Hondarribia arraun taldeko entrenatzailea

Mikel Orbañanos: «Oraingoz badut indarra aurrera jarraitzeko»

25 urte eman ditu Mikel Orbañanosek Hondarribiko entrenatzaile gisa. Egindako lana eskertzeko, gaur omenaldia egingo diote herrian. «Azkar pasatu dira urteak, ondo joan diren seinale».

Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzailea. GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko azaroaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973) zainetan darama arrauna, eta horixe du ogibide. 26 urte zituenean, Orioko arraunlaria zela, entrenatzaile izateko pausua eman zuen: ikasteko grina barruan zeraman. Ondarroara joan zen bi urtez, eta ondoren Ama Guadalupekoa trainerua zuzentzeko ardura hartu zuen, gaur arte. «Garaipenetatik harago, aurkaria errespetuz tratatzen eta itxura ona ematen saiatu naiz».

25 urte asko dira. Zer-nola baloratzen dituzu?

Azkar joan dira, ondo pasatu ditudan seinale. Entrenatzaile batek beti ditu buruhausteak, eta lan asko egin behar du; baina uste dut ondo eraman ditudala. Entrenatzaile batentzat oso garrantzitsua da bere aldamenean dagoen jendea konprometitua eta ona izatea, konfiantzazko jendea izatea, alegia. Oso zuzendaritza on batekin egin dut topo, eta lan egiten utzi didate. Horrekin batera, entrenatzaile batek urtero indarra eta ilusioa izan behar ditu, eta horiek ere mantendu ditut. Emaitzek ere lagundu didate. Baina pertsonarik garrantzitsuenak aldamenean ditudanak dira: familia, nire emazte Ainhoa eta bidean gelditu zitzaidan anaia Txomin. Haiek gabe ezingo nuen honaino iritsi. Azkenik, ondoan izan ditudan arraunlari eta laguntzaile guztiak ere ezinbestekoak izan dira. Zuzendaritzako Joxemi Elduaien, Joseba Amunarriz patroia, Gonzalo Carrion, Iñigo Bertiz eta Asier Puertas arraunlariak.... Horiez gain, pasatu diren guztiekin eskertuta nago.

Atzera begira, arraunlaria zinenean argi zenuen entrenatzaile izan nahi zenuela?

Gazte eman nuen pausoa, 26 urterekin. Orion arraunlari gisa goia jo nuela iruditu zitzaidan, eta beti izan nuen ikasteko grina, etorkizunean entrenatzaile izan beharko banu ere. Jose Luis Korta eta Tito Mancilla izan nituen entrenatzaile senior mailan Orion, eta ondoren, Ondarroara joateko aukera iritsi zitzaidanean, baiezkoa ematea erabaki nuen. Bi urte egin nituen bertan, eta gero Hondarribira etorri nintzen.

Kortaren eta Mancillaren eskolatik zatoz, beraz. Esango zenuke arraunketa luzea eraman zenuela Hondarribira?

Arraunaren oinarrizko gauza asko haiengandik ikasi nituen, baita haien egiteko modua ere. Baina zerbait beste modu batera egin behar zela iruditu bazait, beste modu batera egin dut.

«Aldamenean jende konprometitua izatea ezinbestekoa da, baita urtero indarra eta ilusioa izatea ere»

Hiru liga eta bost Kontxako Bandera irabazi dituzu Hondarribiarekin. Bizi izan dituzun momenturik onenak emaitzekin lotuta egon dira?

Argi dago kirolean emaitzak garrantzitsuak direla, are gehiago entrenatzaile batentzat. Baina uste dut emaitzetatik harago Hondarribiaren izenean itxura ona ematen saiatu naizela, aurkaria errespetuz tratatzen, eta taldeari ahalik eta etekinik onena ateratzen, gauzak beti ondo eginez. Kirol emaitzak aparte utzita, beti saiatu naiz arraunlariek mailarik onena eman zezaten.

Geratu al zaizu momenturik memorian iltzatuta?

Momentu asko dira, eta ezin bakar bat aukeratu. Garaipen on eta handiak lortzeak sortu didan poza gogoratuko dut. Adibidez, 2005eko Kontxako estropadan, balizetan ia minutu baten aldea atera ziguten Oriok eta Pedreñak, eta bueltako luze on bat eginda bandera irabaztea lortu genuen. Sekulakoa izan zen. Garaipenak lortzean eta hainbeste jende pozik ikustean konturatu naiz meritu handia duela egindakoak. Arraunlariekin, gauza bera. Saiatu naizenean gauzak ondo egiten eta ondo atera direnean, oso eskertuta sentitu naiz.

«Ez da bakarrik irabaztea, edo kirol errendimendua. Trainerua Hondarribiko arraunlariz beteta dago, eta herria oso identifikatuta taldearekin. Horrekin oso pozik gaude»

Momentu txarrak ere biziko zenituen. Zein dituzu gogoan?

Estropadaren batean gatazkaren bat izan dugunean uretan, gaizki pasatu dut, eta liskarrak egon direnean taldeen artean. Adibidez, bi ontzik palak jo ditugunean edo traineruren bat kalez kanpo joan izan denean, eta nik oso garbi ikusi dudanean baina beste batzuek ez. Halakoetan pentsatu izan dut hanka sartze hori guk egin izan bagenu errazago onartuko genuela. Kontrara, aurkariak egin izan balu, ez lukeela hain erraz onartuko.

2010etik 2024ra Hondarribiak beti lortu du banderaren bat ligan. Azken bi urteetan, ordea, ez. Ziklo aldaketa baten seinale da?

Taldean sekulako lana egin ondoren, orain bi urte oso arraunlari on batzuek trainerua utzi zuten. Dezente luzatu genuen arraunlari horien jarduna. Egia da ez zirela hain beteranoak, baina asko irabazitako arraunlariak ziren, eta azkenean uztea erabaki zuten. Oso eskertuta gaude egin zuten lanarekin. Hor ikusi genuen ziklo aldaketa bat zetorrela. Horretan gaude, baina orain nahiko normaltzat har dezakegu Hondarribia ohorezko txanda batean ikustea. Bide horretan goaz, eta ilusioarekin hartu genuen hasieratik. Aurrez izan ditugun garaipen horiek guztiek pazientzia eman behar digute, orain egiten ari garen lana ona dela jakiteko eta arinegi ez ibiltzeko. Hondarribiak irabazi beharrekoak irabazi ditu, eta uste dut lasai egon gaitezkeela gauden tokian. Ez da bakarrik irabaztea, edo kirol errendimendua. Trainerua Hondarribiko arraunlariz beteta dago, eta herria oso identifikatuta taldearekin. Horrekin oso pozik gaude.

Azken urteetan, geroz eta zailagoa da Bermeori, Oriori eta antzeko taldeei irabaztea?

Garaipena lortzea ez da erraza. Edozein kiroletan gertatzen da hori. Alde horretatik, azken bi urteetan Oriori irabaztea oso zaila izan da. Guk izan dugun ziklo aldaketaren ondorioz, eta gainera halako aurkari gogor baten kontra, oso zaila da. Hala ere, bigarren geratzea lortu dugu lehia batzuetan. Argi dugu zein den gure bidea: ilusioari eutsi eta ea zerbait gehiago hobetzen dugun, eta gertu dugun garaipena. Baina ez dugu burua galduko garaipenaren bila.

Urte hauetan guztietan zenbat aldatu da arrauna?

Gizartea aldatu den bezala, arraunak egokitu behar izan du. Orain dela urte batzuk baino zertxobait gutxiago entrenatzen da, gehienbat arraunlaria ezin delako horrenbeste sakrifikatu, ikusita gizartean gauza askoz gehiago daudela lehen baino. Arraunak kirol profesional baten adinako exijentzia du, baina gero arraunlaria ez da arraunetik bizi. Orduan, oreka bat bilatu behar da. Gizartea aldatu egin da: lehen gauza gutxiago genituen eta buru-belarri geunden arraunean, baina orain gazte jendeak gauza gehiago ditu arraunaz gain. Jakin behar da oreka gordetzen: entrenamendu gutxiago egin eta jai egun gehiago eman; horrela, gertukoekin disfrutatzeko aukera gehiago dituzte arraunlariek.

Pribilegiatua sentitzen zara hainbeste urtez gorenean eta klub berean entrenatzeagatik?

Dudarik gabe, eskertuta nago, baina iruditzen zait asko egin dudala. Ordu asko sartu ditut; elkartean eta hortik kanpo, entrenatzaile batek denbora asko eskaintzen dio taldeari. Saiatu naiz gauzak txukun egiten. Jende ona topatu dut inguruan, eta entrenatzaile gisa urte hauek guztiak oso eramangarriak izan dira. Nire ogibidea arraun mundutik bideratu dut entrenatzaile bezala, baina gero elkartean ere lan asko egiten ditut. Mantentze lanak gustatzen zaizkit, gauzak behar den bezala egotea, eta alde horretatik elkartean ordu asko pasatu ditut.

Zerk ematen dizu indarra jarraitzeko?

Menperatzen dudan zerbait da, nire ogibidea delako eta gozatzen dudalako. Oraingoz badut indarra aurrera jarraitzeko. Badakit oso zaila dela entrenatzaile batek 25 urte egitea klub batean. Beti daude gorabeherak, batez ere emaitzak alde ez daudenean, eta taldea kudeatu beharra ere bai, pertsonak kudeatu beharra, finean. Baina jakin dut ondo eramaten, eta laguntza ere izan dut. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA