Arrauna. Eusko Label Liga

Oriok irabazi du Zarauzko Ikurrina

Horiak gailendu dira bigarren jardunaldian ere, sekulako nagusitasunarekin. Zierbena izan da bigarren, eta Getaria hirugarren.

Orio, gaur, Zarauzko Ikurrina astintzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Orio, gaur, Zarauzko Ikurrina astintzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 17a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazi eta irabazi dabil Orio, baina berezia da gaurkoa: Zarauzko Ikurrina hamabigarrenez astindu du Oriok. Bi jardunaldietan izan da nagusi San Nikolas, liga bideratua du, eta bolada bikainean iritsiko da denboraldiko garairik garrantzitsuenera, Kontxako Banderara.

Ikurrina bideratuta zeukaten gaur, baina errekorra lortzeko asmoz itsasoratu da Iker Zabalak prestatutako taldea. Arraun Lagunak-ek lortu du emakumezkoen estropadan, baina gizonezkoen estropadan oldartu egin da haizea, eta Oriok ez du balentria hori lortzerik izan. Era batera edo bestera, ez du aurkaririk izan. Atzo ez bezala, lehen luzetik hartu dute aurrea horiek, eta gainontzekoak ez zaizkio gerturatu ere egin.

(ID_15230120) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-08-17, Zarautz. Arrauna
Txiki eta Otaegi oroitzeko pankarta bat, gaur, Zarautzen. Alboan, San Juan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Eguneko beste irabazleetako bi bigarren eta hirugarren sailkatuak izan dira, Zierbena eta Getaria. Zierbenak Oriorengandik hamar segundora amaitu du, bigarren izan da, eta sailkapen nagusian ere hiru puntura zabaldu du Donostiarrarekiko tartea —laugarren izan da—. Bi horien artean dago bigarren posturako lehia.

Getaria tartean sartu da. Asteburu ikusgarria egin du Esperantza-k: atzo laugarren amaitu zuen, eta gaur hirugarren, eta sasoi betean helduko dira datorren igandean etxean jokatuko duten estropadara.

Ohorezko txandako azkena, Urdaibai, bosgarren izan da ehunen gutxi batzuengatik, segundo erdi batean amaitu baitituzte lanak Bermeokoek, Ondarroak eta Isuntzak. Hondarribia izan da zortzigarren, gero San Juan, Ares, Cabo eta azkena Kaiku, lehen ziabogan kateatu izanaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.