Oztopo guztiak gainditu ondoren, Peio Etxeberriak irabazi du Lau eta Erdiko Txapelketaren finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Partida ikaragarri gogorra eta ona jokatuta, 22 eta 20 hartu du mendean Javier Zabala. Astean zehar begiak sortutako arazoak aski ez, eta finalean zehar ere gorabeherak gainditu behar izan ditu nafarrak. 12-7 aurretik zela, gerrialdean zain tiratu antzekoa sentitu du, eta egoera kritikoan sartu da. Aldageletan izan da medikuarekin, eta nola edo hala lehiatzen jarraitu du. Arazoak izan ditu hasierako tantoetan, eta horixe baliatu du errioxarrak parera ailegatzeko. 14na berdin egon da finala, eta azken txanpan Zabala bera ere jarri da aurretik: 18 eta 20. Hots, hortzak estutu, burugogorkeriari eutsi, eta azkenean Etxeberriak bururatu du txapela. Bigarren urtez jarraian, distantzia motzean nagusi dela berretsi du Aspeko pilotariak.
Olatuak hartu eta utzi ibili dira bi finalistak partida osoan zehar. Bada, lehen olatua Zabalak hartu du, suziri baten moduan abiatu baitu norgehiagoka. Ohartzerako, 0-4 aurreratu da. Elektriko jokatu du, ausart eta erasokor. Horma bikoa izan du arma nagusi, eta gidoia garbi ekarri du etxetik. Aukera izan duen guztietan arriskatu egin du, bi aldiz pentsatu beharrik gabe, eta pilotakada oso gutxirekin abantaila ederra eskuratu du. Nafarrak, halabeharrez, lehen atsedena eskatu behar izan du momentu horretan. Eta asmatu du. Izan ere, atsedenetik bueltan kontuak bere onera ekartzen hasi da, pixkanaka eta lanaren poderioz. Fisikoki muturreraino gogortu du lehia, eta testuinguru horretan erosoago sentitu da. Tantoa bukatzen ere zorrotz jardun du. Hori bai, partida berdintzen kosta egin zaio: 3-4 eta 5-6 gerturatu da.

Bada, seinakoa izan da finaleko lehen berdinketa. Zabalak abiadura izan du ardatz ordura arte, eta Etxeberriak, sendotasuna. Bakoitzak berean, izugarri jokatu du. Zazpina ere egon dira, eta hortik aurrera Etxeberriaren jokoa nagusitu da. Defentsan sekulako lana egin du, bote lasterrean ezinezkoak ziruditen pilotak eraman baititu, eta Zabalari kosta egin zaio tantoak egitea. Egoera kritikoan murgildu da errioxarra. Zalantzati jokatu du, ez du asmatu pilota ze aldetara bideratu, eta lehen atsedenaldi luzera 12-7 aurretik heldu da txapelduna. Errenta aski polita eskuratu du, eta fisikoki ere sendoago agertu da. Batez ere, bere buruarengan sinetsi du.
Atsedenetik bueltan, beste aldera egin du olatuak. Orduantxe heldu zaio finaleko unerik gogorrena Etxeberriari. 12-7koan, sakea egitearekin batera, zain tiratu modukoa sentitu du gerrialdean, eta aldageletara sartu behar izan du, medikuaren laguntzarekin. Hiru minutuz barruan izan da, eta zalantza askorekin itzuli da kantxara. Oso pilotakada gutxian, indarrak pare-parean jarri ditu Zabalak: 13na berdindu du finala. Txapeldunak hanka sartu du pare bat tantotan, baina errioxarrak berak ere asko jokatu du pilotan. Ohikoa duen distirari sendotasuna erantsi dio, eta garbi geratu da gorakada izugarria egin duela azken urtebetean. 13na zirela, saskian ziren lau pilotak erabiliak zituzten bi finalistek, eta hortik aurrera izugarri gogortu dira kontuak. Tanto bakoitzak izan du urrearen balioa, eta pilotakada askoko tantoak jokatu dituzte.
18-16an, sakez falta
Besteak beste, 14-13koa izan da finaleko tantorik gogorrenetako bat. Bi pilotariak leher eginda geratu dira kantxan, makur-makur eginda, eta zutik jarrita erantzun diete jarraitzaileek. Etxeberriak kasta atera du, eta arrakasta ekarri dio horrek. Bigarren atsedenaldi luzera 18-16 heldu da aurretik. Pilotek distira gutxiago zutenez, tantoak amaitzeko komeria gehiago izan dituzte, baina dotore jardun dute pilotan. Ezker eskuarekin goi mailako jokaldiak plazaratu dituzte. Hori bai, bigarren atsedenetik bueltan opari galanta egin du Etxeberriak, sakez falta egin baitu. Garesti ordaintzeko zorian izan da. Zabalak ez du aukera alferrik galdu, eta lau tanto jarraian eginda, 18-20 aurreratu da. Helmugatik oso gertu sentitu da errioxarra. Irribarrea ere ezkutatu ezinik ibili dira Errioxako jarraitzaile asko.
Dena den, Etxeberriak ez du esan azken hitza, eta susperraldia izan du. 18-20koarekin, dejada batekin ez du asmatu Zabalak, eta nafarrak 19-20koa egin du. Ondoren, tanto gogor bat txapeldunaren aldera joan da. Sakez lortu du 21-20koa, eta azken tantoan merezita altxatu ditu bi besoak elastiko gorria zeraman pilotariak. Final gogoangarria izan da, eta txapelketako gogorrena, 400 pilotakadatik gora jo baitituzte, erritmo itogarrian. Azkenean, bigarren urtez txapeldun izan da Ultzama bailarako kirolaria, eta distantzia motzean nagusi dela berretsi du. Pozarren agertu da amaieran. «Begia nola neukan banekien, baina gerriko mina jartzerik ez nuen espero. Ez da izan gertatzen zaidan lehen aldia; blokeatu bezala egiten zait, eta ederki sufritu dut. Azken txanpan, dena kontra neukala, buruz oso gogor jardun dut, eta horri esker lortu dut garaipena». Etxekoak izan ditu gogoan. «Egunero nire ondoan daudenei eskaini nahi diet txapela. Aurten bigarren ume bat jaio zaigu, eta oso berezia izango da txapela etxera eramatea. Nola ez, badakit aitak goitik ere asko lagundu didala».
Lau eta erdikoa amaituta, datorren asteartean Binakako Txapelketa aurkeztuko dute, eta, ondo bidean, gaurko bi protagonistak bertan izango dira. Datorren asteburuan ekingo zaio lau hilabete luze iraungo duen txapelketari.