Futbola

Osasunak suspertu egin nahi du bihar Sadarren Levanteri irabazita

Nafarroako taldeak sei jardunaldi daramatza ligan irabazi gabe, eta hemezortzitik bi puntu besterik ez ditu lortu. Levante azkena da sailkapenean, eta entrenatzailea aldatu berri du.

Alessio Lisci. CATI CLADERA / EFE
Alessio Lisci, jokalariei lasaitasuna eskatzen, partida batean. CATI CLADERA / EFE
2025eko abenduaren 7a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak irabazi egin du jokatu duen azken partida: 3-5 nagusitu zitzaion Ebrori asteartean Zaragozan (Espainia), Espainiako Kopan. Nahi baino gehiago sufritu zuen lehiaketa horretako final-hamaseirenetarako sailkatzeko, baina, gutxienez, etxeko lanak egin zituen. Lehentasuna, ordea, Espainiako Liga da, eta horretan bolada txarra darama Alessio Liscik entrenatutako taldeak: ez du irabazi azken sei jardunaldietan, eta jokoan egon diren hemezortzi puntuetatik bi besterik ez ditu lortu. Horren ondorioz, behera egin du sailkapenean, eta azpiko postuetan dago. Ez dago jaisteko postuetan, baina ia-ia, azken-bigarrenarekin berdinduta baitago, Gironarekin: hamabi puntu dituzte biek ala biek. Argi dago, Osasunak suspertu egin behar du, eta, puntuak batzen hasi; hori egiten ez badu, baliteke zuloan geratzea.

Gora egiteko helburu horretan partida garrantzitsua jokatuko du talde gorritxoak bihar: Levante hartuko du Sadarren, 21:00etan (Movistar La Liga). Neurketa garrantzitsua da, Levante Osasuna baino okerrago baitabil: azken postuan dago sailkapenean, bederatzi puntu bilduta; hau da, gorritxoek baino hiru puntu gutxiago dituzte. Osasunak bezala, Levantek ere sei jardunaldi daramatza ligan irabazi gabe, baina Herrialde Katalanetako taldeak oraindik eta uzta eskasagoa bildu du horietan: puntu bakarra besterik ez. Horren ondorioz, Levanteko zuzendaritzak Julian Calero entrenatzailea kendu berri du kargutik. Klubak ez du oraindik beste entrenatzailerik fitxatu Calero ordezkatzeko, eta, oraingoz, Alvaro del Moral eta Vicente Iborra ari dira teknikari lanetan. Del Moralek eta Iborrak Espainiako Kopan egin zuten debuta, eta helburua lortu zuten, Murtziako (Espainia) Cieza taldeari 0-1 irabazita. 

Lisci, ataka estuan

Osasunak ez du entrenatzailea aldatu, baina, taldeak daraman bolada txarra luzatuz gero, baliteke Lisci arrisku bizian egotea. Hamabost jardunaldi jokatu dituzte jada ligan, eta taldea ez da espero bezala ari. Golak sartzea asko kostatzen ari zaio, eta horren isla da Ante Budimir erasoko erreferentzia nagusiak soilik lau gol erdietsi dituela orain arte. Aurrelari kroaziarra minduta egon da azken egunetan, baina, ondo bidean, deialdian sartuko du Liscik. Taldeak haren beharra du.

Enzo Boyomo ere ezinbesteko jokalaria da atzealdearen erdialdean Liscirentzat. Kamerungo jokalariak jokatu egingo du bihar, baina litekeena da abenduaren 21etik urtarrilaren 18ra jokatuko den Afrikako Kopan selekzioaren deialdian egotea, eta horrek are itogin gehiago sortuko lizkioke Osasunari. Horregatik, ezinbestean puntuak biltzen eta bide zuzena bilatzen hasi beharra dauka talde gorritxoak; izan ere, Bigarren Mailatik igo zenetik gotorleku izan du Sadar, baina bertan bederatzi puntu baino ez ditu lortu jokoan izan diren hemezortzietatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.