Enric Masek (Movistar) ez du aurrean duen aukera paregabea alferrik galdu nahi. Tadej Pogacar (UAE) liderrak lasterketa utzi ostean, haren lekukoa hartu du Masek, eta bikain, gainera. Garrantzitsua zen gaurko etapa, bederatzigarrena: Vila Joiosaren eta Aitanako gainaren artean, 187,4 kilometroko bide menditsua osatu du tropelak. Mas Oscar Onleyrekin (Ineos) heldu da tontorrera, eta han aise gailendu zaio txirrindulari britainiarrari.
Askorentzat gaurkoa zen Espainiako Vueltako etapa nagusia. Horren jakitun, eta Movistarrek ez duenez lasterketa kontrolatzeko UAEk bezainbeste gaitasun, ihesaldi arriskutsua osatu da. Pavel Sivakov (UAE) nabarmendu da han: Aitanako igoera hasi eta gutxira atzean utzi ditu aurkari guztiak, azkena, Marcel Camprubi (Pinarello) Espainiako txapelduna.
Nahi baino gertuago zuen, ordea, faboritoen multzoa. Felix Gallen Decathlon taldea tiraka aritu da, eta, helmugarako zortzi kilometro falta zirenean, erasora jo du Gallek berak. Ez du lortu, baina, gainontzeko faboritoekiko tartea zabaltzea. Masek uneoro izan du kontrolpean austriarra.Â
Liderrak hiru kilometroren faltan jo du eraso erabakiorra. Ez Gallek, ez Roglicek; Onleyk soilik eutsi dio Masen gurpilari, baina agerikoa zen Movistarrekoa indartsuago zegoela. Hala erakutsi du azken metroetan ere, eta pozarren ospatu du garaipena.Â
Gaurko garaipenari esker, are liderragoa da Mas: sailkapen nagusian 1:18 ateratzen dio Roglici, eta 1:39 Galli.