Aspeko pilotaria

Dario Gomez: «Oso garrantzitsua izan da frontoira itzultzea: pilotari sentitzen naiz berriz»

Min hartu zuenetik hilabete eta erdi igaro den honetan, Dariok zorrotz dihardu indarberritzeko lanean. Eskuin belauna ez dauka erabat osatuta oraindik, baina hasia da frontoian. Espero du sanmateoetako feriarako jokatzeko moduan izatea, irail amaierarako.

Dario Gomez. IÑIGO URIZ / FOKU
Dario Gomez. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2026ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bueltatzeko bidean dago Dario Gomez (Ezkarai, Espainia, 1996). Oraindik aste batzuk beharko ditu zuriz jantzi eta lehiara itzultzeko, baina hasia da entrenatzen. «Sentipen onak» ditu, gainera. Uztailaren 1ean hartu zuen min, eskuin belaunean kolpe bat hartu eta gero, Irunen (Gipuzkoa), binakako partida bat jokatzen ari zela. Lesioak larria zirudien hasieran, baina erresonantziaren emaitzak lasaitasuna ekarri zion. Atzeko lotailu gurutzatua partez hautsi zuen, eta buru-belarri dihardu osatze lanean. Ez du itzulerako egunik jarri nahi, baina Logroñoko (Espainia) sanmateoetako ferian egotea gustatuko litzaioke, irail amaieran. Gogotsu dago elastiko gorria jantzita kantxaratzeko. Lau partida besterik ez du jokatu buruz buruko txapeldunaren elastikoarekin, txapela jantzi eta hilabete eskasera min hartu baitzuen. 

Jaiak dituzue Ezkarain. Partidarik ez duzula kontuan hartuta, ohi baino parranda gehiago egiten ari al zara?

Ez, justu kontrakoa: inoiz baino parranda gutxiago egiten ari naiz. Buru-belarri ari naiz indartze lanean, eta ez dut egun bakar bat ere galdu nahi. Egiten ditudan urrats guztiak aurrerantz egin nahi ditut, eta garrantzi handia ematen diot eguneroko lanari. Ikusten dut lanaren fruituak jasotzen ari naizela, eta bide berean jarraitu nahi dut.

Jaietan derrigor parte hartu behar izan duzu, herriko seme kutun izendatu baitzaituzte.

Bai, eta ohore handia izan da. Ez naiz halako kontuen oso zalea, gehiago gustatzen zait itzalean ibiltzea, baina egia da herriko seme kutun izendatzeak sekulako ilusioa piztu didala. Gainera, herriko kiroldegiari ere nire izena jarri diote. Oso maitatua sentitzen naiz Ezkarain, oso pozik bizi naiz, eta eskertzekoa da herritarren babesa eta agintarien aitortza izatea. Niri eman zidaten jaien hasierako pregoia irakurtzeko ardura, eta kantxan baino urduriago nengoen.

Berrogei egun igaro dira min hartu zenuenetik. Zer moduz zaude?

Oso ondo, uste baino hobeto. Oraindik ere nabaritzen dut belauna ez dagoela erabat osatuta, mina sumatzen baitut mugimendu batzuk egitean. Dena den, hori normala da, eta adituek diote bide onean noala. Hilabete egin dut pilotarik ukitu ere egin gabe, baina joan den astean hasi nintzen berriro frontoian entrenatzen. Egun pare batez pilota goxoarekin jardun nuen, eta orain takoak jarrita ari naiz jada. Egunez egun, gero eta hobeto sumatzen dut neure burua.

Nolakoa da zure egun bat orain?

Goizean gimnasioan aritzen naiz bizpahiru orduz: bizikleta estatikoan eta lasterka. Orain, frontoian ere ari naiz. Eta, arratsaldean, belaunaren mugimenduetan zentratzen naiz gehiago. Iruñeko zentro batean nabil indartze lanetan, eta haiek ematen dizkidate pauta guztiak. Oso garrantzitsua izan da berriz ere frontoirako pausoa ematea. Joan den astetik, pilotari sentitzen naiz berriro, eta inoiz baino ordu gehiago ematen ari naiz kantxan.

«Zera pentsatu nuen berehala, ea datorren urteko buruz burukoa jokatzeko gai izango ote nintzen. Oso beldurtuta nengoen»

Min hartu zenuenekoa ez dago grabatuta. Nola izan zen? Zer duzu gogoan?

Momentu hori ez dago grabatuta, baina kalean jende askok esan dit irudi horiek ikusi dituela. Imajinazioa handia du jendeak. Nik dena daukat gogoan. Zabalera joan nintzen pilota bat jasotzera, eta kolpea hartu nuen belaunean, tibia inguruan. Berehala sumatu nuen ez zegoela gauza onik. Atzeraka abiatu nintzen oinez, baina belaunak huts egiten zidan, ez zidan behar bezala erantzuten. Kasualitatez, egun horretan ez geneukan medikurik  frontoian, eta neure kasa jardun nuen proba batzuk egiten aldagela barruan. Kantxara itzuli nintzen, baina azkar nabaritu nuen geldirik egon beharko nuela bolada luze batez.

Usterik txarrenak etorri zitzaizkizun burura?

Bai, berehala nagusitu zitzaidan pentsamendu bat: ea datorren urteko buruz burukoa jokatzeko gai izango ote nintzen. Oso beldurtuta nengoen. Min hartu eta biharamunean, ezin oinez ibili. Etxean hanka baten gainean nenbilen. Gero, erresonantzia magnetikoa egin ondoren, ikusi zen belauneko atzeko lotailu gurutzatua partez hautsia nuela. Medikuek berehala esan zidaten ez nuela ebakuntzarik beharko, eta hori entzutea lasaitasun handia izan zen.

Txapelduna zarenez, udan jaialdi askotan aritzekoa zinen. Ezin zenezakeen zorte txarragorik izan.

Ez dut sinesten zortean. Orain gertatu da, eta kito. Nire kirol ibilbidean inoiz ez dut halako lesio larririk izan. Noizbait gertatu behar zitzaidan. Egia da ez dela atsegina orain gertatu beharra, baina txapeldun izan baino lehen gertatu izan balitz, zer? Akaso ezingo nuen profesionaletan jarraitu. Beraz, dagoena onartu beharra dago, eta kito.

Txapeldun izan zinenean hainbat zorion mezu jaso zenituen. Garai txar hauetan inor gogoratu al da zurekin?

Bai, txapeldun izan nintzenean baino jende gehiago, ziurrenik. Asko estimatzen dut. Halakoetan ikusten da nortzuk diren benetan gertu daudenak.

«Ez da atsegina orain gertatu beharra, baina txapeldun izan baino lehen gertatu izan balitz, zer? Akaso ezingo nuen profesionaletan jarraitu»

Txapela aipatuta, tokia egin al diozu jada?

Ez, armairu batean gordeta daukat oraindik. Badakit etxean jarriko dudala, baina oraindik ez dut erabaki non. Garaia bada erabakitzeko. Dena den, oraindik ez dut astirik hartu atzera begira jartzeko. Finala bera ez dut berriz ikusi. Erretiratzen naizenean izango dut denbora gauza horiek egiteko. Orain nahiago dut berehalako etorkizunera begira bizi.

Etorkizuna diozu. Noiz izango zara berriro kantxetan?

Nire lehentasuna ongi indarberritzea da, baina espero dut sanmateoetako ferian jokatzeko moduan izatea. Gero, ikusi beharko da ea enpresak hautatzen nauen, baina aurreikusten dut sanmateoak baino lehentxeago kantxetan izatea. Elastiko gorriak prest dauzkat behintzat, nahiz eta enpresak oraindik ez dizkidan asko eman.

Pilotarien jardunari erreparatzen ari zara telebistaz?

Oso gutxi, ia batere ez. Sanferminetako lau eta erdiko finala ikusi nuen telebistaz. Gasteizko torneoaren finala ere bai. Aste honetan, berriz, Ezkarain izan da profesionalen jaialdia, eta han izan nintzen. Gainerakoan, ez dut partida bat bera ere ikusi. Nahiago dut deskonektatu, nire lanean zentratu, eta itzultzen naizenean garaipen gosez itzuli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA