Palestinako kirolariak omenduko dituzte Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zenbait zale taldek hilaren 15ean

13:00ean izango da, Arriaga plazan, eta «hainbat euskal kirolarik» hartuko dute parte omenaldian. Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Palestinaren erresistentziari babesa adierazteko kalejira, berriz, 18:30ean abiatuko da.

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eta zale talderen agerraldia, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eta zenbait zale talderen agerraldia, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko azaroaren 6a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkartasun keinuz eta aldarrikapenez beteko dira Bilboko kaleak azaroaren 15ean. Egun horretan jokatuko da euskal selekzioaren eta Palestinakoaren arteko partida solidarioa, San Mamesen. Hori dela eta, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zenbait zale taldek deituta, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Palestinaren erresistentziari babesa adierazteko kalejira egingo dute; Areatzatik abiatuko da, 18:30ean, eta San Mamesen bukatu. Baina ez hori bakarrik: eguerdian Palestinako kirolariak omenduko dituzte, 13:00etan, Arriaga plazan. Ekitaldian «hainbat euskal kirolarik» hartuko dute parte. 

Gaur egin dute agerraldia Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zenbait zale taldek: Indar Gorrik, Bultzada Txuriurdinak, Herri Norte Taldeak, Iñigo Cabacas Herri Harmailak, Iraultza 1921ek, Indar Horibeltzek, Indar Baskoniak, Armagiñak 1940k eta South Side Taldeak.

Azpimarratu dute euskal selekzioaren partidak beti direla bereziak, besteak beste, «gure selekzioa jokatzen ikusteko aukera» ematen duelako eta historikoki aldarrikapenerako egunak izan direlako: «Euskal Herriko langileriaren zapalkuntza soziala eta nazionala salatzeko, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gainontzeko herri zapalduekiko elkartasun internazionalista adierazteko egunak izan ohi dira euskal selekzioaren partidak».

Halaxe izango da datorren astekoa ere. Alta, haien irudiko, aurtengoa «are bereziagoa» izango da, euskal selekzioak Palestinako selekzioa izango duelako parean, eta noiz: «Palestinar herria sarraskia pairatzen ari den garai honetan». Halaxe adierazi dute: «Israelek hamarkada luzez aurrera eraman duen zapalkuntza kolonialari eta genozidioari Gazan eragindako suntsipena gehitu zaio azken bi urteetan. Baita Zisjordanian palestinarrak bizitzen ari diren errepresio sistematikoa ere».

Gogoratu dute Palestinan kirola ez dagoela «genozidiotik salbu»; izan ere, «Israelgo Estatu terroristak urte luzez jazarri die Palestinako kirolariei». Hainbat adibide zerrendatu dituzte: bidaiatzeko eta lehiatzeko debekuak ezartzea, kirol azpiegiturak suntsitzea, kirolariak hiltzea... «Gazako futbol zelaietan aspaldi utzi zioten futbolean aritzeari: zelai batzuk hobi komun bilakatu dira, beste batzuk okupazio armada sionistaren kuartel militarrak dira orain, eta beste batzuk errefuxiatuen kanpamentu gisa erabiltzen dira».

Datuak ere eman dituzte. Jakinarazi dutenez, 2023ko urriaren 7tik Israelek gutxienez 1.300 kirolari palestinar hil ditu, horietako 421 futbolariak. «Horrez gain, 300 kirol instalazio inguru suntsitu dituzte. Bitartean, ezin dugu ahaztu Israeli alfonbra gorria jartzen zaiola nazioarteko kirol txapelketa guztietan, eta bere krimenak zuritzeko tresna estrategiko gisa erabiltzen duela kirola estatu sionistak». Hain zuzen, Nafarroako BDSk protesta egin zuen atzo, Iruñeko Munduko Tranpolin Txapelketan Israelgo kirolariak ari direla salatzeko.

Mobilizatzea, ezinbesteko

Palestina herriaren eta erresistentziaren alde mobilizatzen jarraitzea beharrezkoa dela iritzi diote Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zaleen taldeek: «Trumpek inposatu duen ‘bake akordioak’ ez du ez askatasunik ez bakerik ekarriko Palestinarentzat. Mendebaldeko indar inperialistek bultzatutako planek, bi estaturen soluzio faltsuak barne, ez du Israelen hedapen koloniala geldituko. Ezin dugu ahaztu azken su etena sinatu zenetik Israelek 500 palestinar baino gehiago erail dituela».

Palestina askatzeko «lurralde osoaren deskolonizazioa, preso politikoen askatasuna eta errefuxiatuen itzulera» bermatu beharra dagoela nabarmendu dute, eta horretarako aukera bakarra dagoela esan: Israelgo Estatua desegitea. «Ezingo dugu genozidioa gelditu estatu genozidak irauten duen bitartean».

Aldi berean, salatu dute partidako segurtasun arduradunak Ibaitik itsasora esaldia, amnistia ikurra eta Palestinaren erresistentziaren aldeko leloak zentsuratu dizkietela.

Horiek horrela, azaroaren 15ean kaleak hartzeko deia egin dute. Zaleen taldeek bat egin dute Palestinarekin Elkartasuna plataformaren deialdiarekin, eta elkarrekin egingo dituzte omenaldia eta kalejira: «Aukera ezin hobea dugu euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu eta Palestinaren erresistentziari babes osoa adierazteko». Kaleak bezala, San Mames ere aldarriz beteko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.