Arrauna. Eusko Label Liga

Oriok irabazi du Eusko Label liga, Galizian ere nagusituta

Horiek matematikoki ziurtatu dute liga Aresen. Haize handiak eta egoera aldakorrak baldintzatu dute estropada.

Orio eta Urdaibai lehian, aurtengo estropada batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Orio eta Urdaibai lehian, aurtengo estropada batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 31
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi jardunaldiren faltan, txapeldun da Orio. Horiek ez dute aurkaririk izan aurtengo Eusko Label ligan: orain arte jokatutako hemezortzi estropadetatik hamalau irabazi dituzte, eta eskura dute denboraldi berean bandera gehien astindu dituen trainerua bilakatzea —iaz ezarri zuen marka Urdaibaik, hamalau banderaren jabe eginda—. Gaur Aresen (Galizia) nagusitu da Orio.

Estropada arraroa izan da; atzo eguraldiak gogotik zaildu zizkien lanak arraunlariei, eta, gaur, beste hainbeste. Lehen txanda Ondarroak irabazi du, eta, haizea oldartzen ari zela ikusita, bazirudien bizkaitarrek bandera irabazteko aukera izan zezaketela. Bigarren txanda zertxobait atzeratu ere egin behar izan dute ikusteko arazoak zirela eta, baina, martxan jarritakoan, Hondarribiak eta Getariak lortu dute Ondarroaren marka hobetzea.

Ohorezko txandarako, ordea, hobera egin du egoerak, eta Oriok ez du barkatu. Hasieratik San Nikolas aurretik izan arren, Urdaibaik eta Zierbenak gertutik jarraitu diote liderrari. Azken luzean atzean geratu da Zierbena —Donostiarrak ere aurrea hartu dio azkenerako—, baina Urdaibaik ederki eutsi dio Orioren erritmoari, eta lau segundo eskasera helmugaratu da Bou Bizkaia. Kontxako Banderarako indarra emango die gaurko lanak bermeotarrei.

Cabo behera; Kaiku borrokara

Baldintzen eraginez, handia izan da hirugarren txandakoen eta gainontzekoen arteko tartea: Zierbenak, laugarren sailkatuak, Hondarribia bosgarrenak baino 22 segundo gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko. 

Oriok jada ziurtatua du liga, eta, Cabo da Cruzek, berriz, baieztatua du datorren urtean ez dela Eusko Label ligan izango, hainbat urteren ondoren. Liga 33 punturekin amaitu dute galiziarrek, eta Kaikuk play-offa jokatu beharko du, 46 puntu lortuta.

Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia) jokatuko dira ligako azken bi jardunaldiak eta play-offa. Kontxako banderaren ostean izango da, irailaren 20an eta 21ean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.