Garai erabakigarrian dago erremontearen etorkizuna. Oriamendi 2010 enpresak azaroan jakinarazi zuen 2027an utzi egingo diola erremonte profesionala kudeatzeari, zeregin horretan hamazazpi urtez aritu eta gero.
Gaur egun, 22 erremontista ari dira jokatzen Oriamendi 2010 enpresan, eta horien ordezkaritza zabal batek agerraldia egin du gaur arratsaldean, Urnietako (Gipuzkoa) Setien sagardotegian, erremonte profesionalaren etorkizunari buruzko «mezu argi eta eraikitzailea helarazteko».
Esanahi handiko ekintza horrek esanahi handiko irudikapena behar zuen. Eta halakoxea izan da gaurko irudia, esanahi handikoa eta indartsua: aurrean, Xabi Azpiroz, Iban Larrañaga eta Imanol Ansa erremontistak aritu dira, bozeramaile; haien atzean, berriz, prentsaurrekora bertaratu diren beste erremontista guztiak jarri dira, kideak esaten ari zirenari babesa eta indarra emanez.
Azpirozek, Ansak eta Larrañagak txandaka irakurri dute agiri bat, euskaraz. Azaldu dutenez, jakina da Oriamendi 2010 enpresak utzi egingo diola erremonte profesionala kudeatzeari 2027tik aurrera, eta, zehaztu dutenez, erremontisten kontratuak 2026an amaituko dira; «gaur-gaurkoz», ez dago zehaztuta Gipuzkoan erremonte profesionalari «jarraipena» emango dion egitura.
Kontatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu dira azken asteetan, eta bilera horietan ordezkari horiek adierazi diete erremontea ekonomikoki laguntzen jarraitzeko «prest» daudela, «egungo laguntzak mantenduta, eta, beharrezkoa bada, haiek indartuta». Era berean, esan diete «euren eskumenen barruan aholkularitza emateko prest» daudela.
«Erremontistok jarraitzeko borondatea dugu, eta prest gaude inplikatzeko eta kirol honen etorkizunaren alde lan egiteko»
XABI AZPIROZOriamendiko erremontista
Hala ere, erremontistek azpimarratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilera horietan argi utzi diete «ekimen pribatu edo enpresa proiektu baten eskutik» sortu behar dela egitura berria. Horregatik erabaki dute agerraldia egitea: «Aukera mezu bat zabaltzeko».
Etapa berri bat
Erremontisten arabera, erremontea «bertako kirola da, euskaldunona, geurea, eta nortasun propioa eta babes instituzionala du». Azaldu dutenez, une hau «baliagarria» izan daiteke «etapa berri bat irekitzeko, egungo eredua berrikusteko, erremonte jarduera Galarretatik harago zabaltzeko, oinarri lana indartzeko eta erremonte profesionalaren bateratzea sustatzeko».
Erremontistek «jarraitzeko borondatea» adierazi dute, eta argi utzi «inplikatzeko eta kirol honen etorkizunaren alde lan egiteko prest» daudela. Baina, nabarmendu dutenez, hori posible izan dadin, «beharrezkoa» da 2027tik aurrera «kudeaketa profesionala bere gain hartuko duen egitura edo lidergo bat agertzea». Argi utzi nahi izan dute «etapa berri hau» gidatzeko interesa duen enpresak edo proiektuak «pilotarien konpromisoa, aholkularitza, profesionaltasuna eta elkarlanerako prestasuna» izango dituela. «Gaur ez dugu inor seinalatzen. Gaur bat egitera gatoz. Gaur ate berri bat irekitzeko nahia eta gure babesa eskaintzera gatoz», azpimarratu dute.
«Erremonteak historia du. Nortasuna du. Eta guk sinesten dugu etorkizuna ere baduela. Gora erremontea!». Hori esanez bukatu dute agerraldia.