Oraingoan, ezohiko bidaia bat egitea tokatu zaio Lointek Gernikari. Bizkaiko taldea Grezian da jada, Ioanina hirian, han jokatuko baitu gaur Eurokopako atariko kanporaketako joaneko norgehiagoka, Pas Giannina taldearen aurka (19:30). Ane Olaeta taldeko antolatzaileak (Gernika, 1999) adierazi du «oso partida garrantzitsua» izango dela: «Greziako eta Gernikako partidak oso garrantzitsuak izango dira denboraldiari begira. Ez dugu geure burua presionatu nahi, momentu bakoitza disfrutatu baizik».
Lointek Gernika hainbat aldiz aritu da Eurokopan. Olaetak, ordea, lehen aldiz jokatuko du lehiaketa horretan. Hainbat urtez herriko taldean jokatu ostean, AEBetara joan zen 2017-2018 denboraldian, Kaliforniako Unibertsitate Baptistara, saskibaloia ikasketekin uztartzera. 2023-2024 denboraldian, berriz, Lugo taldean aritu zen, eta iaz itzuli zen Gernikara. Olaeta etxetik kanpo aritu zen urteetan lehiatu zen Lointek Gernika Eurokopan. «Lehen aldiz jokatuko dut Eurokopan; beraz, oso pozik nago, niretzat esperientzia berri bat baita hau».
PAS Gianninaren aurkako kanporaketa gainditzeko gakoez galdetuta, argi mintzatu da: «Lehenik eta behin, defentsa on bat egitea funtsezkoa izango da. Ondo defendatzen badugu, gero erasoan askoz hobeto jokatzen dugu». Hala ere, aitortu du greziarren jokoaz askorik ez dakitela. «Entrenatzaileak esan zigun moduan, uste dut partida bakarra daukatela grabatuta, eta Internet bidez ikusteko moduan. Beraz, ez dakigu gauza askorik aurkariari buruz. Badakigu antolatzaile on bat daukatela, eta ziur aski beste taldekideak ere onak izango direla».
Nahiz eta askotan pentsatu kluba ordezkatzen ari dela Europan eta horrek presioa eragin, esan du saiatzen dela bere burua askorik ez estutzen: «Presioa zeure buruari jartzen diozun zerbait da. Niri, esaterako, ez dit batere mesederik egiten; beraz, presio hori gozamen bilakatzen saiatzen naiz. 8 urte nituenetik jokatzen dut saskibaloian, eta Malostera bueltatzeak gogorarazi dit kirol hau joko bat dela. Nire lana ere bada, baina uste dut hasiera batean joko bat baldin bazen orain ere disfrutatzeko zerbait dela».
Adierazi du ez dakitela Greziako partidan «zer aurkituko» duten. Horiek horrela, itzuliko partidan Malosten jokatzea «oso garrantzitsua» izango dela nabarmendu du: «Europako partidak etxetik kanpo jokatzen dituzunean ez dakizu oso ondo zer aurkitu dezakezun; beraz, Malosteko partida oso garrantzitsua izango da. Ea zaleak etortzen diren gu animatzera eta hasieratik giro ederra sortzen duten».
«Ez dugu helbururik jartzen; izan ere, helburu batzuk jartzen dituzunean, muga moduko batzuk jartzen ari zara, eta iruditzen zait talde honek hobetzeko asko duela». Hori erantzun du taldeak denboraldi honetan dituen helburuez galdetuta. Hala ere, aitortu du «ondo» egongo litzatekeela Espainiako Koparako edo ligako kanporaketetarako sailkatzea. Hala ere, zehaztu du «presiorik gabe» jardun nahi dutela.
«Europako partidak etxetik kanpo jokatzen dituzunean ez dakizu oso ziur zer aurkitu dezakezun; beraz, Malosteko partida oso garrantzitsua izango da»
ANE OLAETA Lointek Gernika taldeko jokalaria
Baina helburuei dagokienez, azpimarratu du bere lehentasuna «disfrutatzea» dela. Izan ere, «duela urte batzuk» presio «handia» jartzen zion bere buruari, eta horrek ahantzarazten zion saskibaloiaz «gozatzea» duela helburu. «Neure buruarengan konfiantza handiagoa edukitzea gustatuko litzaidake. Antolatzaile moduan, taldea bide on batetik gidatu nahi dut, eta taldearen mesedetan ahal dudan guztia eman, gure helburuak betetzen laguntzeko eta ahalik eta denboraldirik onena egin ahal izateko».
Urriaren 4an ekingo diote ligari, Malosten, Estudiantesen aurka. Olaetak nabarmendu du liga «oso parekatua» dagoela, eta argi utzi horrelako lehiaketa batean erregulartasuna mantentzeko gako nagusia «eguneroko lana» dela. «Eguneroko lan horri garrantzia ematen badiogu, ziur nago fruitua emango duela».
Aldaketa asko taldean
Taldeak jokalari asko fitxatu ditu: Esther Casedo antolatzailea, Angela Salvadores eskolta, Emily Bessoir, Masa Jankovic eta Joy Adams hegalekoak, Sarah Polleros hegaleko-pibota, eta Esther Matarranz, Cameron Williams eta Taylor Jones pibotak. Olaetak adierazi du fitxaketa berriak «oso ondo» egokitu direla. «Hasieran jokalari berri asko zegoen, eta ez geneukan haiei buruz informazio askorik. Hala ere, jende berria ikusita beti zaude pozik eta ilusioz. Oso talde jatorra osatu dugu, eta oso gustura gaude denok». Horren harira, azaldu du talde «dezente gaztea» daukatenez, plan desberdinak «batera» egiten dituztela. Dioenez, hori beste talde batzuetan «zailagoa» izan ohi da, adin desberdintasunagatik.
Hori horrela, aitortu du «apur bat ardura handiagoa» sentitzen duela. «Joan den denboraldian hemengo jokalari asko zegoen taldean. Haiek lagundu zidaten egokitzen; Gernikakoa banaiz ere, azken urteetan gutxi egon bainaiz bertan. Aurten, ordea, niri tokatzen zait zeregin hori egitea». Taldekideak «gidatzen» saiatzen dela adierazi du: «Herrian non jan dezaketen, zer ikus dezaketen edo gauza desberdinak non eros ditzaketen, halakoak esaten dizkiet; horixe da nire lana aurten».
Denboraldi amaierara «hustuta» iritsi nahi du, hau da, «dena eman izanaren sentsazioa» izan nahi du. «Ondo edo gaizki joan daiteke denboraldia, baina daukadan guztia eman nahi dut. Ondo egongo litzateke, esaterako, ligako kanporaketarako sailkatzea, baina hori baina garrantzitsuagoa da geure buruaz harro amaitzea eta daukagun guztia ematea».