Geldiezin dabil Paula Ostiz. Iruñeko 18 urteko txirrindulariak junior mailako Europako Erlojupeko Txapelketa irabazi du gaur, Etoile-sur-Rhonen, Frantzian. Hura izan da azkarrena 12,2 kilometroko ibilbidean. 18 minutu eta 38 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko. Gertu izan du bigarren sailkatua, Magdalena Leis alemaniarra, bi segundora baino ez. Hirugarren sailkatua, berriz, Oda Aune Gissinger norvegiarra izan da, hamar segundora.
Ostizek bigarrenez jarraian irabazi du erlojupekoa Europako Txapelketan; iaz, Limburgen nagusitu zen (Flandria). «Uste nuen gehiago kostatuko zitzaidala indarberritzea Munduko Txapelketatik bueltan bidaia luzea egin eta gero, baina oso ondo ikusi dut neure burua, eta oso erraz aritu naiz», esan du, urrezko domina kolkoan zuela.
Ostiz ikusgarri dabil, duela bi aste eskas urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat lortu baitzituen Munduko Errepideko Txapelketan, Kigalin, Ruandan: errepidekoan nagusitu zen, eta bigarren izan zen erlojuaren aurka.
Ostizez gain, beste bi euskal txirrindulari lehiatu dira gaur Europako Txapelketan, junior mailako erlojupekoan: Eñaut Urkaregi larrauldarra bosgarren izan da, eta Irati Aranguren usurbildarra, hamabosgarren.
Ostiz, Aranguren eta Urkaregi berriro lehiatuko dira ostiralean, errepideko probetan. Bihar, txirrindulariak txandaka ariko dira erlojuaren aurka, eta ikusteko dago Ostiz, Aranguren eta Urkaregi ariko diren. Espainiako selekzioko hautatzaileak erabakiko du hori.