Orio taldeko arraunlaria

Mikel Lizarralde: «Orioko edozein umeren ametsa Kontxa irabaztea da»

Urteetan egindako lanaren fruitua jaso du Mikel Lizarralde Orioko arraunlariak: Kontxako Bandera eskuratu du herriko taldearekin. «Estropada borobila atera zitzaigun», nabarmendu du.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko irailaren 15a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustura dago Mikel Lizarralde Orioko arraunlaria, hunkituta. Ligan bezala, Kontxan ere San Nikolas izan da ontzirik onena, eta zortzi urte beranduago berriro irabazi du bandera preziatua. Gainera, taldekide du Jon anaia, eta horrek «are bereziago» egin du lorpena. Orain, beste marka bat dute begiz joa: denboraldi berean bandera gehien lortu duen trainerua bilakatzea. «Ahal dela, ez dugu besteentzako ezer utziko», adierazi du, anbiziotsu.

Ondo joan ziren ospakizunak? Pozik esnatu zara gaur?

Bai, oso-oso pozik. Azkenean, Oriokoa izanda, txikitatik amesten nuen momentu honekin, eta atzoko eguna biribila izan zen. Goizean goizetik dena espero bezalakoa izan zen, edo amestu bezalakoa. Estropada biribila atera zitzaigun, eta hortik aurrerako guztia ospakizuna izan zen. Oso polita: nola hartu gintuzten zale guztiek arranpan, nola egon zen herri guztia gurekin, Orion iluntzean zegoen festa giroa, harrera...

Gizonezkoen taldeak 2017an irabazi zuen azkenekoz Kontxa; harrobian zinen zu orduan. Amets egiten zenuen noizbait hor egon eta Kontxa irabaztearekin?

Bai. Orio historikoki izan denagatik, Kontxa jokatzea kasik obligazio bat da. Guretzat ez da lorpen bat sailkatzea. Orioko edozein umeren ametsa Kontxa irabaztea da, ez Kontxa jokatzea. Azkenean, atzo iritsi zen egun hori.

Gainera, zure anaia Jonekin batera irabazi duzu. Are bereziago egiten du horrek?

Bai, askoz bereziago. Jonek eta nik ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin. Lehen traineruan gaudenetik, ez dugu asko irabazi. Biok oso lehiakorrak gara, nortasun handikoak, eta galtzea ez zaigu batere gustatzen. Urte hauetan guztietan ez dugu amore eman, lanean segitu dugu, eta gogor entrenatu gara pentsatuz noizbait iritsiko zela gure momentua. Azkenean, urte biribila izan da aurtengoa: liga eta Kontxa irabazi ditugu. Oso gustura nago irabazi dugulako eta hau guztia anaiarekin bizi izan dudalako. Galdutakoan, gure etxean doblea sufritzen da, eta irabazten denean, aldiz, kontrakoa, doble disfrutatzen dugu.

«Oriokoa izanda, txikitatik amesten nuen momentu honekin, eta atzoko eguna biribila izan zen»

Bigarren iganderako Zierbenarekin berdinduta zeundeten, baina aise nagusitu zineten.

Bai. Urte guztian demostratu dugu gure lana oso ondo egin dugunetan punta-puntan ibili garela. Atzo, azkenean, ez genuen ezer asmatu, ez ginen ezer berezirik egitera atera, eta estropada bikaina atera zitzaigun. Oso ondo aritu ginen: bai arraunkeran, bai intentsitatean, bai kontzentrazioan... Entrenamendu guztietan bilatu dugun perfekzio hori atzoko egun seinalatuan lortu genuen.

Urduri samar zeundeten? Faboritoak zinetenez, presio pixka bat zenuten?

Pixka bat baino gehiago, nik uste. Nire lehenengo aldia zen, eta horrek ere eragiten du. Ez da hainbeste kanpotik jaso dudan presioa, nik neure buruari jarritakoa baizik. Pentsatzen nuen aurten irabazten ez banuen igual ez zitzaidala berriro tren hau pasatuko, eta ez nuela berriro irabazteko aukera hau izango. Azkenean, astea luze egiten da, buelta asko ematen dizkiozu buruari, momentu oro zaude estropadarekin pentsatzen. Niretzat behintzat presio aldetik aste exijentea izan da. Baina, gero, uretara atera ginen momentu horretatik denok jakin genuen nerbioak kudeatzen; entrenatzaileak ere urte guztian prestatu gaitu horrelako egoeretan ondo erantzuteko, eta halaxe egin genuen. 

«Aukerak daudenean, aprobetxatu egin behar dira. Gu geu gara anbiziotsuenak, eta saiatuko gara azken bi banderak ere irabazten»

Liga eta Kontxa irabazi dituzue dagoeneko, eta beste marka bat ere eskura duzue: denboraldi berean bandera gehien lortu duen trainerua bilakatzea. Horren bila zoazte?

Bai, dudarik gabe. Ahal dela, ez dugu besteentzat ezer utziko. Aukerak daudenean, aprobetxatu egin behar dira. Gu geu gara anbiziotsuenak, eta saiatuko gara azken bi banderak ere irabazten. Uste dut hemendik urte batzuetara, gai bagara behintzat marka puskatzeko, konturatuko garela ze zaila den aurten egin duguna egitea.

Liga edo Kontxa, zuk zer nahiago?

Esango nuke, historikoki izan denagatik-edo, Orion Kontxa maiteago dugula. Nahiz eta kirol ikuspegitik begiratuta liga irabazteak meritu handiagoa izan, Kontxa aukeratzen dut, alde emozionalagatik. Txikitatik Kontxa irabazitakoan bizi izan dudan festa eta jendearen poz hori ligak ez dizu ematen. Ligan ez dago bi egunetan erabakitzen den emozio eztanda hori.

(ID_15316540) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-14, Donostia. Arrauna
Orioko zaleak eta arraunlariak, Kontxako Bandera irabazi izana ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.