Celtaren aurka hasiko du denboraldia Osasunak, etxetik kanpo, Balaidos futbol zelaian. Taldea Sadarren animatzeko, beste astebete itxaron beharko dute zaleek: Levanteren aurka izango da etxeko lehen norgehiagoka. Hori ortzi mugan dutela, gorritxoek gaur hasi dute denboraldiaurrea. Aldaketa nabarmen batekin hasi dute. Aurreko denboraldiko emaitza txarren ondorioz, Alessandro Liscik ez du taldea zuzentzen jarraituko. Luis Miguel Ramis izango da taldeko entrenatzaile berria, eta bi urterako sinatu du.
Hamar denboraldi Bigarren Mailan egin ondoren, Lehen Mailarako urratsa egiteko garaia du hau. Burgos taldetik dator, Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzetik oso gertu geratu eta gero. Ondorengo helburua izango du: taldeak aurreko denboraldian baino gutxiago sufritzea mailari eusteko. Gogotsu agertu da Ramis entrenamendua amaitu ostean: «Lanera etortzeko gogo handia genuen; atzo egun osoa egon ginen dena gaurko prest uzteko eta langileekin izan dugun kontaktua oso ona izan da».
Gaurko entrenamenduan ez da jokalari berririk egon, baina taldeak fitxaketak egitea espero da, irteerek utzi dituzten zuloak bete behar baitira. Lau izan dira taldea utzi duten jokalariak: Victor Muñoz, Juan Cruz, Javi Galan eta Sheraldo Becker. Horietatik guztietatik Victor Muñozen irteera izan da mingarriena. Aurreko denboraldian bikain aritu baitzen aurrelaria. Zazpi gol sartu zituen, eta bost asistentzia eman. Budimirrekin batera, taldeko izarra izan zen.
Ingalaterrako Liverpoolera joan da, talde horrek haren etete klausula ordaindu baitu, 40 milioi eurokoa. Diru guztia ez da talde gorritxoarentzat izango; izan ere, Real Madrilek jokalariaren eskubideen %50 zuen. Beraz, Osasunak 20 milioi euro eskuratu ditu Muñozek alde eginda. Klub gorritxoak inoiz egin duen salmentarik handiena izan da. Ramisek zein postu indartu behar dituzten azaldu du: «Victor Muñozek eta Javi Galanek jokatzen zuten tokietan fitxaketak egin beharko ditugu. Bi postu horiek oso argiak dira. Gero, adi egon beharko da merkatuari begira, taldearen errendimendua hobetzen duen jokalariren bat ekartzeko aukera dagoen ikusteko».
Bestalde, taldeko kapitainak, Kike Barjak, kontratua luzatu du 2028 arte. Ez da bakarra izan, Raul Garcia de Harok ere berritu baitu, 2031 arte. Taldeko jokalari garrantzitsuak Osasunan geratzea izango da Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendariaren lanik zailena; izan ere, baliteke eskaintzak izatea, besteak beste, Ante Budimirrek eta Enzo Boyomok. Ramisek oso zail ikusten du irteerarik ez egotea: «Jokalariak ohituta daude horrelako egoeretara denboraldiaurrean. Zail ikusten dut lehen taldeko jokalari bat bera ere ez ateratzea. Baina momentuz kontzentratuta daude, ondo eta pozik. Merkatuan mugimenduak egongo dira, baina horrek ez dio inori urduritasunik edo deserosotasunik sortuko».
Bigarren taldeko bost jokalari deitu ditu denboraldiaurrea egiteko Ramisek, baina, Braulio Vazquezen ustez, Osambelak eta Arguibidek lehen talderako jauzia egin ostean, bigarren taldean ez dago inor igotzeko aukerarik duenik. Hauek dira lehen taldearekin denboraldiaurrea egingo duten harrobiko jokalariak: Rafa Fernandez, Alex Jimenez, Mauro Etxegoien, Anai Morales eta Asier Bonel. Haien inguruan ondorengoa esan du Ramisek: «Etxeko jokalariak izanda ilusio eta gogo handiarekin datoz. Beti daude laguntzeko prest. Haien laguntza behar dugu. Ikusi egin behar ditugu, talde barruan nola lan egiten duten jakiteko». Munduko Kopan aritu eta gero, oporretan da Ante Budimir.Â
Liga prestatzeko lagunarteko batzuk
Oraindik partida guztiak lotu gabe ditu Osasunak, baina denboraldiaurre honetan gutxienez hiru norgehiagoka dauzka zehaztuta taldeak. Aurkariak hauek izango dira: Racing Santander, Ipswich Town eta Norwich City. Azken bi norgehiagoka horiek uztailaren 27tik abuztuaren 1era arte Ingalaterran egingo duen egonaldian jokatuko ditu. Abuztuan bi neurketa gehiago jokatuko dituzte gorritxoek, eta oraindik ere zehazteko daude.
OSASUNAREN LAGUNARTEKO PARTIDAK
Osasuna-Racing (uztailaren 24an, Mendigorriko Pontarron zelaian, 19:30ean)
Ipswich Town-Osasuna (uztailaren 29an, Colchester United taldearen JobServe Community zelaian, 20:45ean)
Norwich City-Osasuna (abuztuaren 1ean, Norwich City taldearen Carrow Road zelaian, 16:00etan)