Ordizia garai erabakigarrian suspertu da

Azken hiru partidak irabazi ostean, seigarren postuan dago sailkapenean, eta eskura du titulua irabazteko fasea jokatzea. Taldeak defentsan egin duen lana eta izan duen erregulartasuna nabarmendu ditu Erlantz Garmendia jokalariak.

Ordiziako jokalariak, bilduta, denboraldi honetako partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ordiziako jokalariak, bilduta, denboraldi honetako partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko otsailaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilaren 11n  Alcobendasen zelaian 48-16 galdu ostean, Ordiziako errugbi taldean alarma guztiak piztu ziren: ligan azken postuan zeuden, eta lau jardunaldi baino ez ziren falta lehen fasea amaitzeko. «Oso bolada txarrean ginen. Oso ondo ari ginen entrenatzen, baina izugarri kostatzen zitzaigun hori partidetan erakustea». Hala azaldu du Erlantz Garmendia jokalariak (Ordizia, Gipuzkoa, 2001) taldearen orduko egoera. Baina ordutik suspertu egin da taldea, eta egoerari buelta ematea lortu du. Sevillaren, Santboianaren eta Quesos Entrepinaresen aurka lortutako garaipenei esker, Suso Romerok zuzentzen duen taldea seigarren postuan dago orain. 

Hala, lehen fasea amaitzeko jardunaldi bat baino ez da falta, eta eskura daukate ligako txapeldun izateko fasea jokatzea; txapeldunen ligaxka, alegia. «Alcobendasen aurkako porrotaren ostean, entrenamenduetako lan ona partidetan erakusten hasi gara. Dinamika onean gaude, eta horrela dena errazagoa da», berretsi du Garmendiak. Denboraldiko garai erabakigarrietako batean suspertu dira. 

Gipuzkoarrentzat zinez berezia izan zen joan den asteburuan Quesos Entrepinaresen aurka Altamiran lortu zuten garaipena (26-19). Batetik, Quesos Entrepinares lehen postuan zegoen; eta, bestetik, hainbat minutuz bi jokalari gutxiagoarekin jokatu arren, gailentzea lortu zutelako. «Oso maila onean aritu ginen, eta haiei asko kostatu zitzaien puntuak lortzea». Garmendiaren arabera, «gogoak eta indarrak» lagundu zien garaipena eskuratzen.    

Hark kontatu duenez, azken urteetako ligarik «parekatuena eta gogorrena» ari da izaten, eta emaitzetan bolada ona izateak aukera ematen du sailkapenean «jauzi handiak» egiteko. «Gainera, denboraldi hasieran izan ez genuen erregulartasuna lortu dugu. Ahulguneren bat edo beste izan dugu, baina 80 minutuetan konstanteak izaten ari gara, eta hori oso garrantzitsua da».

Hil ala biziko neurketa

Ordiziak sentipen on horiek dituela helduko dio lehen faseko azken partidari. Madrilen jokatuko du neurketa hori, larunbatean, Cisnerosen kontra. Partida erabakigarria izango da bi taldeentzat. Izan ere, ligako lehen fasea amaitzean, bi multzotan banatuko dira taldeak. Lehen sei sailkatuak ligako txapeldun izateko lehiatuko dira bigarren fasean, eta, azken bost sailkatuak, kategoria ez galtzeko. Ordizia seigarren postuan dago orain, eta hemezortzi puntu ditu. Beraz, titulua eskuratzeko borrokatuko litzateke. Baina beste hainbeste puntu dituzte Sevillak eta etziko aurkariak, Cisnerosek. Sevillak partida zaila du, lehen sailkatuaren aurka jokatuko baitu: Burgosen kontra. Beraz, ezusterik ezean, Ordiziaren partidan erabakiko da seigarren toki hori nork eskuratuko duen. 

Garmendiaren arabera, erabakigarria izango da defentsan azken hiru partidetan aritu diren bezain ondo jardutea. «Hala arituz gero, Cisnerosi asko kostatuko zaio puntuak lortzea. Baina, aldi berean, guk erasoan asmatu beharra dugu. Hortxe egongo da garaipena lortzeko gakoa». Horretarako kontaktuetan aurkaria baino hobeto aritu behar dutela nabarmendu du. «Horrela hutsune gehiago izango ditugu, eta nahi dugun moduan jokatu ahal izango dugu».

«Kontaktuetan Cisneros baino hobeto aritu behar dugu. Horrela hutsune gehiago izango ditugu, eta nahi dugun moduan jokatu ahal izango dugu»

ERLANTZ GARMENDIA Ordiziako jokalaria

Oraingoan, ordea, Altamiratik urrun jokatuko dute. «Etxetik kanpo jokatzen dugun bakoitzean sumatzen dugu gure zaleen falta». Denboraldi osoa zeramaten etxetik kanpo irabazi gabe. Baina Santboiana mendean hartu ostean, arantza hori kendu ahal izan zuten: «Ziur nago oraingoan ere hala izango dela».

Etorkizunean, eta larunbatean gertatzen dena alde batera utzita, Garmendiak «abiapuntu gisa» oroitu nahi du aurtengo denboraldia. «Sailkapenean behera egin dugu azken urteetan. Baina jokalari berri asko etorri dira, entrenatzailea ere aldatu dugu, eta jokatzeko daukagun modua ere bestelakoa da. Beraz, lanean jarraitzen badugu, aurrerantzean oso emaitza onak lortzeko aukera izango dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.