Futbola

Quique Sanchez Floresek bizi-bizi eraldatu du Alaves

Alaves azalberritu egin da entrenatzaile berriaren esanetara denetik. Teknikariak ordena eta oreka sustatu nahi ditu, baina haren lehen hiru partidek oso gidoi zoroa izan dute. Arabarrak eraginkor aritu dira; kontrara, golak erruz jaso dituzte.

Quique Sanchez Flores. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Quique Sanchez Flores, aginduak ematen, Vila-realen aurkako partidan. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko martxoaren 28a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek mailari eutsiko badio, Quique Sanchez Floresen estiloan eutsiko dio. Entrenatzaile berriak taldearen egitura eta funtsa aldatu ditu, jokalarien jarduna optimizatu, eta, modu horretan, sailkapenean gora egiteko. Erronka zaila da denboraldia aurreratuta dela teknikari kargua hartzea, eta, maiz, ukitu txikiak egitea izaten da apusturik zentzuzkoena. Sanchez Floresek, ordea, alde batera utzi du Eduardo Coudetek Alavesen ezarritako jokamoldea. Eraldaketa frenetikoa izan da: oso azkar gertatu delako, eta prestatzaile berriaren lehen partidak arnasa eteteko modukoak izan direlako.

Gorabehera handiak

Hari baten gainean dago Alaves, eta, oraingoz, orekari eusten ari zaio. Ataka zailean geratu zen Coudeten bat-bateko irteeraren ondoren, eta estropezu mingarriak izan zituen Sanchez Floresen aginduetara jokaturiko lehen bi partidetan. Valentziaren aurka, bi aldiz hartu zuen aurrea markagailuan, baina luzapenean bi gol jaso, eta esku hutsik itzuli zen etxera (3-2). Vila-realen aurka ere, garaipenak eskuetatik ihes egin zion, orduan ere neurketaren hondarrean (1-1).

Bi kolpe horiek arrastoa utzi zioten, eta hondoratu egin zen Celtaren kontrako partidaren lehen zatian. Galiziarrak 3-0 ipini ziren aurretik, eta tarte batez, Alaves jaisteko postuetan barneratu zen. Harrigarriki, baina, gai izan zen bere onera itzuli, eta emaitzari buelta emateko. Taldeari elektroshock gisa balio izan zioten Sanchez Floresek atsedenean egindako moldaketek. Behin markagailua iraulita, azken uneko beste kolpe bat jasotzear izan ziren arabarrak, baina salbatzaile agertu zen Sivera. Martxa honetan, kardiologoek debekatu egin beharko dituzte Alavesen partidak.

Sistema berria...

Sanchez Floresek egindako aldaketarik agerikoena taldearen marrazki taktikoa da. Coudeten azken norgehiagoketan Alavesek 4-4-2ko itxura hartu zuen zelaian, baina iritsi eta berehala, arbeleko piezak beste gisa batera kokatu ditu arabarren prestatzaile berriak. Taldeak bost atzelarirekin jokatzea nahi du, kosta ahala kosta. Defentsaren erdigunean oso jokalari gutxi daude jokatzeko moduan, lesioek, eta Facundo Garcesen zigorrak eraginda, besteak beste. Hala ere, Sanchez Floresek beti erdiko hiru atzelari zelairatu ditu, zenbait jokalariren moldakortasuna baliatuta. Zelai erdian, berriz, hiru jokalari ipini ditu, hirurak ere barruko aldean; jokoari zabalera eta sakontasuna emateko ardura defentsako hegalekoek dute. Eta aurrean, berriz, erreferentziazko bi aurrelarik dihardute.

… estiloz aldatzeko

Sistema horretatik abiatuta, jokamolde aldaketa bultzatu du entrenatzaile espainiarrak. Coudeten printzipio nagusietako bat baloia ahalik eta gehien eduki eta jokaldiak pixkanaka lantzea zen. Sanchez Floresekin, ordea, Alavesek alde batera utzi ditu itzulinguruak, eraginkorragoa izan nahian. Areara pase gutxiago emanez iristea da asmoa. Baloi jabetzaren datua nabarmen urritu da: batez beste %51koa izan zen Coudetekin lehen 26 partidetan, eta %43koa izan da, aldiz, Sanchez Floresen lehen hiru partidetan. Carles Aleña hegaletik kendu, eta zelai erdian ipini du, jokoari argitasuna eman diezaion. Hegaletan, hain justu, zorrotzak diren jokalariak nahi ditu, barneraldi ugari egin, eta baloia sarri erdira dezaten. Logikoa da, aurrelari garai eta indartsuak ditu Alavesek. Haien ezaugarriekin bat dator joko zuzena egiteko apustua.

Behar zuten akuilua

Aurrelariak fin dabiltza. Lucas Boyek bi gol sartu zituen Mestallan, eta Toni Martinezek, beste bi Balaidosen. Azken horrek aurrerako urrats nabarmena egin du azken lehietan, eta konexio emankorra eratu du neguko merkatuan iritsi ziren jokalarietako batekin: Angel Perezekin. Huescako jokalari ohiak Carlos Vicenteren hutsune handia betetzeko ardura dauka, eta Sanchez Floresek hegaleko luze moduan txertatu du hamaikakoan. Bada, funtzio horretan bikain ari da Perez, eta erabakigarria izan zen Celtaren aurkako garaipen gogoangarrian.

Ibrahim Diabaterentzat estreinako partida izan zen Alavesen elastikoarekin, eta ordezko gisa oso baliagarria izan daitekeela erakutsi zuen Boli Kostako aurrelariak. Ville Koski finlandiarrak ere Sanchez Floresen eskutik egin du debuta.

Pitzadurak defentsan

Ordena eta irmotasuna oso dohain garrantzitsuak dira entrenatzaile berriarentzat. Haatik, Alavesen partidak kolpe trukaketa bilakatu dira azken asteetan, eta horrek eragina izan du arabarrek jaso duten gol kopuruan: zazpi aldiz jaso behar izan dute baloia sare artetik. Jario hori eteteak izan behar du Sanchez Floresen lehentasuna; oinarria hauskorra bada, egiturak ez du zutik luze iraungo. Dena den, Alavesen arazo defentsiboak ez dira oraingo kontua: hamalau lehia darama atea hutsean utzi ezinda. Azkenekoz abenduaren 6an amaitu zuen neurketa bat golik jaso gabe; Realaren aurka izan zen, etxean (1-0). Soilik beste bi partidatan errepikatu du hori sasoi osoan. Lehen jardunaldietako sendotasuna guztiz lausotu da, eta Sanchez Floresi irtenbidea albait azkarren topatzea dagokio.

Taldea egokitzapen fasean dago oraindik, eta normala da oraindik akatsak agertzea. Arabarrentzat mesedegarria litzateke Jon Pacheco bere onera itzultzea, eta Carlos Protesonik arazo fisikoak atzean uztea. Ikusteko dago, halaber, Koskik zenbateko garrantzia hartzen duen taldean. Atzelari gehiagoren beharra badauka, harrobiari erreparatuko dio Sanchez Floresek; Vila-realen aurka, adibidez, Carlos Ballestero zelairatu zuen.

ALAVESEK LEHEN MAILARA IGO NAHI DU ASTEBURUAN

Alavesek eskura du Espainiako Mailara igotzea. Asteburu honetan du lehen aukera horretarako. Lehenik, Valentziak gaur Bartzelona B-ren zelaian ez irabaztea behar du. 11:00etan hasiko da partida hori. Bartzelona B lehen sailkatua da, eta Valentzia, hirugarren. Tartean dago Alaves. Valentziak baino bederatzi puntu gehiago ditu, eta lau jardunaldi falta dira jokatzeko. Arabako taldeak bihar jokatuko du, Mendizorrotzan, Cacereñoren aurka, 12:00etan. Valentziak bezperan galtzen badu eta Alavesek irabazi, arabarrak maila nagusira itzuliko dira. Aldiz, Valentziak berdindu edo irabazten badu, Alaves ezingo da mailaz igo asteburu honetan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA