Poliziak beste lau lagun atxilotu ditu Sadarren izandako istiluen harira

Indar Gorrik eta Sadar Bizirik-ek atxiloketak gaitzetsi dituzte. Otsailaren 21ean, Osasunak Real Madrilen aurka jokatutako partida amaitutakoan, Polizia zaleei oldartu zitzaien; bi lagun atxilotu zituzten orduan, eta beste lau gaur.

Sadar Bizirik-ek deituta martxoaren 7an egindako manifestazioa. JESUS DIGES / EFE
Sadar Bizirik-ek deituta martxoaren 7an egindako manifestazioa. JESUS DIGES / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko martxoaren 18a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak beste lau lagun atxilotu ditu Osasunak Real Madrilen aurka jokatutako partidan izandako istiluen harira. Desordena publikoa eta agintaritzako aginteen kontrako atentatua leporatzen dizkiete. Ikerketak zabalik jarraitzen du. Otsailaren 21ean, partida amaitutakoan, Poliziak zale bat identifikatu zuen hego harmailan —Indar Gorri taldea egon ohi den tokian—, zelaira botila bat botatzea egotzita. Horren ondorioz, istiluak sortu ziren, eta Polizia zaleen aurka oldartu zen. Orduan bi lagun atxilotu zituzten; gaur, berriz, beste lau. Indar Gorrik eta Sadar Bizirik-ek atxiloketak gaitzetsi dituzte. 

Sadar Bizirik plataformak adierazi zuen Polizia «ehizan» aritu zela Osasunako zaleen kontra. Plataforma horretako kideek nabarmendu zuten istiluetan 30 lagun zauritu zirela, eta horien artean bazirela zauri «larriak» zituztenak. Sadar Bizirik-en arabera, Poliziaren jokabide bortitzaren erakusgarri izan ziren istiluetan gertatutako beste zenbait eszena ere. «Gurpil aulkian zihoan lagun bat eta makuluekin zebilen beste bat lurrera bota zituzten bortizki», zehaztu zuten. Eta poliziek gomazko pilotak jaurti zituztela ere ekarri zuten gogora, bestalde.

Hilaren 7an manifestazio jendetsua egin zuten, «Osasunaren alde eta azken gertaeren aurka». Mobilizazio hori egiteko asmoa lehendik iragarria zuten zaleek, Real Madrilen ondoko istiluak gertatu baino are lehenago, azken hilabete eta urteetan Poliziak Sadarren egiten zituen kontroletako «gehiegikeriak» eta ezartzen zituen isunak salatzeko. Zaleen esanetan, azken gertakarien ostean are eta garbiago gelditu zitzaizkien karrikara ateratzeko motiboak.

Klubak komunikatu bat argitaratu zuen, eta «kezka» azaldu zuen partidaren ondorenean izandako «bortizkeriagatik». Jakinarazi zuen gertatutakoa argitzeko barne ikerketa bat abiaraziko zuela.

Bestalde, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Alicia Etxeberriak, berretsi zuen Espainiako Poliziak «neurriz eta egoki» esku hartu zuela istiluetan, eta ez zuela inor arriskuan jarri. Ez zuen esku hartzeari buruzko argibide gehiago eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA