Ingalaterrako egonaldira joan aurretik mintzatu da Kike Barja Osasunako kapitaina (Noain, Nafarroa, 1997). Gorritxoek zortzigarren denboraldia jarraian egingo dute Lehen Mailan, baina entrenatzaile berria dute sasoi honetarako. Luis Miguel Ramisen aginduetara ari dira: «Gizon gardena da, eta ideiak argi ditu». Barjaren hitzetan, Ramisek taldea «sendo eta oldarkor» aritzea nahi du. Munduko Kopak fitxaketak atzeratu dituen arren, nafarrak adierazi du etorriko direla jokalari berriak Sadarrera. Oraingoz, fitxaketa bakarra iragarri du klubak: Jonathan Dubasin aurrelaria. Barjak adierazi du joan den denboraldian ez zuela «nahi bezainbeste» jokatu, baina pozik dagoela aritu zenean taldeari egindako ekarpenagatik. «Taldearentzat beti da ona lehia izatea, eta multzoa da garrantzitsuena».
Nola hasi duzue denboraldiaurrea?
Ilusio eta motibazio handiz hasi gara lanean. Gorenean gaude beste denboraldi batez. Denboraldiaurreko helburua ondo prestatzea da, eta, batez ere, entrenatzailearen ideia berrietara egokitzea, liga ahalik ondoen hasteko.
Zer mezu helarazi dizue Luis Miguel Ramis entrenatzaileak?
Talde sendoa eta oldarkorra nahi du, erritmo bizian jokatuko duena. Esaten digu defentsan lerroak elkartu behar ditugula, eta goian presioa egiteko garaian tarte gutxi egon behar dela jokalarion artean. Erasoan, berriz, talde bertikala izatea nahi du, aurkariari min egingo dion talde bat. Azken batean, Osasunaren zigilura asko gerturatzen da jokatzeko modu hori. Haren ideiak gauzatzeko gai bagara, uste dut erraz ezagutuko dugula Osasuna zelaian.
Joan den denboraldian arazoak izan zenituzten defentsan, atea hutsean uzteko orduan. Hori hobetzea duzue lehentasun?
Egia da joan den denboraldia ez zela guk nahi genuen moduan amaitu, nahiz eta mailari eustea lortu genuen. Azken bost partidak galdu genituen, eta, horrenbestez, ez ginen gai izan atea hutsean izateko. Dena den, ez dut uste arazoa defentsan zegoenik erabat edo taldeak lan hori gaizki egiten zuenik. Uste dut azken jardunaldietan alor emozionalak ere garrantzia izan zuela. Neurketa bizi-biziak dira: askotan, irabazi egin nahi duzu, eta, azkenean, ez duzu berdintzea ere lortzen. Hala ere, errealitatea da gol asko sartu zizkigutela. Osasuna bezalako talde batentzat, mailari eustea da helburua, eta garrantzitsua da talde sendoa eta fidagarria izatea. Alde horretatik, talde teknikoak ideiak argi ditu: Osasuna talde indartsua, sendoa, oldarkorra eta erritmo bizikoa izatea nahi du. Uste dut horretan aurrerapauso bat ematen badugu bidea asko erraztuko zaigula.
Zer nabarmenduko zenuke Ramisen izaeraren inguruan?
Pertsona normala da, batzuetan hori ezohikoa den arren futbolaren munduan. Ideiak argi ditu entrenatzaile moduan, eta exijentzia handikoa da. Zintzoa ere bai. Gauzak nola egin behar diren esaten digu, eta ez dago eztabaidarik, berak uste baitu hori dela helburua lortzeko bidea. Konfiantza osoa dut harengan. Gizon gardena da. Horrez gain, talde teknikoko kide guztiak berdin tratatzen ditu. Entrenatzailea balira bezala parte hartzen dute denek entrenamenduetan. Uste dut horrela errazagoa dela entrenatzailearen ideiak jokalari guztiengana iristea. Onerako harritu gaitu.
Jagoba Arrasate Osasunatik joan zenetik, hiru entrenatzaile egon dira taldean. Aldaketa horiek zer-nolako eragina dute multzoan?
Ibilbidearen erdia baino gehiago Jagobarekin [Arrasate] egitea egokitu zait niri. Entrenatzailea aldatzen denean, ezinbestean egokitu behar duzu. Onerako edo txarrerako, futbolean ez dago tarterik gauza batzuk modu batera edo bestera egiteko, eta, alde horretatik, uste dut multzoa beti egokitu dela. Modu batean baino gehiagotan aritu gara jokatzen eta lanean, eta guk beti eman dugu dena garaian garaiko entrenatzailearen alde. Entrenatzaile aldaketak beti eragiten du nork bere burua estutzea zelaian postua irabazteko. Eta alderantziz, entrenatzailea ez aldatzeak egonkortasuna ematen dizu. Azken hori lortzen badugu, gauzak ondo doazen seinale izango da.
«Iragan denboraldi amaiera ez zen esperotakoa izan, eta aurrerapauso bat egin behar dugu. Zaleek ez zuten merezi sasoia hala amaitzea»
Multzoari dagokionez, fitxaketa bakarra egin da. Zer postutan indartu behar du taldeak, zure ustez?
Seguru naiz jendea etorriko dela. Urte asko daramatzagu Brauliorekin [Vazquez, Osasunako kirol zuzendaria], eta denok konfiantza osoa dugu haren lanean. Munduko Koparen eraginez, urte desberdina da aurtengoa, txapelketak mugimendu guztiak atzeratzen baititu. Etorriko direnei gauzak erraz jarri behar dizkiegu, beren mailarik onena eman dezaten.
Ligari dagokionez, nora uste duzu begiratu behar duela taldeak?
Azken denboraldi amaiera ikusita, gure helburu nagusia gorenean jarraitzea da. Behin hori lortuta, taldeak denboraldi on bat egitea nahi nuke, eta ahalik gorena begiratzea. Dena den, iragan sasoian nolako ezustekoa hartu genuen ikusita, uste dugu hankak lurrean izan behar ditugula. Lehen Mailan, erlaxatuz gero, hortxe dago sustoren bat izan eta jaisteko aukera. Alde horretatik, apal jokatu behar dugu, eta eguneroko lanean arreta jarri. Puntuak lortu behar ditugu pixkanaka, eta, behin mailari eusteko adina ditugunean, beste gauza batzuekin amesten hasi ahal izango gara. Iragan denboraldi amaiera ez zen esperotakoa izan, eta aurrerapauso bat egin behar dugu. Zaleek ez zuten merezi sasoia hala amaitzea
Alor pertsonalean, joan den denboraldian ez zenuen nahi bezainbeste jokatu. Raul Moro, Ruben Garcia... Lehia faltarik ez duzue hegaletan. Nola ikusten duzu?
Egia da joan den denboraldian ez nuela nahi bezainbeste jokatu, baina, parte hartu nuenean, oso ondo sumatu nuen neure burua. Uste dut nitaz espero den hori eman nuela: golak eta gol paseak. Nahiz eta asko ez jokatu, aritu nintzenean maila eman nuen, eta horrek konfiantza eman zidan. Gogotsu nago. Iragan denboraldian lehia handia nuen nire postuan, eta ziur naiz aurten ere hegaleko jokalariren bat etorriko dela. Raul Moro jokalari gaztea da, eta proiekzio handikoa. Ruben Garcia, berriz, maila handikoa. Ikusi besterik ez da zer ibilbide egin duen. Taldearen onerako da lehia izatea. Gainera, taldeko kapitaina izanda, zelaian gutxiago edo gehiago jokatu, egunerokoan laguntzea da nire arduretako bat. Ahalik gehien jokatu nahi nuke, eta maila ona eman, baina taldea da garrantzitsuena.