donostiako trainerua ariko dela zuzenean Kontxan. Kasu honetan, Arraun Lagunak. Irati Mercader Donostiarrako arraunlariak adierazi duenez, «konfiantzaz» daude, baina zuhur jokatu nahi dute: «Badakigu kanpoan geratzeko aukera hor dagoela. Hala ere, ez diogu horri askorik begiratu nahi. Dena emango dugu».
«Garesti dago sailkatzea. Hala ere, ez dut zalantzarik gure lana ondo egiten badugu Kontxan aritzeko aukera asko ditugula»
IRATI MERCADER Donostiarra taldeko arraunlaria
Lehiarako gogoz eta ilusioz daude: «Azken aste hauetan oso ondo ari gara entrenatzen, eta nabari da: hobetzen ari gara. Taldea ondo dago», esan du. Baina, ezinbestean, lan ona egin beharko dute uretan, lehia estua espero baita. Hala iritzi dio Mercaderrek ere: «Uste dut hamar traineru inguru ariko garela zazpi posturen lehian. San Juan, Tolosa eta Orio koxka bat gorago ikusten ditut, baina gainerakoen artean edozer pasa daiteke. Horregatik dago hain garesti sailkatzea. Hala ere, ez dut zalantzarik gure lana ondo egiten badugu Kontxan aritzeko aukera asko ditugula».
Liga azken-aurreko postuan bukatu du Donostiarrak, eta kanporaketak jokatu beharko ditu. Mercaderren arabera, gaurko estropadak balioko die gainerako ontziak nola dauden ikusteko: Hondarribia, Zarautz eta Tiran. Eta, gainera, kanporaketak prestatzeko modurik onena Kontxarako sailkatzea dela nabarmendu du.
Gaurkoan, Perillo izan daiteke gipuzkoarren aurkari zuzenetako bat. Lehen aldiz irabazi du Galiziako liga, baita Teresa Herrera trofeoa ere. Gainera, aise aritu dira: ligako estropada guztiak irabazi dituzte, azkena kenduta —ez dituzte Euskotren ligan sartzeko kanporaketak jokatuko, ez zutelako izena eman—. Taldearen asmoen berri eman du Maria Lema Perilloko arraunlariak: «Gogotsu gaude, eta gure helburua Kontxarako sailkatzea da. Ondo aritzea espero dugu. Itsu-itsuan goaz, talde gehienen aurka ez baikara aritu, baina konfiantza osoa dugu gugan. Badakigu lana ondo egin dugula, eta ea zer postutan bukatzen dugun. Zaila izango da, baina lor dezakegu». Argi esan du: «Talde indartsua osatu dugu, eta prest gaude».
«Talde gehienen aurka ez gara aritu, baina konfiantza osoa dugu gugan. Zaila izango da, baina lor dezakegu»
MARIA LEMA Perillo taldeko arraunlaria
Lemak aitortu duenez, uste baino errazago irabazi dute liga. Denboraldi hasieran bazuten txapeldun izateko ilusioa, baina nekezagoa izango zela pentsatzen zuten: «Ez genuen uste hain gainetik ibiliko ginenik». Buru-belarri aritu dira Galiziako ligan, baina begi bat jarrita izan dute Euskal Herriko ligetan ere. «Asteburuero begiratzen genuen nola zebiltzan besteak. Baina, ikusita ere, ezin da alderatu. Estropada eremu desberdinak dira, eguraldia desberdina da...». Gaur bai, gaur erloju berak neurtuko ditu denborak.
Itsasoa, bare
Urduri egongo dira gaur arraunlariak eta zaleak, baina bare itsasoa. Apenas egongo den olaturik. Baldintzak baldintza, gogor lan egin beharko dutela adierazi du Mercaderrek. «Ez daukagu lehentasun berezirik; daukagunarekin egin beharko dugu arraun. Estropada txukunak egin ditugu bi kasuetan, bai itsasoa bare egon denetan, bai mugituta egon denetan».
Lemak nahiago luke olatuak egotea, «disfrutatzeko». «Pena apur bat ematen digu», aitortu du. Haren ustez, itsasoa hain bare egoteak apur bat kalte egiten die, baina ez gehiegi: «Aurten horrela tokatu da, eta konformatu beharko dugu, ez dago besterik».
Prest daude Donostiarra eta Perillo, baita gainerako taldeak ere. Kontxako bi igandeetan trainerua Donostiako uretan egotea nahi dute guztiek.
parte hartzaileak
Tolosaldea
San Juan
Orio
Astillero
Hibaika
Donostiarra
Zumaia
Hondarribia
Zarautz
Perillo
Chapela
Tiran
Kaiku
Ondarroa
Deustu
Isuntza
Amegrove
Esteirana
Castropol