Etorkizun oparoa du Paula Ostiz txirrindulariak (Iruñea, 2007), baina oraina ere bada. Duela bi aste balentria egin zuen Munduko Txapelketan, Kigalin, Ruandan: urrezko domina irabazi zuen junior mailako errepidekoan, eta zilarrezkoa erlojupekoan. Hori gutxi ez, eta Europako Txapelketako bi probak irabazi zituen joan den astean. Pedalei eragiten segitzen du: Italian dago orain, Movistar taldearekin lehiatzen.
Lan bikaina egin duzu munduko eta Europako txapelketetan. Zer moduz zaude?
Oso gustura. Urte osoko helburuak ziren, eta lortu ditut. Ametsa zen, eta egia bilakatu da. Etxera itzulitakoan, familiakoekin eta ingurukoekin disfrutatu nahi dut, oraindik kanpoan bainago.
Lortutakoa barneratu duzu?
Egia esan, kostatzen ari zait... Hedabide askotan atera naiz, jende askok deitu dit... Handia da lortu dudana, eta disfrutatzeko gogoz nago. Oraindik ez dut denbora izan; etxetik kanpo daramat hilabete eta erdi.
Orain Italian zaude, hiru klasiko korritu behar baitituzu han. Batean aritu zara dagoeneko: Tre Valli Varesine lasterketan. Nola joan zen?
Hankak ez nituen oso fresko, baina, hala ere, lasterketa ona egin nuela iruditzen zait. Espero dut hurrengo bietan hobeto aritzea. Igandean [gaur] jokatuko dut bat, eta asteazkenean bestea. Hor amaituko dut denboraldia, eta etxera joango naiz. Gero, kontzentrazioak izango ditut taldearekin. Ez dut deskantsurako tarte handirik izango, ia batere ez. Baina gogoz nago.
Munduko Txapelketari zilarrezko domina batekin ekin zenion. Ez da gutxi, baina hurrengo hiru probetan urrezko domina eskuratu zenuen: munduko errepidekoan, eta Europako erlojupekoan eta errepidekoan. Zer sentitu zenuen helmuga zeharkatzean?
Munduko erlojupekoan arantzatxoa geratu zitzaidan. Irratia deskonektatu zitzaidan sei kilometro neramatzala, eta, azkenean, erlojupeko osoa erreferentziarik gabe egin behar izan nuen. Helmugara iritsitakoan, amorrua eman zidan, seguru nagoelako zertxobait gehiago nuela emateko. Ez nekizkien gainerakoen denborak, eta uste nuen erlojupekoak ihes egin zidala. Hala ere, bigarren amaitu nuen. Ondo dago, eta gustura nago. Jarritako helburu guztiak lortu ditut; handia da egin dudana.
Eta gainerakoetan?
Errepidekoa ametsa izan zen; taldekide guztiek lagundu zidaten. Eta Europako bi lasterketak oso ondo prestatu nituen. Uztailean hara joan nintzen entrenatzailearekin, ibilbidea ezagutzera. Banekien lortuko nuela, lan handia egin baitut urte osoan. Ortzadar maillota soinean irabazi izana plus bat da.
Ikusi dituzu garaipenetako bideoak?
Bai, eta ikusi dut hautatzailearen erreakzioa. Ikusten dudan bakoitzean malkoak ateratzen zaizkit. Asko mugitzen nau.
«Handia da lortu dudana, eta disfrutatzeko gogoz nago. Oraindik ez dut denbora izan; etxetik kanpo daramat hilabete eta erdi»
18 urterekin dagoeneko txirrindulari profesionala zara. Anbiziotsua zara?
Bai, baietz esango nuke. Gustatzen zait jarritako helburuak betetzea.
Ilusioz beteriko beste denboraldi bat duzu aurrez aurre. Zer espero duzu? Zer eskatzen edo exijitzen diozu zeure buruari?
Aurrera pixkanaka egitea gustatuko litzaidake, eta ez jauzi handiak emanez. Orain arte bezala. Dena bide onetik joatea espero dut, eta horretarako lan handia egin beharko dut. Urratsez urrats joatea gustatzen zait, ez korri egitea. Oso gaztea naiz, eta kirol ibilbide luzea izan nahi dut.
Egunotan lortutakoak konfiantza eman dizu?
Bai. Orain, adibidez, Italian korritu nuen azken lasterketan, tropelak errespetua erakutsi zidan. Gehienek agurtzen naute, eta, azkenean, hori antzeman da. Egokitzen ari naiz, baina ondo ari naiz sentitzen. Gustatuko litzaidake aurrerago egotea, baina World Tourreko ziklistak oso azkar doaz, eta, esan bezala, pausoz pauso joan behar dut. Seguru egunen batean hor egongo naizela.
Itxaropen asko piztu dituen euskal txirrindularia zara. Horrek presioa eragiten dizu edo gehiago motibatzen zaitu?
Ez dut presioa sumatzen. Lasai nago beti, eta lasai nagoenetan gauzak ondo ateratzen dira. Hori funtsezkoa da niretzat.
«Egokitzen ari naiz. World Tourreko ziklistak oso azkar doaz, eta, esan bezala, pausoz pauso joan behar dut»
Aipatu duzu ez duzula presaka ibili nahi. Garrantzitsua da oinak lurrean izatea?
Bai. Nire familia apala da. Orain, jauzi hau egin dut, baina normal segitu behar dugu. Inoiz ez gara harroak izan, eta beti irakatsi didate umila izan behar dela, gauza handiak lortu arren pertsona bera izan behar dela. Egun batean goian egon naiteke, eta hurrengoan, behean. Pertsona bera naiz.
Batez ere, non uste duzu hobetu dezakezula?
Entrenamenduetan, mendate luzeetan... Orokorrean, guztian. Aurrera egiten segitu behar dut.
Zer helburu dituzu epe laburrera eta epe luzera?
Epe luzera, 2028ko Olinpiar Jokoak ditut begiz joak; Los Angelesen izango dira, AEBetan. Bi probetan hartu nahiko nuke parte: erlojupekoan eta errepidekoan. Eta gero, epe laburrera, Espainiako Txapelketa eta hurrengo urteko klasikoak.