Pilota

Peña II.ak irabazi du sanferminetako lau eta erdiko txapela

Zabala 16-7 ari zen irabazten, baina tolosarrak emaitza irauli du, eta lehen aldiz irabazi du txapela: 22-20. Lehen Mailako Mastersetik kanpo gelditu ondoren, kantxan erakutsi du onenen artean tokia baduela.

Jon Ander Peña. IÑIGO URIZ / FOKU
Jon Ander Peña, pozarren, txapela jantzita, gaur, Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
Iruñea
2025eko uztailaren 7a
14:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Jon Ander Peñak irabazi du sanferminetako lau eta erdiko txapela, Javier Zabala estu eta larri menderatu ondoren Nafarroa Arenan jokaturiko finalean: 22-20. Joan den urtean tanto bakar batez ihes egin zion txapelak tolosarrari, 22-21 galdu baitzuen finala Jokin Altunaren aurka. Arantza ateratzeko aukera ederra zuen gaur, eta ez du alferrik galdu. Hori bai, ederki sufrituta eskuratu du garaipena. 16-7 atzetik izan da Baikoko pilotaria, eta jokoari erreparatuta, ez zirudien gai izango zenik emaitza iraultzeko. Musika joaz aritu da Aspeko pilotari errioxarra, eta dantzan Peña II.a. Ordea, eskuko arazoek eta nekeak eraginda edo, goitik behera egin du Zabalak nabarmen, eta haren opariak ederki baliatu ditu garaileak. Bigarren zatian egindako lan distiratsuari eta kastari esker iritsi da hogeita bira, eta merezita gehitu dio txapela zapi gorriari.

Finalaren lehen herena ikaragarri gogorra izan da. Erritmo itogarrian jokatu dute bi pilotariek, eta elkar hautsi ezinda ibili dira. Zabala zezenaren moduan kantxaratu da, eta 4-1 aurreratzea lortu du. Indarrak azkar berdindu ditu tolosarrak: launa. Botez abiadura biziagoan ibili du pilota Aspekoak, baina hori ikusirik, pauso bat aurrera eman eta airez jokatzen hastea erabaki du Baikokoak. Bakoitza bere alorrean eroso sentitu da. Finaleko eta txapelketako tantorik onena iritsi den arte. Zaleak zutik jarri dira bosnakoan, eta gogotik egin dute txalo. Ez zuten gutxiago merezi bi protagonistek. Lurrean arrastaka ibili dira biak, ezinezko pilotak jarri dituzte txapa gainean, eta azkenean Peña II.ak lortu du tantoa. Oso gutxitan ikusten diren tanto horietako bat jokatu dute.

Bere helburua lortu du Baikokoak, tantoa bere aldera ekarri baitu, baina ondorioak izan ditu. Nekatu egin da, arnasa beterik ezin izan du bere jokoa egin luzaroan, eta partidaren bigarren herenean askoz gehiago izan da Zabala. Perfekziotik gertu jokatu du, saketik hasita. Gustatu ohi zaio horma bikoarekin egitea sake batzuk, baina gaur ez du horren beharrik izan. Ezker horman bikain sartu ditu sake guztiak, eta errematean ere eraginkor jokatu du. Konfiantzaz gainezka ibili da kantxan, gozatuz eta gozaraziz. Lehen atsedenaldi luzean 12-7 aurretik izan da, eta handik bueltan ere eutsi egin dio joko boladari errioxarrak. Peña II.ak ezin izan du erasoan aritu une bakar batez, eta finala ia galdua izan du 16-7koan. Ez soilik emaitzagatik, baizik eta aurkariaren joko erauntsiagatik.

«Inoiz ez bezala sufritu dut»

Garai horretan inork ez zuen apusturik egingo Peña II.aren alde, baina artekariak zutiarazi ditu tolosarrak. Zabalak garai txarreko pare bat opari egin ditu, eta konfiantza galdu du kolpe batez. Oraindik ere buruz bigun samar dagoela berretsi du. Komeni ez zitzaion jokoan tematu da Peña II.arekin, eta hark ez ditu aukerak alferrik galdu. Lehenbizi, sakean moldatu da bikain tolosarra, hiru tanto jarraian egin baititu. Eta, gero, horma bikoari atera dio zuku gehien. Markagailuan gerturatu ahala, haziz joan da garailea. Hamaseina berdin jarri ondoren, 17-16koan aurreratu da partidan lehen aldiz. Olatua harrapatu duenean, hamar tanto egin ditu jarraian.

Azken txanpan emozioa izan da nagusi, eta Zabalak berriz ere bi tantoren aldea izan du: 19-17. Ez du ongi kudeatu tenplea, eta Peña II.ak gain hartu dio. Ausardia izan da txapeldunaren armarik onena. Pozez zoratzen mintzatu da finala amaitu berritan. «Ez dakit inoiz hainbeste sufritu izan dudan. Fisikoki hautsi egin naiz lehen herenean, eta buruz ere une gogorrak gainditu ditut. 16-7koan galduta ikusi dut finala, gorputzaldiak ere ez dit lagundu, baina, kastari esker, hobera egin dut pixkanaka. Ezin dut sinetsi lortutakoa». Lehen Mailako Mastersetik kanpo geratu ondoren, kantxan tokia duela erakutsi du Peña II.ak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.