Gaur arratsaldean aurkeztu dute Jai Alai Zarautz erremonte txapelketa Zarauzko udaletxean. Aritzbatalde pilotalekuan izango da, eta uztailaren 31tik abuztuaren 2ra arte iraungo du. Bosgarren aldi honetan ere, bi multzo egongo dira, bakoitzean lau bikote egonik. Hauek izango dira A multzoko bikoteak: Kemen Albade eta Endika Barrenetxea, Ander Goikoetxea eta Xabier Azpiroz, Beñat Segurola eta Aritz Juanenea, eta Josetxo Ezkurra eta Iban Larrañaga. B multzoa, berriz, erremontelari hauek osatuko dute: Imanol De Rueda Martixpe eta Aitor Aiestaran, Julen Deskarga eta Aritz Eskudero, Ugaitz Susperregi eta Joseba Goikoetxea, eta Paulo Aiestaran eta Jokin Ugarte.
Uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean jokatuko dituzte finalerdiak. Egun bakoitzean zein bikotek jokatuko duen zehaztuta dago jada. Uztailaren 31n B multzoko partida jokatuko da lehenengo, 18:30ean, Martixpek eta Aiestaran VI.ak Deskargaren eta Eskuderoren aurka neurtuko dituzte indarrak; ondoren, A multzoko partida izango da, eta bertan, Albade eta Barrenetxea IV.a Goikoetxea V.aren eta Azpirozen kontra arituko dira. Hurrengo egunean ere B multzoko norgehiagokarekin hasiko da jardunaldia: Susperregik eta Goikotxea VI.ak Aiestaran VII.aren eta Ugarte II.aren kontra neurtuko dituzte indarrak; eta jarraian, A multzoan Segurolak eta Juaneneak Ezkurra II.aren eta Larrañagaren aurka jokatuko dute.
Finalerdietako irabazleek abuztuaren 2an jokatuko dute finala, 18:30ean Aritzbatalde pilotalekuan, beste partida guztiak bezala. Jaialdia ETBk emango du.
Set formatuan jokatuko dituzte partidak, eta bi set irabazi beharko dituzte bikoteek finalera sailkatzeko. Hamabost tantora izango dira lehen bi setak, eta hirugarrena, beharrezkoa bada, zortzi tantora izango da. Partida hasieran nork sakatuko duen epaileak jaurtitako txapak erabakiko du. Ondoren, bigarren setean, lehen seteko bikote galtzaileak sakatuko du. Azkenik, hirugarren seta jokatu behar bada, ordu arte tanto gehien egin duen bikoteak sakatuko du, eta berdinketa balego, berriro ere epaileak jaurtitako txapak erabakiko du.
Jai Alai Zarautz erremonte txapelketaren bosgarren aldia izango da aurtengoa. Sarrerak leihatiletan erosteko aukera egongo da, bost euroren truke. Hala ere, Turismo Bulegoan ere eskuratzeko aukera egongo da; aurreko urteetan bezala, zozketak egingo dira sarrerak banatzeko.