Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Paul Seixas: berezien artean berezia

Txirrindularien ordezkari dabil Egoi Martinez ziklista ohia. Paul Seixas fitxatzen saiatu zen duela hiru urte. Alferrik. «Argi nuen munduko onenetako bat izango zela, baina ez nuen uste hain azkar lortuko zuenik». Zalantza du nola eragingo dion presioak.

Paul Seixas, ahalegin betean, Strade Bianche klasikoan. DECATHLON TALDEAK UTZITAKO ARGAZKIA
Paul Seixas, ahalegin betean, Strade Bianche klasikoan. DECATHLON TALDEAK UTZITAKO ARGAZKIA
Julen Etxeberria.
2026ko apirilaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Duela hiru urte saiatu nintzen hura fitxatzen, junior mailan ari zenean. Haren gurasoekin hitz egin nuen, baina frantziarrak nahiko patriotak dira, eta, normalean, beren jendearen alde egiten dute. Azkenean, Frantziako ordezkaritza talde batekin sinatu zuen kontratua». Paul Seixasi (Lyon, Frantzia, 2006) buruz ari da Egoi Martinez txirrindulari ohia (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1978). Martinezek urteak daramatza txirrindularien ordezkari lanetan. Gaur egun, hogei txirrindulari ditu bezero.

Martinezek gustura izango luke horien artean Seixas. Aspaldi da txirrindulari hasiberri batek ez zuela horrenbesteko arretarik bereganatu. Tadej Pogacarrek (UAE) eta Remco Evenepoelek (Red Bull) piztu zuten azkenekoz horrenbesteko ikusmina. Baina Decathlon taldeko 19 urteko txirrindulari frantziarrak sobran egin ditu merituak fokuen argipean egoteko: urtebete pasatxo baino ez darama mailarik gorenean, World Tourrean, eta onenen pare ari da. Atzo erakutsi zuen, Itzuliko lehen etapa nagusitasunez irabazita.

Martinezek ezustekoa hartu du Seixasekin. «Niretzat ez da ezustekoa izan Seixas munduko txirrindulari onenetako bat bilakatu izana. Argi nuen hori egingo zuela; duela hiru urte agerikoa zen talentu ikaragarria zuela. Baina uste nuen hiruzpalau urte beharko zituela munduko txirrindulari onenetako bat bilakatzeko. Inoiz ez nuen pentsatuko horren azkar egingo zuenik. Baina gauzak asko aldatu dira txirrindularitzan: lehen, gazte talentudun horiek heltze prozesu bat behar izaten zuten; orain, ordea, asko azkartu da dena, eta espero ez bezalako prozesuak izaten dira: Seixas da horren adibide».

Zer ikusi zuen Martinezek Seixasengan, bada, seguru egoteko munduko onenetako bat izango zela? «Ezohiko talentua» antzeman zion. «Junior mailako proba garrantzitsu batean txirrindulari batek bigarren sailkatuari lau minuturen aldea ateratzen badio, argi dago hain aise irabazi duen ziklista horrek organismo berezia duela, ezberdina dela. Eta Seixasek maiz egiten zituen horrelako erakustaldiak», azaldu du.

«Gaur-gaurkoz, Seixas, Vingegaard eta Del Toro dira Pogacarren organismotik gertuen daudenak»

EGOI MARTINEZ Txirrindulari ohia

Junior mailan zebilen Seixas, baina World Tourrekoen pare. «Behin, Suitzara joan, eta World Tourreko ziklistek igoko zuten mendate batera igo zen. Bada, igoera horretan egin zuen denbora World Tourreko denborarik onenetan hamabosgarrena izango litzateke. Horrek agerian uzten du organismo berezia duela, eta talentu hutsa dela». Evenepoelekin alderatu du. «Hark ere horrelako erakustaldiak egiten zituen junior mailan ari zenean: bost minuturen aldearekin izan zen munduko txapeldun. Horrelako zerbait ikusten duzunean, zera pentsatzen duzu: organismo hau berezia da, edo nik esaten dudan moduan, berezien artean bereziena. Miguel Indurain, Pogacar... horiek guztiak berezien artean berezienak izan dira. Seixasek horren itxura zuen junior mailan, eta, orain, bizi-bizi ari da urratsak egiten».

Ezberdintasunak Pogacarrekin

Nolanahi ere, Seixas Pogacarrekin alderatzearen arriskuaz ohartarazi du Martinezek, haren ustez, «aldea» baitago bataren eta bestearen artean. «Pogacar naturalki iritsi zen gorenera, ezer berezirik egin gabe: ez zen altueran entrenatu, ez zuen sekulako aldaketarik egin elikaduran, eta ez zen aritu ero baten moduan aerodinamika kontuetan. Talentu berezia zuen, eta horri esker irabazi zuen lehen aldiz Tourra. Hori egin eta gero hasi zen prestaketa aldatzen, baina ez lehenago. Seixas, berriz, jada lau hilabetez entrenatu da altueran, familia eta bikotekidea ikusi gabe, eta haizearen tunelean ibili, aerodinamika hobetzeko asmoz. Lantalde oso bat du inguruan. Dena ari da bikain egiten, eta 19 urte baino ez ditu».

Hain zuzen, Martinezi «kezka» eragiten dio «hain gaztetan dena bikain egiteak». «19 urterekin dena bikain egiten baduzu, edo beti irabazten duzu, eta ez duzu zalantzarik, edo egunen batean 21-22 urterekin norbaitek irabazten dizu, eta zera pentsatzen duzu: eta nik zer egingo dut orain? Hiru urte daramatzat dena bikain egiten eta norbaitek irabazi dit. Horrelako pentsamenduek pertsona baten mentalitatea txikitu dezakete». Horren harira, azpimarratu du Seixasek «presio handia» duela Frantzian. «Urte asko daramatzate Bernard Hinaulten oinordeko baten zain. Ikusteko dago nola eragiten dioten presio horrek, hain gaztetan dena horren ondo egiteak eta errendimendurako erabil daitezkeen estimulu guztiak erabili izanak. Zer gerta dakioke Tourrean egun txar bat baldin badu? Nola kudeatuko du hori? Gainera, ez dakit zergatik, baina txirrindulari frantziarrek ez dute ondo eramaten presioa. Hori da Seixasen inguruan dudan zalantza bakarra. Bestelakoan, gaur-gaurkoz, hura, Jonas Vingegaard eta Isaac del Toro dira Pogacarren organismotik gertuen dauden txirrindulariak».

«Frantziarrek urte asko daramatzate beste Hinault bat agertzeko desiratzen, eta, orain artekoa zapuztu ezean, hementxe dute»

EGOI MARTINEZ Txirrindulari ohia

«Oso txirrindulari osoa da». Halaxe definitu du Martinezek Seixas. Aitortu duenez, uste zuen erlojupekoetan ez zela onenen pare ariko, baina «jauzi handia» egin duela iritzi dio. «Algarven ikusi zen zein indartsu aritu zen. Sekulako motorra du, eta, garaia izan arren, oso ondo moldatzen da aldapan gora. Erritmoa aldatzeko gaitasun handia ere badu. Finean, dena dauka. Agian, ez da horren azkarra esprintean, baina horretan ere asko ari da hobetzen. Buruz ere indartsua da: espero genuen Strade Bianchen nabarmenduko zela, eta halaxe izan zen». Bigarren sailkatu zen, Pogacarren atzetik.

Itzulia, neurgailu aproposa

Martinezek argi du: Seixas «zer egiteko gai den ikusteko proba garrantzitsua» da Euskal Herriko Itzulia. «Bi gauza gerta zitezkeen: edo orain arte bezain indartsu ez aritzea, edo sasoiari eutsi, Del Toro estu hartu, lider jarri eta Itzulia irabazteko lehian ibiltzea. Lortzen badu, hori izango du abiapuntua hurrengo lasterketetan». Bada, bigarrena egin du Seixasek.

Seixas Itzulian ari da. Jarraian, Ardenetako bi klasikotan ariko da: Fleche Wallonen eta Lieja-Bastogne-Liejan. Eta, gero? Martinez «ziur» dago Tourrean lehiatuko dela. «Esango dute presiorik gabe arituko dela, proba ezagutzeko, baina Itzulian Del Tororen pare aritzen bada, Tourrean podiumean geratzeko hautagaia izango da, nire ustez».

Ezustekorik ezean, Seixas eta Pogacar elkarren aurka lehiatuko dira aurtengo Tourrean. Eta etorkizunean? Bada, ikusteko dago hori, UAEk begiz jota baitauka Seixas, baita beste talde askok ere. Martinezen arabera, «oso zaila» da UAEk Seixas fitxatzea. «Frantzia osoa du atzetik. Decathlonek milioi asko inbertitu ditu taldean. Ez diote utziko joaten, eta nahi duen guztia ordainduko diote. Taldea asko indartu beharko dute. Frantziarrek asko bultzatzen eta babesten dute txirrindularitza, eta merezi dute horrelako ziklista bat izatea. Urte asko daramatzate beste Hinault bat agertzeko desiratzen, eta, orain artekoa zapuztu ezean, hementxe dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA