Eusko Label liga matematikoki irabazita, aldaketa asko eginda, eta begirada Kontxako Banderan jarrita. Berdin dio: Oriok segitzen du trainerurik azkarrena izaten. San Nikolas-ek denboraldiko hamaseigarren bandera irabazi du Aresen (Galizia), eta beste asteburu bikain bat biribildu du.Â
Gorka Aranberri patroi lanetan zutela —atzo Oihan Manterola gazteak jokatu zuen—, lehen luzetik hartu dute aurrea horiek. Getariak eutsi die lehen luzean, baina, lan erdietarako, Oriok sei segundo baino gehiagoko errenta zuen txandako lehiakide guztiekiko. Azken bi luzeetan errenta areagotu besterik ez du egin.
Atzetik, Zierbena izan da azken luzean indartsuen ibili den taldea, eta bigarren postua ziurtatu du Donostiarrari ere aurrea hartuta, bigarren txandako garaileari. Getariak laugarren amaitu du, eta Bermeok bosgarren.
Asteburuko beste garailea San Juan izan da. Erreka-k azken postuan amaitu zuen atzo Boiron, eta gaur jaitsierako postuak saihesteko buruz buruko lehia zuen etxeko traineruarekin, Aresekin. Hiru puntuko abantaila zuen Joseba Fernandezen taldeak, baina ez du espekulatu, eta estropada ederra egin du: lehen txanda irabazi du Aresi aurrea hartuta, eta azkenean zazpigarren amaitu du. Horri esker, bermatu du beste urtebetez Eusko Label ligan jarraitzea. Aresek play-offa jokatu beharko du, eta Chapelak, berriz, maila galdu du.
Denboraldia amaitu da, beraz, San Juanentzat eta Santurtzirentzat, sailkapen nagusian bederatzigarren eta hamargarren diren traineruentzat. Ohiko legez, Eusko Label ligako azken bi jardunaldiak Kontxako Banderaren ostean jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia), irailaren 19an eta 20an.Â
Asteburu horretan lehian izango dira Eusko Label ligako zortzi traineru onenak, baina arreta, bereziki, aurretik jokatuko den play-offean jarri beharko da. Bost traineru lehiatuko dira, Euskal Herriko bi eta Galiziako bat, lehen mailan bi postu eskuratzeko: Deusto, Zarautz, Tiran, Cabo eta Ares.
Camargo eta Lapurdi KAE1 ligan izango dira datorren sasoian
Asteburuan jokatu da, Donibane Lohitzunen eta Camargon, KAE1 ligako play-offa. Camargo eta Lapurdi izan dira garaileak: Kantabriako ontziak igoera eskuratu du, Lapurdikoak mailari eustea, eta biak KAE1 ligan izango dira datorren denboraldian. Maila galdu du, berriz, Oriok Bk, eta KAE2 ligan jarraituko du Portugaletek.
Â