Geronimo Rulli. Realeko jokalaria

«Oso zaila izango da beste urtebetez Realean jarraitzea»

Berandu baino lehen dinamika aldatzeko premia azaldu du argentinarrak, eta Atletico Madrili irabazteko baikor agertu da. Orain artekoaz autokritika egin du, eta egoera aldatzea espero du.

JUAN HERRERO / EFE.
jon eskudero
Donostia
2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Atepean bezain egokia da hizketan Geronimo Rulli (Buenos Aires, 1992). Gaztea izanagatik, lepo gainean du burua, eta zezenari adarretatik heltzea gustatzen zaio. «Reala sufritzen ari da, emaitzak ez ditugulako lagun. Gezurrik ez dut esango: kezkatuta gaude». Baina, bihartik aurrera, gauzak aldatzea espero du. Gai ikusten du taldea, iaz egin bezala, Atletico Madril ezustean hartzeko. «Ligako onenari ere irabazteko moduko taldea daukagu. Arazoa da zelaian ez dugula hori erakusten. Bada, iritsi da garaia». Sailkapenean sei puntu soilik ditu Realak, eta onenen artean egon nahi badu, ezin du bolada txarra luzatzen utzi.

Luze jo al dizue geldialdiak?

Bai. Ez da nahi ordurako iritsi asteburua. Dinamika txarra nagusi denean, ahalik eta azkarren aldatzea izaten da helburua, eta bi asteko epea oso luze egin zaigu. Baina, hotzean pentsatuta, uste dut mesede egingo digula. Ongi entrenatu gara, ongi sentitzen gara berriro ere, eta konfiantzaz aurre egingo diogu Atletico Madrili. Prest gaude.

Hitz egin al duzue egoera txarrari buruz zuen artean?

Bai, noski. Egoera zaila dugu, eta onena taldekideon artean hitz egitea da. Lasaitu egiten da norbera. Selekzioarekin joan diren jokalariak falta izan zaizkigu bi asteotan, baina, gainerakook, sakon aztertu dugu egoera. Bideoak ikusi ditugu, lanean gogor aritu gara, eta kontzientzia lasai daukagu. Ziur gaude dinamika laster aldatuko dela.

Zer ondorio atera dituzue zuen hausnarketetatik?

Ez da kasualitatea soilik sei puntu edukitzea. Denok esaten dugu gorago egoteko taldea dugula, baina hori zelaian erakutsi behar da. Alferrik da mikrofonoen aurrean bestelakorik esatea. Oreka falta izan zaigu: defentsan ongi egon garenean erasoan ez dugu asmatu, eta alderantziz. Erregulartasuna topatu behar dugu. Eta zorteak ere ez digu lagundu. Galdu behar ez genituen partidak galdu ditugu. Halere, autokritika egiten dugu. Egoera honen errudun nagusiak jokalariok gara.

Defentsako lanari dagokionez, ongi hasi zenuten sasoia. Zer gertatu da gerora?

Nik ere uste dut zoragarri hasi ginela defentsako lanean. Egia da Espanyolen aurka 2-3 galdu genuela laugarren jardunaldian, baina ni kaleratu nindutelako izan zen, ez beste ezergatik. Nire ustez, Malagan okertu zen dena. Konfiantzaz ondo geunden taldearen atzealdean egoten garen guztiok, baina hain goiz bi gol hartuta, behera etorri ginen. Halere, erakutsi dugu talde sendoa garela; horri eutsi behar diogu.

Espanyolen aurkako partidan kaleratu egin zintuen epaileak, eta Realak galdu egin zuen. Nola sentitu zinen?

Errudun. Partida hura ez genuen inondik inora galdu behar. Baina futbola halakoa da. Segundo gutxitan gertatzen dira jokaldiak, erabakiak azkar hartu behar izaten dira, eta nik kale egin nuen. Merezita joan nintzen kalera. Partida hura irabazi bagenu, akaso dinamika hobean murgilduko ginen. Baina, tira. Ez dago atzera bueltarik.

Kaleratze hark eragin al dizu hurrengo partidetan?

Ez. Ni psikologikoki indartsua naiz, eta alferrik da jokaldi bati bueltak ematea. Ikasteko balio izango dit, eta kito. Pertsona koherentea sentitzen naiz, eta partida batean taldeko onena izan edo txarrena, beti bera izaten saiatzen naiz. Konfiantzaz zelairatzen naiz beti, daukadan onena ematera. Aurrera egin behar da bizitzan.

Orain Atletico Madril dator. Ez da aurkaririk egokiena dinamika aldatzeko. 

Ez dakit bat ote natorren analisi horrekin. Atletico Madril talde ona da, eta zaila da hari irabaztea. Ados. Baina guk erakutsi dugu handien kontra hobeto ibiltzen garela, Anoetan, noski. Eta baikor gaude. Simeonek entrenatutako taldeak beti izan ohi dira gogorrak, baina motibazioa gainezka dugu, eta sinetsita gaude irabaziko dugula.

Ba al duzu harremanik Simeonerekin?

Ez dut sekula hitz egin berarekin. Bera ere Argentinakoa da, ni bezala, baina ez dugu harremanik. Entrenatzaile aparta iruditzen zait. Miresten dut.

Joan den sasoian ere Atletico Madrili irabazi zenioten, egoera txarrean zinetela. Nola oroitzen duzu partida hura?

Orain duguna baino egoera gaiztoagoa zen hura. Jagoba Arrasate kargutik kendu berria zuten, eta jokalariok ere ez geunden ondo. Halako erabakiak beti dira mingarriak. Ordea, ongi atera zen dena, eta berdina egiten saiatu behar dugu. Amorruz jokatu behar dugu.

Realak joan den sasoian baino talde hobea al dauka?

Ez dago konparatzerik. Jokalari onak fitxatu ditu zuzendaritzak, eta sasoi honetako taldea askoz hobea da. Hori bai, eskatzen zaiguna ere gehiago da, normala den bezala. Illarramendik kalitatea eman digu, eta uste dut asko irabazi dugula. Fitxatutako gainerakoak ere onak izan dira. Jonathasek eta Brumak asko lagunduko digute. Taldea ona da, baina orain guri tokatzen zaigu erantzutea.

Zein behar luke Realaren helburuak?

Ez dakit. Partidaz partida joatea komeni da. Ez gara ongi hasi, eta bekatua litzateke helburuak jartzea. Berriz diot: taldea badaukagu lehen zazpi-zortzi onenetan sartzeko, baina zelaian erakutsi behar da. Niri, pertsonalki, gustatuko litzaidake Reala Europan uztea.

Uztea? Ezinezkoa da zuk Realean jarraitzea?

Uste dut oso zaila izango dela. Futbolean sekula ezin da jakin zer gerta daitekeen, baina ez da erraza izango. Halere, oraindik asko falta da denboraldia bukatzeko, eta ez dut pentsatzen horretan. Ekainean iritsiko da iritsi beharrekoa, eta kito.

Uda zaila izan da zuretzat. Bazirudien Realetik kanpora zenituela bi oinak.

Nik ere pentsatu nuen ez nuela Donostiara itzultzerik izango, baina Realean jokatzea zen nire nahia. Jendeak asko maite nauela sentitzen dut, eta taldekideei ere ezin nien hutsik egin. Hitzeko pertsona naiz. Uda zaila izan dut, baina hemen nago. Kontua da nire etorkizuna ez dagoela soilik nire esku. Oraingoz, gozatzen ari naiz. Donostiara bertara ere ongi egokitu naiz.

Erabat egokituta zaude, beraz. Euskara ulertzen al duzu?

Hainbeste ere ez naiz egokitu. Euskara oso zaila da. Taldekideak askotan entzuten ditut euskaraz, eta beti adi egoten naiz. Hitz batzuk ulertzen dizkiet, baina gehiago ez. Gustura ikasiko nuke.

Ba al dakizu Euskal Herriak eta Argentinak lotura izan dutela historian zehar?

Banekien, bai. Ni jaio eta hazitako hirian euskal etxe bat dago, eta Realera etorri aurretik nuen haren berri. Badakit hemendik hara jende asko joan zela lanera. Euskal Herriko eta Argentinako kulturak antzekoak dira, eta integratzeko arazorik ez dut izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.