Hirugarren aldiz segidan, lau eta erdiko finalean izango da Peio Etxeberria. Gaur, Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatu den finalaurrekoan, 9-22 irabazi dio Jokin Altunari. Sakearekin asmatu du, piloteoan nagusi izan da, eta arriskatu duenean tantoak amaitu ditu.
Partida oso bizia izan da. Oldarkor aritu dira bi pilotariak, eta pilotakada mordoa jo dituzte lehen tantoetan. Parekatuak izan dira markagailuak 5-6ko emaitza erakusten zuen arte.
Hortik aurrera, hobea izan da Etxeberria. Zazpi tanto jarraian egin ditu, eta agerikoa zen Altuna ez zebilela eroso. Beharrezkoa zenean arriskuak hartu ditu Etxeberriak, eta behar zenean seguru jokatu du.Â

Zazpi tantoren ostean, bolada txarra etetea lortu du Altunak (6-13), baina gutxi iraun dio pozak, zenoztarrak tartea handitzen segitu baitu (6-15, 8-17) amaierara arte.
Hirugarren aukera
Finalean Javi Zabala izango du aurkari Etxeberriak. 2023. urtean Altunaren kontra galdu zuen finala, eta iaz Lasoren aurka. Hirugarrengoan jantziko ote du txapela?