Errugbia

Ordiziak goiko postuetan egon nahi du

Taldeak igandean ekingo dio denboraldiari, Altamiran, La Vilaren aurka. Klubak aldaketa garrantzitsua izan du: Suso Romerok Federico Gallo ordezkatu du entrenatzaile postuan. «Ilusioz» dago.

Ordiziako errugbi taldea, entrenamendu baten aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ordiziako errugbi taldeko jokalari eta entrenatzaileak, Altamiran entrenamendu bat hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko irailaren 26a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasiera duen orok du amaiera, eta Ordizian joan den denboraldian bukatu zen Federico Gallo Argentinako entrenatzailearen ibilbidea. Gallok badu ordezkoa, Suso Romero, eta haren eskutik denboraldia bestelakoa izatea espero dute ordiziarrek. Hau da helburua: goiko postuetan egoteko lehian aritzea. Bide horretan, igandean jokatuko dute lehen neurketa, etxean, Altamiran, 16:00etan, Alacanteko (Herrialde Katalanak) La Vilaren aurka. 

Hiru denboraldi egin zituen Gallok Gipuzkoako taldea zuzentzen, baina klubak bere aroa amaitu zela argudiatuta, hark ez jarraitzea erabaki zuen. Denboraldi osoan jokalari asko egon ziren min hartuta, eta taldea ezin izan zen sartu garaikurra lortzeko borrokatzeko aukera ematen duten sei postu horietan. Izan ere, liga hamargarren postuan amaitu zuen, guztira hamabost puntu eskuratuta. Ondorioz, jaitsiera saihesteko ligaxka jokatu behar izan zuen, sailkapenaren behealdean geratu ziren beste taldeekin, eta bertan hirugarren postua lortu zuen, 33 puntu eskuratuta.

Haren ordez iritsi da Romero. Esperientzia du, eta Ordiziara iritsi aurretik Espainiako 18 urtez azpiko selekzioan lanean ari zen. Jokalari moduan, Sevilla jaioterriko (Espainia) Ciencias taldean aritu zen, eta entrenatzaile gisa hango Cocos Corteva taldean hasi zen. 2023-2024ko denboraldian, berriz, Cienciasen entrenatzaile izendatu zuten, baina 2024ko urrian taldea utzi zuen, arazo ekonomikoak tarteko; besteak beste, lau jokalari kanporatzearen aurka jarri zen, eta dimititu egin zuen.

Hala ere, Romerok egoera hartan Ciencias taldeak erakutsitako batasuna azpimarratu du: «Egoera zailetan, bi aukera daude: atsekabetzea edo batzea. Guk bigarren hori lortu genuen, eta oso pozik nago, lagun asko egin nituen eta». Entrenatzaileek askotan eskaintza bat baino gehiago izaten dute, edo euren ibilbidearen faseetan erronka ezberdinak. Romerok Ordizia zergatik hautatu zuen azaldu du: «Taldeek nortasuna izatea balioesten duen entrenatzaile bat naiz, eta Ordizia horietako bat da. Horrez gain, Euskal Herria gustuko dut». 

Ordiziak La Vilaren aurka jokatuko du lehen partida. Joan den denboraldian, Gipuzkoako taldearen aurretik izan ziren ligako lehen fasean, baina bigarren fasean Ordiziak aurrea hartu zion sailkapenean. «Denboraldiaurreko norgehiagoketan bezala, akats gutxien egiten duen taldeak aterako du partida aurrera. Guk bezala, La Vilak ere aldaketa ugari izan ditu taldean. Hala ere, guk gureari begiratu behar diogu, eta, horrela bada, ziur garaipenaren bueltan ibiliko garela», azaldu du Romerok. Lesioz betetako denboraldia izan zuen aurrekoa Ordiziak, baina hasiera honetarako baikor dago Romero: «Oraindik ez dakigu zenbait jokalarik jokatuko duten edo ez, baina gehienak prest daude lehen norgehiagokarako». 

Jokalariak iritsi eta joan

Guztira zortzi jokalari fitxatu ditu Ordiziak denboraldi honetarako: Federico Ehgartner, Fernando Lopez, Ekaitz Aia, Joeli Niubalavu, Alejandro de la Rosa, Lenny Valleye, Damian Huber eta Xabier Martin Mujika. Aldiz, zazpi jokalarik utzi dute taldea: Alvaro Vilchezek, Lander Gomezek, Bernie Taulealok, Griff Evansek, Mateo Arrutik, Tomas Paisek eta Jesse Lowek.

Ordizia, beraz, etxekoekin eta kanpotik etorritako jokalariekin egindako taldea da. Romerok azaldu duenez, lortu dute bat egitea. «Oso pozik nago taldean lortu dugun orekarekin. Elkarren arteko erlazioetan, ez dago ezberdintasunik, elkarri txantxak berdin egiten dizkiogu, eta guztiok batera esertzen gara mahaiaren bueltan». Horrez gain, harrobiko jokalariek taldearekiko duten sentimendua azpimarratu du: «Jokalari gazte batzuk ikasketetan murgilduta daude oraindik, eta eskertzekoa da taldearekin duten konpromisoa».

«Oso pozik nago taldean lortu dugun orekarekin. Elkarren arteko harremanetan ez dago ezberdintasunik, eta guztiok batera esertzen gara mahaiaren bueltan»

Suso RomeroOrdiziako entrenatzailea

Sevilla bezalako hiri handi batetik Ordiziara iritsi da Romero, eta pozik dago egin dioten harrerarekin: «Hasieratik guztiek erraztasunak eman dizkidate. Jendea oso hurbilekoa da, eta sentimendua transmititzen dio taldeari. Herri txiki bat da, eta oso gustuko dut bertako giroa». Hizkuntzarekin ere ari da, eta horren erakusle da elkarrizketako harrera eta agurra euskaraz egin dituela. Taldean oreka lortu dutela aipatu du, eta horrekin batera denboraldirako helburua zein den argi dute: «Bigarren itzulian goian dabiltzan taldeekin lehiatu nahi dugu». Mezu bat helarazi die Ordiziaren zaleei: «Zaleei, beti egin ohi duten moduan babesa ematera etortzeko eskatu nahi diet».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.