Txirrindularitza

Ortzadarra baino gehiago, laranja

Fem van Empelek eta Mathieu Van der Poelek aise irabazi dute joan den asteburuan Taborren jokatu den Munduko Ziklo-kros Txapelketa. Van Empelek bigarrena du, eta Van der Poelek, berriz, seigarrena.

(ID_13562259) CZECH REPUBLIC CYCLING
Fem van Empel helmugara iristen
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 6a
05:10
Entzun

Urdina, gorria, beltza, horia eta berdea. Horiek dira ortzadarraren maillot zurian ageri diren koloreak. Taborren (Txekiar Errepublika) jokatu den Munduko Ziklo-kros Txapelketak, ordea, kolore bakarra izan du aurten ere: laranja. Ezustekorik gabe joan da asteburua Taborren. Fem van Empelek eta Mathieu van der Poelek kolkoratu zuten urrea beste behin. Van Empel gaztea bigarren aldiz nagusitu zen jarraian, iaz etxean nagusitu ostean. Van der Poel, berriz, seigarrenez igo zen podiumeko tontorrera. Aurreneko urrea ere Taborren lortu zuen, duela bederatzi urte.

Indarberrituta dago Herbehereetako txirrindularitza azken urteetan. Errepidean zein lokatzetan, oparoak izaten ari dira azken urte hauek. Ziklo-krosean nagusitasun hori geroz eta nabariagoa izaten ari da, gainera. Aurten, emakumezkoen artean Herbehereetakoak izan dira lehen lau sailkatuak. Van Empelen atzetik sailkatu ziren Lucinda Brand, Puck Pietarse eta Ceylin Del Carmen Alvarado. Are gehiago; lehen hamarren artean Herbehereetako sei txirrindulari sailkatu ziren. Gizonezkoen artean, Van der Poelek seigarren garaipena lortu zuen igandean, eta Joris Nieuwenhuis herrikidea sartu zen haren atzetik. Alegia, gorengo mailako sei dominetatik bost Herbehereetako txirrindularientzat izan dira. Van der Poelek, gainera, garaipen bakarrera dauka dagoeneko ziklo-kroseko inoizko txirrindularirik loriatsuena: Eric De Vlaeminck. Belgikakoak zazpi urre lortu zituen bere ibilbide luzean. «De Vlaemincken errekorra buruan dut. Urteak daramatza lehiatu gabe, baina jendeak horri buruz hitz egiten du oraindik ere, eta hori gustuko dut», adierazi zuen Van der Poelek. Emakumezkoen artean, berriz, bigarren garaipena eskuratu zuen Van Empelek. Garaipen gehien lortu dituzten txirrindularien artean laugarrena da Herbeheretakoa. Urruti du, ordea, bere herrikide den Marianne Vos; zortzi urre eskuratu ditu.

Oso antzekoak izan ziren Herbehereetako bi txirrindularien garaipenak. Adituek Van Empel jotzen zuten faborito argitzat emakumezkoen artean. Haren gaztetasunak sor zezakeen zalantzaren bat, zaila baita lehen aldiz irabazi eta gero faboritoaren presioa izatea. Baina berehala uxatu zituen mamuak. Team Visma -Lease a Bike taldeko txirrindularia Europako txapelduna da, eta ametsetako sasoia eginda iritsi zen Taborrera. Sasoi honetako hemeretzi lasterketetatik hamazazpi irabazita iritsi zen Munduko Txapelketara. Hasieratik kontzentratuta abiatu zen, eta berehala utzi zituen atzean aurkari zuzenak. Oso pozik agertu zen komunikabideen aurrean behin garaipena eskuratu ostean: «Denboraldia oso arrakastatsua izan da. Sentipen bikaina da bigarren aldiz munduko txapeldun izatea. Denboraldi hau arrakastatsua ez bada, ez dakit beste zein izan daitekeen».

(ID_13566466) CZECH REPUBLIC CYCLING
(ID_13566466) CZECH REPUBLIC CYCLING

Van der Poel ere fokupean zegoen. Inoiz baino gehiago akaso. Sasoi honetan ere, izugarri aritu da Herbehereetakoa. Jokatutako hamahiru lasterketetatik hamabitan nagusituta iritsi zen Munduko Txapelketara. Benidormeko Mundu Kopan bakarrik eman behar izan zuen amore, arazo mekanikoengatik, eta Wout van Aertek garaitu zuen. Munduko Txapelketan, baina, azken urteetan aurrean izan dituen Thomas Pidcock eta Van Aert ez dira lehiatu, eta aise garaitzea espero zitekeen. Alpecin taldeko txirrindularia zen faborito ia bakarra, eta txapeldun handien izaerarekin irabazi zuen, azkenerako. Hasieratik hartu zien aurre aurkariei, eta erakustaldia eman zuen hainbeste maite duen diziplinan. Beste modu batera esanda, nahi izan zuenean utzi zituen atzean gainerakoak. Nieuwenhuis iritsi zen haren atzetik, eta Michael Vanthourenhout belgikarra izan zen hirugarren. «Ez dut arriskurik hartu. Kontrolpean ibili naiz. Oso gogaikarria litzateke istripu larri bat izatea edo Munduko Txapelketaren titulua galtzea zulaketa baten ondorioz», adierazi zuen Van der Poelek irabazi berritan.

Orain, maillot zuria soinean duela lehiatuko da lokatzean zein errepidean, joan den abuztuan errepideko Munduko Txapeldun izatea lortu baitzuen, Glasgown. Irailera bitarte izango da hori, orduan jokatuko baita errepideko Munduko Txapelketa, Zurichen. Bitartean, kolore askotariko maillotarekin lehiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.