Ligako azken jardunaldietako egoera kritikoak bultzatuta, erabaki garrantzitsua hartu du Braulio Vazquezek, Osasunako kirol zuzendariak: entrenatzailea aldatzea. Taldea «pizgarri baten beharrean» zekusan hurrengo denboraldiari begira, eta, haren ustez, katarsia ezin zen Alessio Lisciren eskutik etorri. Bada, haren ordezkoaren bila buru-belarri dabiltza orain gorritxoak. Oso hautaketa garrantzitsua da, entrenatzaile berriak ezarri nahi duen joko ereduak eta sistema taktikoak eragin zuzena izango baitu taldearen egituraketan. Amaitzen ari da Jagoba Arrasateren lehen urteetatik ikur izan diren jokalarien aroa, baina Brauliok garbi du: Osasunak ez dauka taldea goitik behera aldatzeko ez asmorik, ez dirurik. Premia ekonomikoak, preseski, salmentak egitera bultza lezake Nafarroako kluba. Hala ere, harrobia ez du helduleku gisa erabiliko.
Lemazain berriaren zain
Jokalariak hautatzerakoan oso begi fina du Braulio Vazquezek. Osasunaren mugez jakitun egonik, aurrerapen handiarekin egiten du lan, eta, modu batera edo bestera, taldea indartzen du. Entrenatzailearen aukeraketan, ordea, kukuak oker jo du behin baino gehiagotan. Lau entrenatzaile izendatu ditu orain arte Iruñean denetik, eta soilik Jagoba Arrasatek iraun du denboraldi bat baino gehiago. Bizkaitarra sei urtez izan zen Osasunaren entrenatzaile, eta gorritxoek aldi historikoa izan zuten haren esanetara. Braulio Vazquezek bete-betean asmatu zuen Arrasaterekin. Lehenago, baina, kale egin zuen Diego Martinez aukeratuta, eta azken bi apustuek ere oso egonaldi laburra izan dute. Ez dira baldintzak bete Vicente Morenok eta Alessio Liscik epe luzeko proiektuak gidatu zitzaten. Horiek horrela, zorrozki epaituko da Braulioren hurrengo erabakia. Egina du jada hautagai nagusien zerrenda, eta aurrez aurreko elkarrizketek iragazki gisa balioko diote. Carles Martinezen eta Imanol Alguacilen izenak aipatu dira gehien.
Fitxaketa gutxi
Behin entrenatzailea aukeratuta, errazagoa izango da Brauliorentzat jokalarien bilaketa zedarritzea. Oinarrizkoa da: fitxatuek bat etorri behar dute teknikari berriaren jokamolderekin. Dena den, gorritxoek apenas beteko duten erosketa orga. Kirol zuzendariak berak esana da: «Ez dugu horretarako ahalmen ekonomikorik. Gainera, talde ona dugu». Horiek horrela, datorren entrenatzaileak berpiztu egin beharko ditu euren mailatik behera jardun duten hainbat jokalari. Adibidez, puntako jokalari bat fitxatzearen parekoa litzateke Aimar Oroz bere mailarik onenera itzultzea, edota Sergio Herrerak atepean zalantzak uxatzea. Lucas Torrok ere sasoi makala osatu du, eta zaila dirudi izan zenera bueltatzea. Raul Morok, berriz, etorkizun oparoa izan dezake, baina espero baino apalago aritu da gorritxo gisa egin dituen lehen hilabeteetan.
Izar iheskorra?
Victor Muñozek, aldiz, aho bete hortz utzi ditu zale gorritxoak, bizitasuna, engaiamendua eta kalitatea uztartuta. Entrenatzaile berriarentzat, datorrena datorrela, luxua litzateke hegaleko kataluniarra bere esanetara edukitzea. Haatik, Osasunak eskaintza jasa jasoko du ziurrenik hura fitxatzeko. Lehen Mailako ezusteko nagusietako bat izan da, eta, gainera, Munduko Kopa lehiatzekoa da —Espainiako selekzioarekin jokatuko du—. 40 milioi euroko etete klausula dauka, baina salmenta hipotetiko baten erdia Real Madrilek jasoko luke. Victor Muñoz talde espainiar horretatik iritsi zen Iruñera, eta zuriek zortzi milioi euroren truke berreskura lezakete. Bederen, Osasunarentzat lasaigarria da jakitea taldeko beste ikur nagusiak elastiko gorria defendatzen jarraitu nahi duela. Urteek aurrera egin arren, Ante Budimirren gol emaria ez da idortu, eta garbi mintzatu da Kroaziarekin Munduko Kopan lehiatu aurretik: «Iruñean ederki sentitzen naiz; nahi dudan tokian nago».
Diru zorroari begira
Sailkapenaren beheko aldean geratu izanak kalte ekonomikoa ekarriko dio Osasunari. Aurten jakin denez, gainera, gaizki egin zituen joan zen denboraldiko kontuak: 2 milioi eurotik gorako irabazien ordez –hala azaldu zitzaien bazkide konpromisarioei–, 1,6 milioiko galera izan zuen. Horiek horrela, jokalari jakin batzuk saltzea begi onez ikusi lezakete klubeko agintariek. Enzo Boyomok, adibidez, 25 milioi euroko etete klausula dauka, eta atzetik ditu Ingalaterrako hainbat talde. Kamerundarrak jarraituta ere, Osasunari gutxienez erdiko atzelari bat fitxatzea komeni zaio, eta ezker hegaleko baten premia ere izango luke, Javi Galanek kontratua luzatuko ez balu ere. Juan Cruzi ez diote berritu; bai, ordea, Kike Barjari. Era berean, hitzarmena hainbat jokalariri bukatuko zaie datorren sasoiaren amaieran. Horien artean daude Budimir, Torro, Ruben Garcia eta Moi Gomez. Horrek zer pentsatu emango dio Brauliori.
Harrobia, itzalpean
Taxoareren zigilua lausotu egin da Osasunaren talde nagusian. Etxeko bi jokalarik bakarrik izan dute toki finkoa Lisciren hamaikakoetan: Moncayolak eta Aimarrek. Iker Muñoz ez da guztiz finkatu, ezta Jorge Herrando ere, eta aukera gutxi izan dute Kike Barjak –amaieran gehiago agertu den arren–, Asier Osanbelak eta Iñigo Argibidek. Garrantzitsua litzateke teknikari berria jakitun egotea harrobiak Osasunan duen balioaz. Hori bai, Brauliok jada iragarri du ez dela talde nagusira jauzi egingo duen haztegiko jokalaririk izango datorren denboraldian. «Hemendik bizpahiru urtera irits liteke jokalariren bat. Baina orain, berehala, ez». Azken bi denboraldietan, harrobiko gazteek ez dute ligan debuta egiteko aukerarik izan.