Kern Pharma taldeko txirrindularia

Ibon Ruiz: «Pello Bilbaok esan dit taldeko autobusean izan duen eserlekua niretzat gorde duela»

Pello Bilbaok erretiroa hartuko duen arren, Bahrain taldean euskal ziklista bat ariko da aurrerantzean ere: Ibon Ruiz. Bi urterako sinatu du, eta, gernikarrak egin bezala, arrastoa utzi nahiko luke Bahrainen. Azken zazpi urteak Kern Pharman egin ditu.

Ibon Ruiz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ibon Ruiz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko irailaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sentimendu kontrajarriak ditu Ibon Ruizek (Gasteiz, 1999). Pozik dago, World Tourrean jarduteko aukera jaso baitu; baina baita triste ere, Kern Pharma kinka larrian baitago, babeslerik aurkitu ezinda. Ruiz talde horretan aritu da 2020an profesional bilakatu zenetik, eta distira egin du aurten, goren mailako zenbait talde erakartzeraino. Ilusio handiz hartu du Bahrainek emandako aukera: «eskalatzaileen multzoa indartzeko» fitxatu omen dute. Era berean, kezkatuta dauka etorkizuna kolokan duten taldekideen egoerak.

Azkenean, iritsi zaizu World Tourrera jauzi egiteko ordua. Aspaldi zinen aukera horren zain?

Txirrindulari profesionala zarenean, gorenera iristeko nahia beti dago hor. Denboraldi honen hasieran, helburutzat ipini nuen World Tourrera jauzi egitea. Gogor egin dut lan, eta ez da ezustekoa izan Bahrain taldearen deia jasotzea.

27 urterekin egingo duzu urratsa. Inoiz ez da berandu, gaur egungo ziklismoan gaztetasuna hobesten den arren.

Kern Pharmara goiz iritsi nintzen, 20 urte besterik ez nituela. Alde horretatik, goiz ibili nintzen. Bi urte besterik ez nituen igaro amateur mailan. Ordea, bide luzeagoa egin behar izan dut World Tourrera iristeko. Ni, dena den, pozik nago izan dudan garapenarekin. Oso txirrindulari heldua naiz gaur egun, eta uste dut hori dela garrantzitsuena nire talde berriarentzat.

Eskaintza asko izan dituzu mahai gainean? Eta zergatik aukeratu duzu Bahrain?

Bahrainek erraztasun handiak jarri ditu. Dena ondo eta azkar egin nahi izan du, eta nire ordezkariak eta biok garbi ikusi dugu: aukerarik onena zen. Beste eskaintzaren bat ere jaso dugu, baina ez dut zalantzarik izan. Bahrainek, printzipioz, bi urterako fitxatu nau, eta, ondo bidean, harreman luzea izango da. Eskalatzaileen multzoa indartu nahi dute, eta estrategia horren harira ekarri naute taldera.

Kern Pharma kinka larrian dela iritsi da zure fitxaketa. Nola bizi izan duzue talde barruan babesle nagusiaren galerak eragindako ziurgabetasuna, eta nola eragin dizu zuri?

Talde barruan, zaila izan da, eta oraindik ere hala da. Ez dakigu ezer. Egitura honek sekulako lana egin du azken urteetan, eta oso tristea litzateke dena ezerezean geratzea. Aurten, sei garaipen lortu ditugu, zeresana eman dugu Espainiako Vueltan, eta puntu aldetik ere emankorrak izan gara. Halako talde batek nahitaez jarraitu beharko luke. Nik, bederen, eskaintzak nahiko goiz jaso nituen, eta horrek lasaitasuna eman dit nire etorkizun profesionalari dagokionez.

«Denbora aurrera doa, eta geroz eta zailagoa da taldeak babesle bat topatzea. Ea azken gerri kolpean garaipena lortzen dugun»

Honezkero ezinezkotzat jotzen duzu datorren urteari begira egiturak tropel profesionalean jarraitzea?

Vuelta bukatuta, oraindik ez zegoen babesle berririk. Denbora aurrera doa, eta, noski, geroz eta zailagoa da irtenbidea topatzea. Ea, txirrindularitzaren esparruko hitzak erabiliz, azken gerri kolpean garaipena lortzen dugun. Ziklismoarentzat galera handia litzateke talde honek tropelean ez jarraitzea, arrastoa utzi baitugu gure izaera borrokalari eta ausartarekin. Luzaro oroituko da, adibidez, 2024ko Espainiako Vueltan egin genuena [hiru etapa irabazi zituzten].

Aurtengo Vueltan, kamerari begira, kontratu bat eskatu zenuen Iñigo Elosegi taldekidearentzat. Txirrindulari izateari uzten diozunean, etorkizuna izan dezakezu ordezkari bezala.

Ufa, oso lanbide zaila iruditzen zait. Oso trebea izan behar duzu. Momentu hartan, Iñigorentzat eskatu nuen kontratua, baina etorkizuna airean duten beste taldekide batzuk ere baditut, eta haiek ere talde berri bat aurkitzea nahiko nuke. Oso zaila da: batzuk, beharbada, ez dute profesional gisa berriz lehiatuko, eta beste batzuk amateur mailatik igarotzeko aukerarik gabe gera daitezke.

Distiratsu aritu zara aurten, garaipen eta guzti [Mercan’Tour Alpes-Maritimes klasikoa irabazi zuen]. Orain arte izan duzun sasoirik oparoena izan da, ezta?

Alde handiz, gainera. Egia da iaz ere gauzak oso ondo egin nituela, baina azken urratsa egitea falta zitzaidan. Bada, aurten, azkenean, iritsi da garaipena. Lan eta sakrifizio askoren emaitza izan da; merezi nuen. Erretiroa hartzeko tenorea iristen denean, ziklista bezala gutxienez garaipen bat lortu dudala esan ahalko dut.

Lenny Martinez babesteko fitxatu zaitu, besteak beste, Bahrainek. Zeure kasa aritzeko askatasuna ere emango dizute?

Horren inguruan oraindik ez naiz asko solastatu taldearekin. Lehen egonaldia datorren hilean dugu, eta orduan zehaztuko ditugu egutegia eta beste zenbait xehetasun. Bahrainen lehiatzeko modua zein den ikusita, uste dut nire kasa aritzeko aukerak ere izango ditudala.

«Bahrainen lehiatzeko modua zein den ikusita, uste dut nire kasa aritzeko aukerak ere izango ditudala»

Zazpi urte egin dituzu orain arte profesional gisa, denak ere Kern Pharman. Hots, etxean egon zara orain arte. Bahrainen, ordea, jatorri askotako taldekideak eta lan egiteko beste modu bat izango dituzu. Aldaketa handia izango da.

Bai, eta ohitu beharra izango dut. Ingelesarekin nahiko ongi moldatzen naiz, baina mihia askatu beharra daukat. Egunez egun joango naiz, duten lan metodologia pixkanaka barneratuz. Ilusio handia dut, gauza handia baita goren mailako talde batera iristea. Nire boladarik onenean nago, eta uste dut behar bezala egokituko naizela.

Pello Bilbaok jarraitu izan balu, ziurrenik azkarragoa zatekeen egokitzapena.

Donostiako Klasikoan hitz egin genuen, behin Bahrainekin kontratua sinatu ondoren. Txantxetan, zuk diozuna esan nion: ea ez zuen beste urte batez taldean jarraituko, niri gauzak errazte aldera. Berak esan zidan erretiratzeko garaia dela, baina taldeko autobusean izan duen eserlekua niretzat gorde duela.

Behin gorenera iritsita, bertan egonkortzea izaten da lehen urratsa. Eta gero, zer lortu nahiko zenuke?

Nire nahia, nagusiki, World Tourrean ahalik eta ibilbiderik luzeena izatea da. Ez da erraza, gazteak indar handiz iristen baitira. Taldeburuentzat gustura ariko naiz lanean, eta ea neronek ere emaitza onak lor ditzakedan. Era berean, Frantziako Tourrean lehiatzea gustatuko litzaidake. Erretiratu aurretik egin nahi ditudan gauzetako bat da. Nire ezaugarriak kontuan izanda, Giroa egokiagoa da niretzat, eta bertan ere aritu nahiko nuke. Orain, dena den, ez dut oso urrutira begiratu nahi. Gorenera iritsi berria naiz, azken batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA