«Es el juego del gato y el ratĂ³n, tus mejores años, clandestinidad (katuaren eta saguaren jokoa da, zure urterik onenak, klandestinitatea)». Alfredo Piedrafitaren gitarra eta Javier Hernandez Boni-ren ahots urratua aditzearekin batera, kantuan hasten zen Sadar futbol zelaia. Osasunaren partida guztietan aditzen zen Barricadaren No hay tregua abestia, atsedenaldia amaituta, bigarren zatian talde gorritxoari ongietorria egiteko. Kantuaren errepika izan ohi zen zaleek aho batez abesten zutena: «EstĂ¡s asustado, tu vida va en ello, pero alguien debe tirar del gatillo (izututa zaude, bizitza daukazu jokoan, baina norbaitek sakatu behar du katua)». Iragan denboraldiaz geroztik, ordea, No hay tregua-ri menia eman dio Osasunak. Kantua isilarazi dute, eta jada ez da aditzen ahal Sadarreko bozgorailuetatik.
Bazkide batek horri buruz galdetu zuen atzo, Osasunaren urteroko batzarrean, eta, zuzendaritza taldearen arabera, Espainiako Poliziak hala eskatuta hartu zuten erabakia. Azalpena eman zuen Jose Andres Burguete zuzendaritzako kide eta UPN-CDN koalizioaren agintaldian Nafarroako Gobernuko kontseilari izandakoak. Haren esanetan, Espainiako Poliziaren koordinatzaile bat da Sadarreko «segurtasun agintaritza gorena», eta hark ohartarazi zien zer gerta zitekeen Osasunak Barricadaren abestia jartzeari uzten ez bazion: «Esan zigunez, zenbait pertsonak, ez denek, abesti hura baliatzen zuten aldarrikapenak egiteko, eta, horren ondorioz, klubak zigor larriak jaso zitzakeen».
Burguetek berretsi zuen No hay tregua abestia ez dutela Osasunaren ekimenez debekatu, «Poliziak hala eskatuta» baizik. Denboraldi honetan, Barricadaren beste abesti bat jartzen dute haren ordez: En blanco y negro. Zaleek, hala ere, segitzen dute No hay tregua abesten, hala harmailetan nola kalean.
Mendizorrotza ixteko mehatxua
Osasunarena ez da azkenaldian adierazpen askatasunaren aurka hartu den erabaki bakarra. Kirolaren esparruko Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako Espainiako Batzordeak 60.001 euroko isuna ezarri dio Alaves taldeari eta, horrez gain, Mendizorrotza hilabetez ixteko galdegin du, zelaiaren kanpoaldean Iraultza 1921 taldearen aldeko grafiti eta horma irudi batzuk daudelako. Batzorde horrek «talde ultra» gisa definitua du Iraultza 1921, eta uste du Alavesek «babesa» erakutsi diola irudi horiek ezabatzeari uko eginda.
Iraultza taldeak sare sozialetan jakinarazi du horma irudiak ezabatu dituela jada, «erantzukizun ekintza» gisa, kalterik ez egiteko ez Alaves taldeari ez haren zaleei. Hala ere, gaineratu dute Iraultza 1921 izena Mendizorrotzara itzuliko dela, «nahiz eta gure historia ezabatzen tematu».
Alavesek ere helegitea aurkeztuko dio batzordearen erabakiari, eta adierazi du klubak «konpromiso sendoa» duela bere historia zaintzeko: «Estadioaren kanpoaldean dauden horma irudiak Alavesen mendeurreneko ondarearen irudikapen grafikoa dira, baita gaur egun gure erakundea den hori eraikitzen lagundu duten pertsonak, kolektiboak eta mugarriak gogoratzeko modua ere».