mikel reina

Ongi etorri eta agur

2024ko otsailaren 6a
05:05
Entzun

Bizitza ongietorri eta agurretan oinarritzen da askotan. Batzuk esperotakoak dira. Baina beste asko, ordea, ezustekoak dira. Aldi berean izan daitezke, baita pertsona berarekin ere. Edonola ere, ia egunero esaten ditugu, gure egunerokoan daude.

Gero arte?

Joan de astean Ricky Rubiori esan genion ongi etorri. Marc Gasoli, ordea, agur. Biak kataluniarrak dira, baina herrialdeko ikurrak hiriburutik haratago. Ricky Rubiok osasun mentala zaintzeko esan zien agur saskibaloi kantxei. 2023ko apirilaren 2an jokatu zuen azken partida Cleveland Cavaliersekin. Udan, Espainiako selekzioari ere uko egin zion azken unean. Urtarrilean, bukatutzat eman zuen bere kirol ibilbidea NBAn. Dena, bere osasun mentala zaintzeko. Orain, Bartzelonarekin ari da entrenatzen, eta ikusteko dago zerbait gehiago egiteko moduan izango den.

Urteen poderioz galtzen ez duena ume aurpegia da. Hain gazte debuta egin ostean —14 urterekin—, Benjamin Buttonen kasu bakanetariko horietako bat da. Gaztetasun eta freskotasun hori, gainera, kantxara eramateko gai izan da, beti izan baita lotsagabe baloia eskuetan zuenean. Saskibaloiarekin pizten zitzaion irribarrea, baita bertatik bertara edo telebistaz ikusten genuenei ere. Horregatik, agian, gogorrago jo du bere albisteak zaleen artean. Egiten duena egiten duela, terapia gisa ez dago jaurtiketa batzuk egitea baino ekintza lasaigarriagorik.

Ikusiko dugu elkar

Marc Gasolek ere orain beste modu batera jaurtiko du saskira. Bulegoetatik akaso. 2021ean etxera itzuli zenetik helburu argia zeukan: Girona ACB ligara itzul zedin. Bulegoetan eta kantxan arituta lortu zuen. Orain, berriz, taldea ez da bere une onena pasatzen ari: zazpi partida galdu zituen jarraian, eta entrenatzailea aldatu zuen. Bere etorkizunaren inguruko bideo bat kaleratu zuen Marc Gasolek lehenbizi. Bi aukera zeuden: ongietorria edo agurra. Bigarrena izan da. Gutxi batzuk dira jokatu barik denbora luzez egon eta gero itzultzen direnak.

Bere ibilbideko unerik berezienetakoen inguruan galdetu diotenean, Gironarekin helburua lortu izana aipatu du: hau da, Girona ACB ligan ikustea. Modu berean aztertu zuen bere agurra, eta esan zuen, kantxetatik aldentzeagatik triste egon baino gehiago, saskibaloiak eman dionagatik pozik dagoela. Gainera, oraindik egiteko asko du bulegoetan. Azken batean, saskibaloiari eta bere taldeari estu lotuta jarraituko du, baina ikuspuntu desberdin batetik.

Agur, agur, betirako

Badaude ongi etorri edo agur esatea merezi ez dutenak ere. Gutxi izan ohi dira, hori bai. Maccabiri, adibidez, argi geratu zitzaion zein izan zen Buesa Arenako zaleen erantzuna. Eta Wade Baldwini, oraindik eta argiago, partidaren amaieran izan zuen jarreragatik. Ez dio onik egiten. Baskoniako zaleek erantzun irmoa eman zioten israeldarrei. Ez da lehen aldia, urtero errepikatzen den jarrera da. Ez da bakarrik egungo egoeragatik; aspaldikoa da, beti eta betirako. Palestinaren aldeko mezuak etengabeak izan ziren, hitzez eta ekintzez. Egunerokotasuneko garaipen txiki baina handi horietako bat izan zen. Beste bat.

Gainera, kantxan ere irabazita, mezuak indar bikoitza lortzen du. Hirukoitza, agian. Garaipena harmailetan, garaipena kantxan, eta garaipena sailkapenean. Dusko Ivanovicen taldeak Maccabirekiko zuen puntu aldea irauli baitzuen. Lehen helburua irabaztea zen. Bigarrena, berriz, puntu aldea iraultzea. Eta biak lortu zituen.

Meritu handia du, ez zirudielako egunik aproposena horretarako: Montenegroko entrenatzaileak lehen taldeko bederatzi jokalari bakarrik izan zituen jokatzeko moduan. Eta horietako bik bost minutu baino gutxiago jokatu zuten. Gero, normala denez, aste barruan Euroligan bitan jokatu izana ordaindu zuen taldeak asteburuan, ACB ligan; oraingoan, Tenerifen (Espainia) galdu zuen. Ezinezkoa da egutegi horri eustea hain jokalari gutxirekin.

Bihar amaituko da Euroligan jokalariak izena emateko epea. Baskoniak bere antolatzailea lortu du, baina, agian, beste zerbait beharko du egutegiaren gogortasuna ikusita; batez ere, epe laburrera, gal ezin daitezkeen partida asko jokatuko baititu, eta Espainiako Kopako etenaldia izango du tartean. Ricky Rubiok, eta ez Bartzelonak, ere erabaki beharko du jokatzeko prest dagoen edo ez. Ostera ere ongietorria jasoko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.