Caja Ruraleko zuzendaria

Aritz Bagues: «Probarik onenetan talde lehiakorra garela erakutsi dugu»

Helburuak beteta amaitu du sasoia Caja Ruralek, Aritz Bagues zuzendariaren arabera. Oztopoak oztopo, Tourrean maila eman zutela esan du, eta datorren urtera begira, pozik dago Sergio Higuitaren fitxaketarekin. «Bere mailara itzultzen lagunduko diogu».

Aritz Bagues Caja Ruraleko zuzendaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
MAIALEN ANDRES / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko azaroaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo sasoia ez da ohikoa izan Caja Ruralentzat. Izan ere, Frantziako Tourra jokatu du, azkenekoz aritu zenetik 38 urtera. Bada, erakusleihorik distiratsuenean egon ondoren, ateak errazago zabal dakizkiekeela uste du Aritz Bagues kirol zuzendariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1989). Posible ikusten du urte berean bi itzuli handitan aritzea, baina, betiere, taldearen neurria ahaztu gabe. «Gai izango ginateke, baina hortzak estututa, eta egutegiari beste forma bat emanda».

Azken urteetan baino lasterketa egun gehiago izan dituzue aurten. Gelditzeko gogoz zineten?

Bai, denok genuen gelditzeko beharra, txirrindulariek zein zuzendariok. Denboraldi luzea eta exijentea izan da. Apirilean, adibidez, egutegi bete-betea izan genuen, lesioak agertu ziren, eta txirrindulari batzuek ia dena jokatu behar izan zuten. Min hartuta ibili direnek agian gusturago jokatu dituzte azken lasterketak, baina besteei luze egin zaie amaiera.

UCIren sailkapenari dagokionez, sasoi amaieran ez duzue estutasunik eduki. Ez da gutxi, Euskaltel nola ibili den ikusita.

Gure helburua 22. eta 23. postuaren bueltan ibiltzea zen. Lortu dugu, eta hortaz, arazorik ez dugu izan 30 onenen artean sartzeko. Azken lasterketetan gozatzea izan da helburua, puntu gehiago edo gutxiago lortzeak ez baitzuen aldatuko gure egoera.

Lortutako puntuez harago, pozik zaudete denboraldi honetan eman duzuen mailarekin?

Bai. Urte hasieran zalantzak izan genituen, ez baikenekien zer egutegi izango genuen. Gero, ezustean, Frantziako Tourraren gonbidapena jaso genuen, eta besteak beste, Ardenetako klasikoetan eta Tirreno-Adriatikoan ere lehiatu ginen. Goi mailako egutegia izan dugunez, zaila izan da garaipenak lortzea. Hala ere, pozik gaude emandako mailarekin. Probarik onenetan talde lehiakorra garela erakutsi dugu.

Eta, era berean, oso emaitza onak lortu dituzue maila apalagoko lasterketetan. Adibidez, Turkiako itzulia irabazi zenuten Sebastian Berwicken eskutik, eta Langkawiko itzulian, podiumean sartu zenituzten Abel Balderstone eta Jan Castellon: bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren.

Gure liga hori da. Lasterketa horietan, irabaztea da gure helburua. Beti ez da irabazten, baina asmo horrekin irteten gara errepidera. World Tour mailako probetan, badakigu gure tokia beste bat dela. Garaipenak urrunago daude. Baina maila ona eman dugu, halere.

Aurtengo lasterketa nagusia, ezbairik gabe, Frantziako Tourra izan da. Bertan aspaldiko partez aritu da Caja Rural. Zer aho zapore geratu zitzaizuen lasterketaren ondoren?

Tourra uste baino hobeto hasi genuen, baina gero, dena okertzen hasi zen. Seigarren etapan Molenaar etxera joan zen eroriko baten erruz, eta Gaviria eta Parra ere galdu genituen. Hutsune handiak izan ziren. Dena den, konforme geratu ginen emandako mailarekin. Lehen Tourra izan zen gaur egungo Caja Ruralentzat, eta zorte txarra alde batera utzita, uste dut ondo aritu ginela.

«Badakigu zein den gure tokia tropelean: Pro Team mailako talde onenekin alderatuz, gure aurrekontua ez da erdira ere iristen»

Urte bakarreko kontua izango da, edo aurrerantzean ere aintzat hartuko zaituztete Tourraren antolatzaileek?

Hori ez dago gure esku, eta oso lasai gaude alde horretatik. Okerrena zera da, egutegia antolatzerako garaian ez dakizula zehazki zer probatan arituko zaren. Gonbidapenen zain egon behar dugu askotan, eta azken unean deitzen badizute, egutegia berrantolatu beharra izaten da. Egia da Frantziako Tourrean aritu izana lagungarria izan daitekeela alde horretatik. Agian beste lasterketa batzuek ere errazago gonbidatuko gaituzte. Gainera, geroz eta talde gutxiago daudenez, errazagoa da gonbidapena lortzea, tristeki.

Etorkizun hurbilera begira, posible izan daiteke Caja Ruralentzat urte berean bi itzuli handitan lehiatzea?

Planteatu dugu, bai. Aukera izango bagenu, badugu nahikoa txirrindulari erronkari aurre egiteko. Ordea, azpiegiturari eta langile kopuruari dagokionez, justuago ibiliko ginateke. Gai izango ginateke, baina hortzak estututa, eta egutegiari beste forma bat emanda. Era berean, badakigu zein den gure tokia tropelean. Pro Team mailan, badira World Tourrekotzat jo daitezkeen lauzpabost talde, eta haiekin alderatuz, gure aurrekontua ez da erdira ere iristen.

Txirrindulari garrantzitsuak galduko dituzue: adibidez, lehen aipatutako Berwick, Castellon eta Balderstone. Hutsune handia utziko dute?

Hirurak eskalatzaileak dira, eta alde horretatik, bai, hutsunea utziko dute. Parra izango da geratuko den igotzaile bakarra. Sergio Higuita datorkigu datorren urtean; ez da eskalatzaile petoa, baina sasoiko dagoenean, igoeretan ondo moldatzen da. Eskalatzaile bila aritu gara, baina ez da erraza; gazteek nahiago dute World Tourreko egitura baten garapen taldera joan. Higuitari dagokionez, oso txirrindulari garrantzitsua izan daiteke guretzat. Bere mailara itzultzen lagunduko diogu. Eta pozik gaude fitxatu ditugun beste ziklistekin ere. Uste dut taldearen batez besteko maila asko igoko dela.

«Gaviria eredu bihurtu da talde barruan. Ez da esprinterra bakarrik; liderra ere bada. Oso garrantzitsua izan da aurten»

Kontratua luzatu diezue hainbat txirrindulariri, eta haietako bat da Fernando Gaviria. Pozik zaudete eman duen mailarekin?

Hasieran kosta egin zitzaion; ziklismoa uzteko aukera buruan zerabilen, eta oso berandu hasi zen entrenatzen. Azkenean, ordea, eredu bihurtu da talde barruan. Ez da esprinterra bakarrik; liderra ere bada. Behar den tokian dago beti, aginduak nahiz animoak ematen. Oso garrantzitsua izan da aurten, eta denok oso pozik gaude bere ekarpenarekin. Goi mailan aritu eta gero, harro samar etor zitekeen Caja Ruralera, baina ez da hala izan, inondik inora. Denoi laguntzeko prest agertu da beti.

Etorkizunera begira, osasuntsu ikusten duzu Caja Ruralen egitura?

Bai, talde hau desberdina baita. Babeslea taldearen barruan dago, eta berak kudeatzen ditu gauza asko egunerokoan. Hori horrela, bermea dugu etorkizunera begira. Nire ustez, funtsezkoa da jakitea nor zaren eta zer muga dituzun. Adibidez, UAE Abelen [Balderstone] bila etorri zenean, ezin genuen askorik egin; akordio bat egin, eta denentzat ona izan zedila saiatu, besterik ez. Ez zuen zentzurik Abel lotu nahian taldea hipotekatzeak. Alde horretatik, uste dut Caja Ruralek zentzuz jokatzen duela. Aurrera egiteko aukera bakarra urrats txikiak egitea da. Pauso handiak eman nahi izanez gero, babesle bakarra izatea ez da nahikoa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA