Arrauna

«Orio berri bat da»

Sasoi gogorra izan zuen iaz Orioko emakumezkoen traineruak; zuzendaritzak gutxietsi egin zituela salatu zuten. Ondorioz, askok utzi dute taldea. Jarraitzen dutenetako bi dira Maider Etxaniz eta Nagore Urdapilleta. Ondo ari direla lanean adierazi dute.

Maider Etxaniz Orioko patroia eta Nagore Urdapilleta arraunlaria, Orioko arraun elkartean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maider Etxaniz Orioko patroia eta Nagore Urdapilleta arraunlaria, Orioko arraun elkartean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Orio
2026ko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arraunlariak buru-belarri dabiltza denboraldia prestatzen, jo eta su. Asmo bera dute denek: uda sasoira ahalik ondoen heltzea. Eta, horretarako, gogor egin behar dute lan. Are gehiago proiektu berri bat bada. Iazko denboraldia «zaila eta gogorra» izan zen Orioko emakumezkoen traineruarentzat. Denboraldia amaitutakoan, ohar bat kaleratu zuten arraunlariek, eta salatu zuzendaritzak gutxietsi eta mespretxatu egin zituela —hogei arraunlarietatik hamaseik sinatu zuten adierazpena—. Bizitakoaren ondorioz, taldea utzi zuten askok, baina ez denek. Segitzen dutenen artean daude Maider Etxaniz patroia (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000) eta Nagore Urdapilleta arraunlaria (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa, 2000). Orain gustura ari diren arren, azaldu dutenez, kostatu egin zitzaien jarraitzeko erabakia hartzea.

«Mentalki ez nengoen ondo, eta barne lanketa handia egin behar nuen beste denboraldi batek dakarren guztia gestionatzeko. Talde berria zen; dena zen berria... Baina, aldi berean, horrexek lagundu zidan baiezkoa ematen: beste abiapuntu bat izango genuela», adierazi du Urdapilletak. Kezkatuta zegoen Etxaniz ere: «Banekien zaila izango zela, hutsetik hasi behar genuela, baina, neure buruari galdetzen nionean ea benetan utzi nahi nuen, ezezkoa zen erantzuna. Sentitzen nuen ez zela momentua. Baina, aldi berean, beldurra ere ematen zidan. Ez nekien gai izango nintzen prozesu guztiari aurre egiteko».

Bada, azkenerako, jarraitzea erabaki zuten. «Aldaketa urtea da guretzat. Talde berria gara, soilik zazpik-edo jarraitzen dugu, baina oso ondo ari gara lanean», esan du Urdapilletak. Elkar ezagutzea eta konfiantza hartzea izan da multzoaren lehen egitekoa, eta horretan ari dira oraindik ere. 

Iaztik hona klubean aldaketak egon direla uste dute, «onerako». Eta beren lanean jarri dute arreta: «Badaude kanpotik eman behar diren behar eta babes batzuk, baina fruituak gure lanak emango ditu. Buru-belarri ari gara lanean». Animoz gorabeheratsu dabiltzala aitortu arren, orokorrean, gustura ari dira.

Goitik behera aldatu da Orioko emakumezkoen trainerua, eta, beraz, horretara egokitzen ari dira. Izan ere, hainbat fitxaketa egin eta puzzlea osatu behar izan dute. Harrobiko lau arraunlari igo dira gora; eta horrez gain, Paula Vilella fitxatu dute Zumaiatik, Paula Diaz eta Leire Gutierrez Kaikutik, Ainhoa Garcia Hernanitik... Eta arrauna utzita zeuden batzuk ere itzuli dira; tartean, Itziar Olasagasti.

Multzoa ez ezik, lemazaina ere aldatu dute. Xanti Zabaletak hartu du Patxi Francesen lekua, eta hura izango da aurten entrenatzailea. Gustura daude harekin: «Hitz onak genituen entzunda hari buruz, eta lehenengo egunetik oso garbia izan da gurekin. Beti esan digu gutaz zer nahi duen eta zer espero duen. Uste dut lortu duela taldeko ilusioa pizten, eta egunerokoan behar genuen esperantza edo konfiantza hori ematen», azpimarratu du Urdapilletak, eta helburuak «oso garbi» dituela gehitu du Etxanizek.

Francesek eta Zabaletak ez dute zerikusirik, haien arabera: «Pentsatzeko, izateko, komunikatzeko... modu desberdina dute. Baina ez da bat bestea baino hobea; guztiz diferenteak dira».

Lehiatu eta disfrutatu

Bi-biei iruditzen zaie proiektua hutsetik hasi dela, baina erritmo onean doaz aurrera, Urdapilletak azaldu duenez: «Elkarrekin egin behar dugun bide bat da. Nolabait, espektatibak moldatu behar izan ditugu, eta oinarritik hasi berriro». Baina martxan onean daude dagoeneko: «Egunerokoan oso lan ona ari gara egiten».

Sasoiaz gozatu nahi du Etxanizek: «Nire helburu pertsonala disfrutatzea da. Sufrituko ote nuen beldurrez eman nuen baiezkoa: aldaketa guztiengatik, pasatu genuen denagatik... Aurten estropada eta entrenamendu bakoitzaz disfrutatu nahi dut». Horixe nahi du Urdapilletak ere, eta «burua lasai» izatea: «Aurreko denboraldietan neure buruari asko exijitzen nion, eta buelta asko ematen nizkien gauzei. Nire bertsiorik onena lortu eta azaleratu nahi dut, baina lasai hartuz eta disfrutatuz. Oraingoz, betetzen ari naiz».

Taldearen aurtengo helburuez galdetuta, berriz, argi hitz egin du Etxanizek: «Estropada bakoitzak jarriko gaitu dagokigun tokian, baina helburu anbiziotsua puntan egotea eta borrokatzea da».

Oriaren Jaitsiera, gaur

Gaur jokatuko dute herrian Oriaren 32. Traineru Jaitsiera (18:00). Emakumezkoetan, hamabi traineru lehiatuko dira. Hain zuzen, Euskotren ligako ontzi guztiak izango dira uretan, Astillero kenduta. Beraz, jaitsiera aproposa da traineru bakoitza nola dagoen ikusteko eta indarrak neurtzeko. Hori uste dute Etxanizek eta Urdapilletak ere. Halaxe esan du patroiak: «Denok nahi dugu lan ona egin. Kartak erakusteko modu bat da. Oraindik asko falta da ligarako, baina denboraldiaurreko lana dezente ikusten da jaitsiera honetan. Gu Portugaletekoan egon ginen, Sestaokoan ere bai, baina beste traineru asko ez».

Kuriositatez helduko diote lehiari; baina batez ere gainontzekoek dute jakin-minik handiena, Etxanizen ustetan: «Nahiko dute jakin izan ditugun hutsune guztiekin ea zer den Orioko emakumezkoen traineruaz». Hala ere, argi dute oraindik bide luzea dutela egiteko uda bitarte.

Gustura daude orain arte egindakoarekin, eta datorrenari gogotsu helduko diote. Urdapilleta: «Orio berri bat da. Hona etorri nintzenean batek esan zidan aldaketa urteak onak izaten direla Orion. Ez dakit aurtengoa nola joango den, baina espero dut arrazoia izango duela, eta egiten ari garen lanak fruituak emango dituela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.