Espainiako Poliziak beste sei lagun atxilotu ditu Osasunak Real Madrilen aurka jokatutako partidan izandako istiluen harira. Eta, horrez gain, beste bi zale deklaratzera deitu ditu. Desordena publikoa eta agintaritzako aginteen kontrako atentatua leporatzen dizkiete. Komisariatik igaro ostean, aske utzi dituzte atxilotuak. Otsailaren 21ean, partida amaitutakoan, Poliziak zale bat identifikatu zuen hego harmailan —Indar Gorri taldea egon ohi den tokian—, zelaira botila bat botatzea egotzita. Horren ondorioz, istiluak sortu ziren, eta Polizia zaleei oldartu zitzaien. Orduan bi lagun atxilotu zituzten, gerora beste lau, eta gaur, berriz, beste sei.Â
Indar Gorrik atxiloketak gaitzetsi ditu, baita Sadar Bizirik plataformak ere: «Ez dugu normalizatuko Osasunako bazkideak etxean bertan jotzea eta zauritzea. Ez dugu normalizatuko Osasunako bazkideak akusazio generikoen pean atxilotzea eta erasoen erantzuleek zigorrik gabe jarraitzea. Nahikoa da!».
Oldarraldiaren ostean, Sadar Bizirik-ek adierazi zuen Polizia «ehizan» aritu zela Osasunaren zaleen kontra. Plataforma horretako kideek nabarmendu zuten istiluetan 30 lagun zauritu zirela, eta haien artean bazirela zauri «larriak» zituztenak.
Bestalde, hilaren 7an manifestazio jendetsua egin zuten, «Osasunaren alde eta azken gertaeren aurka». Mobilizazio hori egiteko asmoa lehendik iragarria zuten zaleek, Real Madrilen ondoko istiluak gertatu baino are lehenago, azken hilabete eta urteetan Poliziak Sadarren egiten zituen kontroletako «gehiegikeriak» eta ezartzen zituen isunak salatzeko.