Iosu Eskiroz. Baikoko pilotaria

«Oso garai politean bizi naiz orain; gozatzen ari naiz»

Hirugarrenez jarraian ordezkatuko du Mariezkurrena, eta hirugarrenez irabazi nahi du Peñarekin. Haren ustez, enpresari erakutsi dio «kontuan hartu» behar dutela.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Jon Mariezkurrena hirugarren aldiz jarraian ordezkatuko duela jakin berri du Iosu Eskirozek (Makirriain, Nafarroa, 1998). «Tristea da, batetik, laguna baitut Jon. Baina, bestetik, ilusioa pizten dit berriro jokatzeak», dio. Estreina bikaina izan du maila nagusian, irabazi egin baititu Jon Ander Peñarekin jokatu dituen bi partidak. Erronka handia dute bihar; liderren aurka jokatuko dute Idiazabalen (Gipuzkoa): Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren kontra.

Hirugarrenez jarraian ariko zara Mariezkurrenaren ordez. Ezustekoa izan da? Bezperan esan zuen hobeto zuela eskuin eskua.

Ia egunero hitz egiten dut Jonekin, eta gauza bera esan zidan niri: hobeto zuela eskua, baina azken proba bat egin nahi zuela. Hura ezagututa, ziur nintzen eskua ondo izanez gero, jokatu egingo zuela; oso lehiakorra da. Baina enpresak deitu dit, eta esan dit berriz ordezkatuko nuela. Jonekin hitz egin dut gero, eta esan dit eskua hobeto zuela, baina ez nahi bezainbeste; itxaron egin nahi du, eta beste entrenamendu gogor bat egin. Bete-betean jokatu nahi du.

Zer esan dizu?

Aurreko bi aldietan egin duen bezala, animoak eman dizkit. Eskertzekoa da, baina gogorarazi diot bazkari bat zor didala [barrez].

Ez da harritzekoa; bitan jokatu duzu haren ordez, eta bietan irabazi duzue Peñak eta zuk. Espero zenuen halakorik?

Maila honetan, irabazi eta galdu, xehetasun txikiengatik egiten da. Oso zaila da irabaztea, eta zorteak badu zeresanik. Nik argi nuen zer egin nahi nuen: ondo aritu, eta enpresari erakutsi ondo egokitu naitekeela maila honetako erritmora eta pilotetara. Lortu dut helburua; nire ustez, enpresari erakutsi diot kontuan hartu behar nauela.

Mariezkurrena lesionatu zen lehen aldian, Aimar Morgaetxebarriak ordezkatu zuen. Ezustekoa izan zen gero zu aukeratzea?

Bai. Iker [Larrazabal] eta biok ondo ari ginen Bigarren Mailako binakakoan [bederatzi partidetatik zazpi irabazi zituzten], eta, halakoetan, aukeraren bat egon daiteke. Ez duzu horretan pentsatzen, baina egon badago. Zorionez, aukera egon da, eta niri eman didate. Oso pozik nago; opari handia da, eta sasoi onean harrapatu nau.

Zer pentsatu zenuen enpresak esan zizunean?

Ardura handia zela. Lehen Mailan ariko nintzen lehen aldiz, eta ondo aritu nahi nuen. Pixka bat urduritu nintzen, baina ulertzekoa da. Zorionez, jokatu ahala, lasaitu egin naiz.

Nola ikusi duzu zeure burua?

Aurreneko partidan, Jakaren eta Arangurenen aurkakoan, hasieran sumatu nuen erritmoa falta zitzaidala; eskerrak Peñak asko lagundu zidan. Baina lehiak aurrera egin ahala, hobeto aritu nintzen. Mesede egin zidan pixkana-pixkana, pilotak jaitsi ahala.

Erritmoa aipatu duzu. Horretan dago alderik handiena lehen eta bigarren mailaren artean?

Dudarik gabe. Aurrelariak gehiago sartzen dira jokoan, boleaz edo sotamanoz, eta horrek bizitu egiten du erritmoa; denbora gutxiago duzu pentsatzeko.

Bigarren partidan, Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka, ondo eutsi zenion, baita agindu ere.

Bai, eta hori Hendaian jokatu genuela; frontoi zaila da atzelariontzat, oso zoru bizia baitu. Peñak eta Lasok aprobetxatu egin zuten, eta erremate pila bat egin zuten. Nik, berriz, pilotakada onak jo nituen, baina Lasok bat baino gehiago harrapatu zizkidan laugarren koadroan, eta boleaz tanto egin; etsigarria zen, baina sekulako pilotaria da Laso. Hala ere, ondo ikusi nuen neure burua. Unean bertan ez nion gehiegi erreparatu lortutakoari, baina, egunak pasatuta, konturatu naiz gauza handia dela Laso eta Imaz bikoteari irabaztea. Oso pozik nago.

Bigarren Mailako binakakoa aipatu duzu, baina udan ere ondo aritu zinen. Zure sasoirik onenean zaude?

Nabari dut udatik hona gora egin dudala. Ez nuen arazorik izan, eta asko jokatu nuen; on egin dit.

Zerbait aldatu duzu?

Ez. Berdin entrenatzen naiz, eta berdin jaten dut. Baina bosgarren urtea dut profesionaletan, eta gorputza egina dut honetara.

Garai politean bizi zara. Norekin gogoratzen zara?

Batez ere, familiarekin; haiek aguantatzen naut. Lagunekin eta hurbilekoekin gogoratzen naiz ere bai; badakite zenbat lan egin behar dudan hemen egoteko. Egunero dut haien animoa, eta asko diet eskertzeko.

Garai politean zaude, baina garai txarrak bizi izandakoa zara. Lehen txapela irabazi eta gutxira, Baikok ez zizun kontratua berritu. Urte erdiren ostean, eta lankideen ahaleginari esker itzuli zinen.

Zoritxarrez, une zailak bizi behar izan ditut, baina beti saiatu naiz ahal den azkarren aurrera egiten. Zorionez, orain, oso garai politeanbizi naiz; gozatzen ari naiz. Ea luzaroan eusten diodan.

Lesioek ere erasan dizute. Profesionaletara itzuli eta hilabete gutxira, ezker aldakako lambruma hautsi zenuen, eta ia urte erdi egon zinen jokatu gabe.

Oso gogorra izan zen; lesioa izan berritan kontsultara joan nintzen, eta medikuak esan zidan agian ezingo nuela gehiago pilotan jokatu. Oso gogorra izan zen medikuari hori entzutea; beldur handia sentitu nuen, horrek goitik behera aldatuko zuelako nire bizimodua. Zorionez, gero, ez zen horren larria izan. Medikuaren lehen bisita horretatik urte eta erdira, Lehen Mailako partidak jokatzen ari naiz; ikaragarria da.

Zailtasunei aurre egiteko, indartsu izan behar da buruz. Arlo psikologikoa lantzen duzu?

Ez, baina bizitza ere halakoxea da; arazoak eskatu gabe etortzen dira, eta saiatu behar zara ahal den azkarren haietatik aurrera egiten. Beti izan beharra dago buruz indartsu; bestela ,ez duzu zer egiterik, ez pilotan, ez beste inon.

Bi ezkero hirugarrena seguru, hala dio esaera zaharrak, baina, bihar, oso erronka zaila duzue, liderren aurka. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Bikote beldurgarria da: Elordi, sasoi ikusgarrian dago; eta, Jose, zer esanik ez. Irabazi egin nahi dugu, baina oso zaila izango da. Galtzen badugu, izan dadila gogor borrokatuta eta ondo jokatuta.

Aranguren eta Imaz baino koska bat gorago dago Zabaleta.

Hura da atzelarien artean alderik handiena egiten duena. Oso ondo prestatzen du beti binakakoa. Badakit izugarri zailduko didala lana, baina gogor borrokatuko naiz.

Zer nabarmenduko zenuke Zabaletaren inguruan?

Zein polita den hura pilotan ikustea: oso elegantea da, eta sekulako abiadura ematen dio pilotari; lehertu egiten ditu beste atzelariak.

Zu ere elegantea zara.

Baina niri beste abiadura batean ateratzen zait pilota [barrez].

Eta bihar jokatu eta gero, zer?

Espero dut Jonek datorren astean jada jokatzea. Nire tokia Bigarren Mailan dago; hori da nire txapelketa; hori ari naiz prestatzen buru-belarri. Ondo ari gara Iker eta biok; bigarrenak gara.

Erraza da onera ohitzea. Pena emango dizu?

Agian bai, baina ordezkoa naiz, eta badakit zein den nire lana. Oso pozik nago helburua bete baitut: ondo aritu, eta enpresari erakutsi kontuan hartu behar nauela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.