Aspeko pilotaria

Arkaitz Gabirondo: «Oparia da feria hau jokatzea, eta aukera baliatu nahi dut»

Azken sei hilabeteetan eskuetako arazorik izan ez, eta nabarmen egin du gora Gabirondok. Aurkari gogorrak izango dituzte gaur Ezkurdiak eta biek, sanferminetako ferian: Elordi eta Rezusta.

Arkaitz Gabirondo pilotaria, Villabonako fronotian. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2026ko uztailaren 7a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sanferminetako binakako pilota txapelketa gaur abiatuko da, Iruñeko Labriten, eta bi kanporaketa jokatuko dira, bata bestearen jarraian, 22:15etik aurrera. Lehenengoan, Artola-Imaz eta Larrazabal-Albisu bikoteak lehiatuko dira; eta, bigarrenean, Ezkurdia-Gabirondo eta Elordi-Rezusta. Bada, berritasun nagusia izango da Arkaitz Gabirondo (Gaztelu, Gipuzkoa, 2004). Bi urte pasatu dira profesionaletarako jauzia egin zuenetik, eta estreinako aldia izango du lehen mailako txapelketa batean. Ilusioz gainezka da, baina hankak lurrean ditu.

Joan den astean izan zen feriaren aurkezpena, eta han izan zinen. Ezusteko handia hartu al zenuen zure izena onenen artean ikusita?

Bai, ezusteko galanta izan zen. Pare bat egun lehenago deitu zidaten aurkezpenera joateko, baina ez nekien zein mailatan jokatuko nuen. Batzuek esaten zidaten ni neu izan nintekeela Aspek hautatutako laugarren atzelaria lehen mailan jarduteko, baina ez nien kasurik egiten. Nire izena pantailan ikusi nuen Ezkurdiarekin bikotea osatuz, eta sekulako poza hartu nuen. Poza, eta lasaitasuna ere bai. Sentitu nuen txikitako ametsa egia bihurtuko zitzaidala.

Ezkurdiarekin hitz egin al zenuen?

Oso gutxi. Pilotari asko geunden, eta ez genuen tarterik izan elkarrizketa mamitsurik izateko. Dena den, sekretu gutxi dago Ezkurdiaren eta bion artean. Zortzi aldiz jokatu dut harekin profesionaletan, eta elkar ongi hartzen dugu. Sekulako pertsona eta pilotaria da, oso umila. Hutsegite bakoitzeko barkamena eskatzen du, eta beti dago laguntzeko prest. Batere presiorik gabe jokatzen dut harekin, eta hori garrantzitsua da. Gainera, uste dut lagunduko digula bera nafarra izateak, jende asko gure alde egongo baita.

Duela aste eta erdi jokatu zenuten azkenekoz elkarrekin, eta 22-12 galdu zenuten Unai Lasoren eta Unax Landaren aurka.

Esango nuke partida duina jokatu nuela, baina, halere, oso urrun geratu zitzaigula garaipena. Hori ez dakit oso seinale ona ote den... Ikusi nuen zer den onenen artean egotea. Lasok sekulako erritmoan ibili zuen pilota, beste bizitasun batekin aritu zen gure aldean, eta orduko ikasgaiak mesede egingo dit sanferminetako feria jokatzeko. Halako aurrekari bat izatea ona da, nire ustez, orain datorkidanari aurre egiteko, benetako probari.

Feria hau jokatzea zer da zuretzat: oparia ala azterketa?

Lehenik eta behin, oparia. Oso pilotazalea izan naiz txikitatik, eta beti  telebistan ikusi izan ditut eredu gisa dauzkadanak: Abel Barriola, batez ere. Orain ni onenen artean egotea sekulakoa da. Benetan esaten dut: ez nuen inoiz imajinatuko halakorik lortuko nuenik. Etxean, kirolariak izan ditut gurasoak: aita segalaria eta ama txirrindularia. Haiek badakite zein zaila den kirolean gora iristea, eta nik ere balio handia ematen diot horri. Baina, tira, behin hor egonda, egia da proba moduko bat izango dela niretzat feria honetan parte hartzea. Lehen partida irabaztea oso zaila izango da, baina ahalik eta itxura onena ematen saiatuko naiz.

Elordi eta Rezusta izango dituzue aurrean. Nolako partida espero daiteke?

Oso partida zaila daukagu, baina lehen mailan ez dago ezer errazik. Lehenbiziko aldiz ariko naiz Rezustaren aurka, eta horrek ilusioa pizten dit. Arlo fisikoa elkarrekin lantzen dugu, Tolosan, eta laguntasun handia daukagu, baina kantxan ez naiz inoiz jardun haren kontra. Entrenamendu askorik ere ez dugu egin batera. Rezusta atzelari onenetakoa da, gazteontzako eredua, eta kantxan egote hutsa izugarria izango da. Bikote indartsua osatzen dute haiek, eta ea gai naizen eusteko.

Bigarren Mailako binakakoan txapeldun izan zineten Ander Murua eta biok. Azken urtebetean dezente egin duzu gora, ezta?

Uste dut baietz. Debuta egin ondorengo lehen txapelketa Dariorekin jokatu nuen, eta sumatu nuen eskarmentua falta zitzaidala. Eskuetako arazoak izan nituen, eta sufritzea tokatu zitzaidan. Aurten gozatu egin dut Muruarekin. Aldaketa batzuk egin nituen eskuak babesteko materialean, eta bete-betean asmatu dut. Urtarrilaz geroztik ez dut batere minik izan eskuetan, eta horrek modua eman dit jarraitutasunez aritzeko. Behetik gora egin dut horri esker, eta konfiantzaz nago azken bolada luzean. Kantxan gozatzen ari naiz.

«Urtarrilaz geroztik ez dut batere minik izan eskuetan, eta horrek modua eman dit jarraitutasunez aritzeko. Behetik gora egin dut horri esker, eta konfiantzaz nago»

Hobetzeko tarte handia daukazu, halere.

Hori seinale ona da. Irudipena dut lehen mailari neurria hartzen ari naizela. Gorputzez ere lehen baino sendoagoa naiz orain, eta buruz indartsuagoa. Badakit noiz jo eta noiz eutsi. Batez ere, aireko jokoa daukat hobetu beharra. Gaur egungo atzelariek pilotakada asko jo behar izaten dituzte sotamanoz eta boleaz, eta batez ere boleaz ikasi beharra daukat. Entrenamendu guztien ondoren beste hamar-hamabost minutuz aritzen naiz ariketa horiek egiten.

Badirudi Aspen beste atzelari baten, hau da, laugarrenaren beharra izango dela binakako txapelketa nagusirako. Horretan batere pentsatzen al duzu?

Ahalik eta gutxien, egia esan. Badakit goi mailako kirola oso krudela izaten dela, eta marra fina dagoela onaren eta txarraren artean. Baliteke gaur goian egitea, eta bihar, behean. Horregatik, oraingoz, gozatu nahi dut. Saiatuko naiz sanferminetan ahalik eta partida onena jokatzen, eta gero gerokoak. Ematen dizkidaten aukerak baliatzea da nire helburua.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA