IDK Euskotren taldeko jokalaria

Irene Murua: «Pixkanaka jokatzen ari naiz, eta sasoi hasieratik hobekuntza nabaritu dut»

Bost urtez Ameriketako Estatu Batuetan jokatu eta gero, etxera itzuli da Murua. Aitortu du kostatu egin zaiola egokitzea, baina gustura dagoela. Azken lau partidak galdu arren, ziur dago taldeak gora egingo duela berriz.

Irene Murua IDK-ko jokalaria. JON URBE / FOKU
Irene Murua IDK-ko jokalaria. JON URBE / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko abenduaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

IDK-k  entrenamendua amaitu berri du Gaska kiroldegian, eta dutxa hartu aurretik izan da elkarrizketa Irene Murua jokalariarekin (Arrasate, Gipuzkoa, 2002). Udan Donostiako taldeak fitxatu zituen jokalarietako bat da. 16 urterekin Ameriketako Estatu Batuetara joan zen saskibaloian jokatzera. NCCAn —Unibertsitateko Lehen Maila— aritu da bost urtez. Urtebete egin zuen Lousiana Tech taldean, hiru Detroit Mercy Titan taldean, eta beste bat Fordham Rams taldean. Orain etxera itzuli da, lehen aldiz Espainiako Ohorezko Mailan aritzeko. Gaur estreinakoz jokatuko du derbi bat gorenean, Lointek Gernikaren aurka, Malosten (12:00, ETB1). Bi taldeek galdu egin dituzte azken lau partidak.

Liga bikain hasi eta gero, azken lau partidak galdu egin dituzue. Azkena, etxean, Leganesen aurka: 60-73. Zer moduz dago taldea?

Egia da horrelako bolada txar batean sartzen zarenean zaila izaten dela buelta ematea. Baina uste dut zera gogoratu behar dugula: sasoi hasierako talde bera garela. Gauzak ondo eginez gero, batera baldin bagaude eta lanean jarraitzen badugu, berriz ere lortuko dugu bolada onean sartzea.

Zer egiten zenuten lehen ondo, eta orain zer hobetu behar duzue?

Uste dut orain zalantza asko izaten ari garela, erasoan batez ere. Jaurtiketa onak egiten ditugu, baina, beharbada, zalantza gehiago izaten ari gara. Ez gara hain eraginkor ari, eta portzentaje txarragoak ditugu. Behar duguna zera da: konfiantzaz jarraitzea eta gugan sinestea.

«Uste dut orain zalantza asko izaten ari garela, erasoan batez ere. Behar duguna zera da: konfiantzaz jarraitzea eta gugan sinestea»

Gaur lehen derbia jokatuko duzu gorenean, Malosten, Gernikaren kontra. Haiek ere galdu egin dituzte azken lau partidak.

Euskal Kopa jokatu genuen Araskiren eta Gernikaren aurka. Baina egia da lagunarteko partida bat eta ligako bat ez direla gauza bera. Haiek ere ez daude bolada onean. Etxean jokatuta, dena emango dute. Guk ere bolada txar hau eten nahi dugu. Derbiak beti dira oso garrantzitsuak, eta igandekoa [gaurkoa] ez ezik, Araskiren aurkakoa [urtarrilaren 4an izango da] ere lehia bizikoa izango da.

Aurrez jokatu al duzu Malosten? Ezagutzen al duzu?

Bai, gaztetxoen kategorietan. Asko gustatzen zait han jokatzea. Kiroldegi txikia da, eta bertako zaleek asko estutzen dute. Baina ziur nago hemendik ere joango direla zaleak, eta giro polita egongo dela. 

Saskibaloian zaila da emaitza asmatzea; baina, ausartuko al zinateke Gernikaren aurkako partidarako emaitza bat ematen?

65-75 IDK-ren alde.

Ligaren lehen herena jokatu duzue. Azken lau partidak galdu aurretik bigarren postuan zeundeten, eta, orain, seigarrenean. Zein balorazio egiten duzu?

Denboraldi hasieran garai honetan seigarren egongo ginela esanez gero, sinatu egingo genukeen. Oraindik Kopan sartzeko lehian gaude, eta gure helburuetako bat hori izanik, balorazioa oro har ona da. Gertu daukagu. Beste partida bat irabazita, sailkatu egingo gara ziur. Garaipen batek, gainera, lasaitasuna emango liguke gora begiratzeko.

Lehen aldiz ari zara Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen. Zer moduz?

16 urterekin, AEBetara joan aurretik, Araskirekin aritu nintzen. Lehen taldeko dinamikan nengoen, eta haiekin entrenatzen nintzen. Baina bost urte hauetan apustu handia egin da ligan, eta asko aldatu da. Geroz eta jokalari hobeak daude, eta maila hobea da. Denbora behar izan dut egokitzeko, AEBetan dagoen jokatzeko modua eta hemengoa desberdinak baitira. Horrez gain, unibertsitateko taldean gehienez 21 urte zituzten jokalariekin egon naiz; hemen, berriz, esperientzia handiko jokalariak daude, eta zailagoa da alde horretatik. AEBetan baloiaren jabetza 30 segundokoa da, eta hemen, 24koa. Hemen azkarrago jokatu behar duzu. Han, lasaiago jokatzen dute. Fisikoki ere indartsuagoak dira. 

«Hemen AEBetan baino bizkorrago jokatu behar dugu. Han lasaiago jokatzen dute, eta fisikoki indartsuagoak dira»

Kirol arloa alde batera utzita, nolakoa izan da egokitzapena?

Donostian bizi naiz, Itziar Ariztimuño taldekidearekin. Hiria eta bertako bizimodua asko gustatzen zaizkit. Taldean ere oso gustura nago: talde oso ona dugu, taldekideak jatorrak dira, eta giroa oso ona da. Uste dut hori ere garrantzitsua dela kantxan. Azurekin [Muguruza, entrenatzailea] eta Jonekin [Santamaria bigarren entrenatzailea] oso ondo moldatzen gara. Kluba familia baten modukoa da, eta oso pozik nago eurekin egoteaz. Urte asko daramatzate hemen, eta asko ikasten ari naiz.

Ez zara jokatzen ari besteak bezainbeste. Nola daramazu?

Ez da erraza, baina ikasten nabil. Denboraldi hasieratik hona, hobekuntza nabaritu dut, eta geroz eta gehiago jokatzen ari naiz, justu azken partidan izan ezik. Nolanahi ere, gura dudana zera da: hobetzen jarraitzea, eta ahal dudan moduan taldeari laguntzea.

Arrasateko bi jokalari ari zarete gorenean: Bingen Errasti Bilbao Basketen, eta zu IDKn. Ez da oso ohikoa.

Oso berezia da, eta, bai, arrazoi duzu: ez da oso ohikoa. Arrasateko kluba egiten ari den lan ona erakusten du horrek. Txikitatik umeak saskibaloian aritzea bultzatzen dute. Harrobiko lan ona egiten ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.