Pogacarren hutsunea baliatzeko abagunea

Esloveniarra min hartuta egonik, ziklista asko izango dira hautagai Munduko Txapelketako errepideko proban. Igandean lehiatuko da gizonezkoen elite mailako lasterketa, Montrealen antolatu duten ibilbide gorabeheratsuan; emakumeak gaur ariko dira.

Remco Evenepoel igandean erlojuaren aurkako proba irabazi eta gero. EDOUARD DESROCHES / EFE
Remco Evenepoel, igandean, Munduko Txapelketako erlojuaren aurkako proba irabazi eta gero. EDOUARD DESROCHES / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsik dago Munduko Txapelketako tronua. Azken bi urteetan Tadej Pogacar (Eslovenia) eseri da bertan, gizonezkoen proba nagusitasun osoz irabazita. Aurten Peter Saganen (Eslovakia) pare jar zitekeen, hirugarren garaipena kateatuz gero. Eskura zuen: Montrealgo (Quebec) zirkuitua aproposa zen harentzat. Bada, marka horrek ihes egin dio Pogacarri, Vueltan izan zuen erorikoaren erruz. Hori horrela, zeruko ateak zabaldu egin zaizkie txirrindulari askori. Gora begiratu, eta ostadarra dakusate. Pogacar etxean egonik, munduko txapeldun bilakatzea ez da amets utopiko bat, aukera erreal bat baizik. Hautagai ugari abiatuko dira elastiko koloretsuaren eta baliotsuaren bila.

Montrealek bigarrenez hartu du Munduko Txapelketa antolatzeko ardura. 1974ko aldiak mugarri gisa balio izan zuen, Europaz kanpo lehiatu zen aurrenekoa izan baitzen. Hiri horretan, halaber, klasiko bat jokatzen da urtero, Montrealgo Sari Nagusia. Zirkuitu bat da lasterketa horren muina, eta zirkuitu hori bera baliatu dute Munduko Txapelketa honetarako. 273 kilometro izango dira guztira, eta bira bakoitzean hiru aldapa gaindituko dituzte, Camilien-Houde, Polytechnique eta Pagnuelo, 3.800 metroko desnibela pilatzeraino. Igandean, dena den, hamabi bira emango dizkiote zirkuituari, eta ez hamasei, urtero World Tourreko lasterketan gertatzen den bezala. Ondorioz, igoeretan oso indartsuak ez diren txirrindulariak ere nabarmendu daitezke. Gainera, selekzioka lehiatzen diren lasterketetan anabasa handiagoa izaten da. Hots, lehia bizi eta irekia izango da dominak eskuratzeko.

Remco Evenepoel flandriarrak urrezkoa kolkoratu berri du erlojuaren aurka, Belgikako selekzioarekin. Proba horri inork ez bezala hartu dio neurria, lau urtez jarraian nagusitu baita. Bada, beste marka bat ezar dezake orain, urte berean erlojupekoa eta errepideko proba irabazita. Jeannie Longok (Frantzia) garaipen bikoitza eskuratu zuen 1995ean, baina ez dago hori lortu duen gizonezko txirrindularirik. Evenepoelek badaki bi esparruetan nagusitu daitekeela, hala egin baitzuen 2024ko Olinpiar Jokoetan, Parisen. Gainera, 2022an errepideko munduko txapeldun izan zen. Duela bi aste kale egin zuen Montrealgo Sari Nagusian, baina konfiantzaz iritsiko da halere. Tourrean bigarren izan ondoren, Donostiako eta Quebeceko klasikoak irabazi ditu, eta iragan igandean indar erakustaldi handia egin zuen erlojuaren kontra.

Beste hautagai nagusiak bi multzotan bana daitezke. Alde batetik, igotzaileak daude: Isaac del Toro (Mexiko) eta Paul Seixas (Frantzia). Oso gazteak dira biak —22 urte ditu Del Torok, eta 20 aste honetan bete berriak Seixasek—, baina prest daude elite mailako munduko txapeldun izateko. Montrealgo Sari Nagusian lehia ederra izan zuten buruz buru, eta esprintean, mexikarra izan zen indartsuena. Orduan bezala, igandean ere 500 metroko aldapa batean egongo da helmuga, eta Del Torok etekina atera diezaioke errematerako duen gaitasunari. Aurrerako beste urrats bat egin du denboraldi honetan: World Tourreko hiru itzuli irabazi ditu, eta hirugarren izan da Frantziako Tourrean. Seixasek, berriz, laugarren amaitu zuen bere lehen Grande Boucle-a. Denboraldi hasieratik dabil egurrean —aise irabazi zuen Euskal Herriko Itzulia—, eta eutsi egin dio sasoiari; joan zen igandean, brontzezko domina eskuratu zuen erlojuaren aurka.

Wout van Aert flandriarra (Belgika) eta Mathieu van der Poel (Herbehereak) ere hautagaitzat jo beharrekoak dira. Astunagoak dira Seixas eta Del Tororen aldean, baina Montrealgo aldapak gainditzeko gai izan daitezke. Van Aert, adibidez, bigarren izan zen 2022an Montrealgo Sari Nagusian, Pogacarren atzetik. Ordutik, behera eginda ibili da flandriarra, baina suspertu egin da aurten. Eta nola suspertu, gainera: Paris-Roubaix irabazi zuen udaberrian, eta nahieran ibili da Espainiako Vueltan. Igandean, hori bai, lidergoa Evenepoelekin partekatu beharko du. Bi aldiz izan da bigarren Munduko Txapelketan. Van der Poel, berriz, podiumaren gorenean izan zen 2023an. Hark gehiago sufritu dezake igandeko aldapetan, baina edozertarako gai da inspiratuta badago. Joan zen igandean, 176 kilometroko bakarkako erakustaldia egin zuen Luxenburgoko itzulian.

Tom Pidcockek (Erresuma Batua) badaki zen den Munduko Txapelketa irabaztea, baina ez errepidean, mendiko bizikletarekin eta ziklo-krosekoarekin baizik. Nahiko aurrean ibili da berriki Montrealgo klasikoan eta Quebecekoan. Brandon McNulty eta Quinn Simmons (AEBak), Giulio Ciccone (Italia), Mads Pedersen (Danimarka), Ben Healy (Irlanda) eta Jhonatan Narvaez (Ekuador) ere aintzat hartu beharreko txirrindulariak izango dira. Bi euskal ziklista ariko dira lehian, biak ere Espainiako selekzioarekin: Markel Beloki eta Igor Arrieta.

Volleringen urrezko ametsa

Demi Volleringek (Herbehereak) garaipenen bilduma aparta osatu du bere ibilbidean. Urrutira joan gabe, Tourra eta Giroa irabazi ditu aurten, baita Flandriako Tourra eta Lieja-Bastogne-Lieja ere. Haatik, Munduko Txapelketa irabazteke du oraindik. Bigarren izan zen 2023an, eta ez da berriro podiumera igo. Bada, hura izango da urrezko domina eskuratzeko faborito behinena gaur, emakumeen lasterketan. Vollering aurkari guztiak atzean uzten saiatuko da, 180 kilometro eta 2.500 metroko desnibela izango dituen ibilbidean. Gizonen proban bezala, Mont Royal parkeko zirkuitua izango da lasterketaren ardatza. Emakumeek zortzi bira emango dizkiote.

(ID_16021199) BELGIUM CYCLING
Demi Vollering Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan lortutako garaipena ospatzen. OLIVIER MATTHYS / EFE

Volleringek ez bezala, Lotte Kopecky flandriarrak (Belgika) badaki zer den Munduko Txapelketa irabaztea: bi garaipen lortu zituen jarraian, 2023an eta 2024an. Iaz lehiatzeari uko egin ondoren, podiumaren gorenera itzuli nahi du. Maldan gora Volleringek ez badu lasterketa puskatzen, asko handituko dira Kopeckyren aukerak. Elisa Longo Borghinik (Italia) ere aurrean beharko luke. Hiru aldiz igo da podiumera; hiruretan, hirugarren koskara. Paula Blasi kataluniarra (Espainia) eta Kasia Niewiadoma (Polonia) ere dominen peskizan ariko dira. Magdeleine Vallieres ustekabean gailendu zen iaz, eta etxeko zaleen babesa alde izango du gaur. Usoa Ostolaza izango da lehiatuko den euskal herritar bakarra —Espainiako selekzioarekin ariko da—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA