Tokio 2020. PIRAGUISMOA

PATXADA UR BIZIETAN

Laugarren Olinpiar Jokoak ditu Elosegik. Londresen eta Pekinen laugarren izan zen, eta uste du Tokion dominaren bat lortzeko lehian egon daitekeela dakien bezala arituz gero.

Ander Elosegi, Irungo Santiagotarrak klubean, Tokiora abiatu aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Kirolariek inor baino hobeto jakiten dute zer maila duten. Badakite zer-nolako entrenamenduak egiten dituzten eta zertarako gai diren. Prestatutakoa eta lortutakoa lehiaketa egunetan egitea eta erakustea izaten da erronka.

Ander Elosegik (Irun, Gipuzkoa, 1987) lortu izan du hori Olinpiar Jokoetan. Hirutan parte hartu du, eta hiruretan sartu da finalean: laugarren izan zen Pekinen (2008) eta Londresen (2012); zortzigarren Rion (2016). Koska bat falta izan zaio dominaren bat eskuratzeko. «Nire maila eman nuen, baina hiru piraguista ni baino hobeak izan ziren». Naturaltasunez onartu du Pekinen eta Londresen gertatutakoa.

Tokion ere, aurreko Olinpiar Jokoetan bezala, dominaren bat lortzea du helburu: «Badakit hor egoteko maila badudala etadomina lortzeko lehian egongo naizela nire maila emanez gero. Horregatik, nire maila ematea da helburua». Badaki, era berean, lehiaketa oso zaila eta gogorra izango dela. Elosegi C1 mailako eslalomean lehiatzen da. Belauniko joan ohi da piraguan, eta pala bakarreko arrauna erabiltzen du.

Lehiaketa egunean edozer gerta daiteke. Zirkuituan zintzilikatutako ateetako makiletatik zentimetro gutxitara pasatzen dira, korronteak bultzatzen dituen bitartean. Ate bateko makila bat ukitzea izan daiteke domina lortzearen eta ez lortzearen arteko aldea. «Beti egiten dugu akatsen bat; ez dago perfekziorik», Elosegiren esanetan. Akats gutxien egiten duenak irabazten du. Segundo eta maniobra gutxi batzuetan erabakiko da azken urteetan egindako lanaren emaitza.

Elosegi uztailaren hasieratik dago Tokion, lehiaketa prestatzen. Hala ere, «oso zaila» egiten ari zaio berora eta hezetasunera ohitzea. Beroaren eraginez, bihotz maiztasuna asko igotzen zaie, eta gero zaila izaten da jaistea: «Sentsazio berria da». Hala ere, uste du lehiaketa egunean beroak ez diela hainbeste eragingo, entrenatzean baino denbora gutxiago pasatuko dutelako uretan. Minutu eta erdi inguruko jaitsierak izango dira.

Kasaiko ur bizietako kanala ezagutzen zuen, 2019ko azaroan izan baitziren han, entrenatzen. Hala ere, ordutik pixka bat aldatu dute. Kanala gustatzen zaio. Riokoaren antzekoa da, bai uraren mugimenduei dagokienez, bai oztopoetan.

«Ur mugimendu berezi batzuk ditu, oso politak», deskribatu du. «Ur mugimendu oso garbiak ditu, eta piraguari abiada emateko aukera asko. Ondo moldatzen naiz halako kanaletan, teknika pixka batekin piraguari abiadura emateko modukoak baitira».

Ur mugimenduak beti berdinak diren arren, antolatzaileek ibilbide ezberdinak prestatzen dituzte horietan oinarrituta. Ibilbide bat sailkatze probarako; beste bat finalerdietarako eta finalerako. Normalean, 25 ate pasatu behar izaten dituzte. Ibilbideak ez die abantailarik eman behar, ez palista eskuinei, ez ezkerrei.

Ibilbidea, bezperan

Piraguistek bezperan jakiten dituzte ibilbideak. Lehiatu arte, ezin izaten dute probatu ibilbidea. Horregatik, lehorretik egiten dituzte azterketa eta plangintza guztiak, ate bakoitza nondik eta nola pasatu: «Analisi zorrotz bat egiten dugu entrenatzailearekin, eta ondo ikasi behar da ur mugimenduen eta ate bakoitzaren arteko konbinazioa nola egin».

Lan horretan laguntzeko, lehiaketan parte hartzen ez duten piraguista batzuek erakustaldi bat egiten dute ibilbidean, eta lehiakideek nola moldatzen diren ikus dezakete, erreferentziak eta erabakiak hartzeko.

Era guztietako ibilbideak izaten dira: gainditzeko, maniobra mota asko eta ezberdinak egin behar dira. Beraz, ur bizietako piraguistek, ahalik eta maniobra gehien probatu eta menderatu behar izaten dituzte entrenamenduetan, gero lehiaketetan egiteko. Ondo eta azkar.

Elosegik laugarren Olinpiar Jokoak izango ditu. Izango da bosgarrenik Paris 2024an? «Ezin dut esan ziurtasun osoz azkenak izango direnik, baina ziurrenik bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.