Pellegrino Matarazzo: «Talde honek talentu handia dauka, eta gauza gehiago egin ditzake»

Realak aurkeztu du entrenatzaile berria. Erronkari heltzeko prest dagoela esan du. Erik Bretosek aitortu du Sergio Franciscoren aldeko apustua ez zaiela ondo atera; Jokin Aperribaik, berriz, nabarmendu du jokalariak «egoera iraultzeko gogoz» daudela.

Pellegrino Matarazzo, Jokin Aperribai eta Erik Bretos, eskuak elkar hartuta, gaurko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Pellegrino Matarazzo, Jokin Aperribai eta Erik Bretos, eskuak elkar hartuta, gaurko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 22a
18:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hartu du Realaren lema Pellegrino Matarazzok. Ameriketako Estatu Batuetako entrenatzailea gaur aurkeztu dute. Imanol Alguacilen agurraren eta Sergio Franciscoren kargugabetzearen ostean, kanpoko teknikari baten alde egin du Realak. «Errespetuz eta ilusioz» ailegatu da Donostiara: «Errespetuz nator badakidalako zer-nolako lana egin den hemen; ilusioz, berriz, gauza politak sortu ditzakegulako elkarrekin». Onartu du erronka handia duela aurrean. «Baina erronkak aukera bezala ikusten ditut nik. Prest nago. Bestela, ez nintzateke hemen egongo. Ez dago aitzakiarik». Bere jokatzeko ereduaz eta sistemaz ere mintzatu da, baina futbola emaitzak dira, eta hori argi du Matarazzok: «Partidak irabazteko garaia da». Erik Bretos Futbol zuzendariak berretsi du kanpotik etorri arren ez datorrela orain arte egindako lana haustera: Reala hobetzera dator». Jokin Aperribai presidenteak, berriz, nabarmendu du ez dutela arriskurik hartu Matarazzo fitxatuta: «Harekin lan egiten duten pertsonekin hitz eginez gero, argi geratzen da hori. Taldeak norabide egokian aurrera egin dezan etorri da».

Anoetan egin dute aurkezpena, eta, Aperribairen agurraren ostean, entrenatzaileak hartu du hitza. Euskaraz agurtu ostean, ingelesez egin du agerraldia. Nabarmendu du «oso zoriontsu» dagoela Realera etortzeagatik. «Eskertuta nago Jokinekin [Aperribai] eta Erikekin [Bretos], nigan izan duten konfiantzagatik». Halaber, zera gehitu du: «Hasieratik egin nuen bat klubaren balioekin, nortasunarekin eta hemen futbola bizitzeko duzuen moduarekin».  

Taldea «oso ondo» ezagutzen duela azaldu du: «Realaren partida asko ikusi ditut, bai aurreko denboraldian, bai honetan. Ondo ezagutzen ditut taldearen ahalak. Talentu handia dago». Argi du zertan hobetu behar duten: «Hutsik geratzen diren eremuak baliatuz hobeto aritu behar dugu erasoan, defentsan sendoago aritu, eta zer egin argiago izanda jokatu». Jokalari bakoitzarekin bakarka lan egiteko gogoz dago: «Uste dut talde honek gauza gehiago egin dezakeela, eta hobeto aritu».

Stuttgarten eta Hoffenheimen, atzean bost jokalari jarrita jokatu zuen behin baino gehiagotan, baina ez du zehaztu zer marrazkirekin jokatuko duen: «Ez dugu joko sisteman edo marrazkian pentsatu behar, baizik eta taldeak zelaian duen portaeran; batez ere baloia galtzen duenean». Xeheago azaldu du zein den gustuko duen jokatzeko modua: Erasoko jokoa dut gustuko, baina ez baloiaren jabe izatean oinarrituta, baizik eta gol aukerak sortzeko gaitasunean. Zera nahi dut: taldeak presioa goian egitea, eta estua eta dinamikoa izatea. Baina hainbat talderen aurka jokatzeko, ezinbestekoa izango da bloke baxuan kokatzea».

«Erasoko jokoa dut gustuko, baina ez baloiaren jabe izatean oinarrituta, baizik eta gol aukerak sortzeko gaitasunean. Zera nahi dut: taldeak presioa goian egitea, eta estua eta dinamikoa izatea»

 PELLEGRINO MATARAZZO Kargua edo Lanbidea

Arlo mentalaren garrantzia azpimarratzearekin batera, gehitu du: «Gure lehen egitekoa jokalariekin bat egitea izango da. Horrekin batera, lan egiteko modu argi eta sendo bat ezarri nahi dugu, lortu nahi ditugun helburuak betetzeko». Segidan galdetu diote helburu horietaz, eta zera esan du: «Lehen helburua jokalariak behar bezain ondo aritzea da. Epe luzera, berriz, klub honek duen nortasunari segida eman nahi diot, harrobiko jokalariak lehen taldera igoz, eta berriro ere Europarako sailkatuz. Hori argi daukat». Matarazzok bi laguntzaile izango ditu: John Maisano eta Omer Toprak Maisanok eskarmentua du entrenatzaile laguntzaile bezala, eta Tropakek Bayern Leverkusenen jokatu zuen. 

Urrian lehen hartu-emana

Bretosek eman ditu entrenatzailearen fitxaketaren inguruko azalpenak: «Urrian jarri ginen lehen aldiz harekin harremanetan. Orduan ere taldea egoera zailean zegoen. Gure asmoa ez zen Sergio [Francisco] kargutik kentzea. Baina nire lana da halako egoeratarako prest egotea. Hasieratik ikusi genuen bion lan egiteko moduak antzekoak zirela. Azken egunetan horretan sakondu dugu, eta argi izan dugu hura ekarri nahi genuela». Onartu du Sergio Franciscoren alde egitea ez zaiela ondo atera: «Udan argi genuen Sergio zela aukerarik onena. Baina gauzak ez dira ondo atera, eta erabaki zailak hartu behar izan ditugu». Autokritika ere egin du: «Gauzak hobetu behar ditugu; hasteko, nik». Sadiqen inguruan hauxe esan du: «Uda gogorra izan zen, eta denek dakigu zer gertatu zen. Onena eman dezan saiatu gara, baina orain beste fitxaketa merkatu bat dator, eta argi dago zer pentsatzen dugun». Yangel Herreraz ere azalpenak eman ditu: «Sekula ez ditu hainbeste lesio izan; aztertu egin beharko dugu zer gertatzen ari zaion».

«Hasieratik ikusi genuen bion lan egiteko moduak antzekoak zirela. Azken egunetan horretan sakondu dugu, eta argi izan dugu hura ekarri nahi genuelat»

ERIK BRETOS Realeko futbol zuzendaria

Aperribaik, berriz, aitortu du «agian» aurretik hartu behar zutela kanpora begiratzeko erabakia: «Aurreko denboraldi amaiera txarra izan zen. Egoera ikusita, taldeari lasaitasuna ematen aldera, Zubietaren alde egiten jarraitzea erabaki genuen. Talde berri bat eraiki behar dugu. Talentua daukagu, eta diru aldetik ere lasai gaude hori egin ahal izateko. Ez dakigu zenbat denbora beharko dugun horretarako».

Lokalariak «egoera iraultzeko gogoz» ikusten ditut. Horrek lasaitasuna ematen du. Ez daude kikilduta. Gauzak ez dira nahi bezala ateratzen, baina horrek ez du esan nahi multzoan liderrik ez dagoenik»

JOKIN APERRIBAI Realeko presidentea

Neguko merkatuan fitxaketak egingo dituzten galdetuta, hauxe izan da Aperribairen erantzuna: «Taldea indartu behar bada, erabakiak hartuko ditugu». Baina erantsi du: «Uste osoa izan behar dugu hemen daudenek eman dezaketenean». Jokalariak «egoera iraultzeko gogoz» ikusten ditu: «Horrek lasaitasuna ematen du. Ez daude kikilduta. Gauzak ez dira nahi bezala ateratzen, baina horrek ez du esan nahi multzoan liderrik ez dagoenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.