Reala eta Eibar, gora egiteko bultzada baten bila

Bi taldeek derbia jokatuko dute gaur Ipuruan. Ane Etxezarretak, bi taldeetako jokalari ohiak, neurketa «polita eta lehiatua» espero du. «Realak izango du jokoaren ekimena, baina Eibarrek min egin diezaioke kontraerasoan».

Eibarreko eta Realeko jokalariak lehian, aurreko denboraldian Ipuruan jokatutako derbian. GORKA RUBIO / FOKU
Eibarreko eta Realeko jokalariak lehian, aurreko denboraldian Ipuruan jokatutako derbian. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko azaroaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eibarrek ondo ekin zion ligari, baina azken partidetan apur bat behera egin du. Azken jardunaldian 2-1 galdu zuen Valentziaren aurka. Artean punturik batu gabe zegoen Herrialde Katalanetako taldea. Realak, berriz, gaizki ekin zion ligari. Dena den, egoera bideratzea lortu zuen. Garaipen handia lortu zuen Bartzelonaren aurka Zubietan: 2-1. Baina Espanyolen eta Alavesen aurkako berdinketek zapore gazi-gozoa utzi diete txuri-urdinei, eta mantsotu egin dute haien susperraldia. Gaur elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, Ipuruan jokatuko duten derbian (17:00, DAZN). 

Sailkapenean etxekoek bi puntu gehiago dituzte: hamabi. Irabazita bultzada bat jaso nahi dute bi taldeek, hiru puntuak lortuz gero gerturatu egingo baitira sailkapenaren erdialdetik gorako postuetara. Txuri-urdinei, gainera, konfiantza emango die asteazkenean Istanbulen jokatuko duen Europa Kopako partidari begira. Ane Etxezarreta futbolari ohiak bi taldeetan jokatu du, eta lehia handiko partida espero du: «Partida polita eta lehiatua izango da. Reala izango da baloiaren jabe, eta gol aukera gehiago izango ditu. Eraginkor aritzea izango da gakoa. Eibarrek, berriz, aurrerapauso bat eman du baloia duenean, konfiantza gehiagoz aritzen baita, baina eroso aritzen da aurkariak jokoaren ekimena izaten duenean ere. Kontraerasoan eta geldikako jokaldietan min egin diezaioke Realari». 

Etxezarretak oraingoz ondo ikusi du Eibar: «Aurreko denboraldiarekin alderatuz, taldeak ideiak argiago dituela uste dut, eta jokoaren ekimena izateko asmo handiagoa erakusten ari da». Erreskadan azaldu du beste gakoetako bat: «Eraginkorrago ari da erasoan, eta sartzen dituen golei etekin gehiago ateratzen. Gutxi sartzen ditu, baina puntuak lortzeko balio diote, eta horrek konfiantza ematen du». Gainera, ez du galdu «lehiatzeko eta borrokatzeko» ohikoa izan duen gaitasun hori.

«Eibar eraginkorrago ari da erasoan, eta sartzen dituen golei etekin gehiago ateratzen. Gutxi sartzen ditu, baina puntuak lortzeko balio diote, eta horrek konfiantza ematen du»» 

ANE ETXEZARRETA Realeko eta Eibarreko jokalari ohia

Kontraerasoan eta zuzen jokatzen duenean ere «oso lan ona» egiten ari direla azaldu du: «Oso argi daukate hori nola egin, eta alde horretatik min egin diezaiokete Realari». Hala, orain arteko bideari eutsi behar diola berretsi du: «Liga oso luzea da, eta arreta handia jarri behar die aurkari zuzenen kontrako partidei. Oso ondo dago Real Madrilen aurka puntuak lortzea, baina aurkari zuzenen kontra irabaztea izaten da erabakigarria mailari eusteko arazorik ez izateko».

Erregulartasunaren bila

Txuri-urdinentzat liga hasi baino bi egun lehenago Arturo Ruiz joatea «kolpe gogorra» izan zela nabarmendu du: «Azken batean denboraldi bikaina egitetik zetozen haren aginduetara, eta multzoa haren nahien arabera egokituta zegoen». Egoera iraultzea lortu dutela berretsi du: «Halakoetan pazientzia eduki behar izaten da, baina ez nuen dudarik lortuko zutela, oso jokalari onak baitituzte». Baina orain bi gauza falta zaizkiola uste du: «Erregulartasun gehiago izatea, eta aurrean eraginkorrago izatea».

Taldeak aurrelari petorik gabe jokatu du hainbat partidatan. Sonya Keefe min hartuta egon da pubisean, eta oso gutxinaka ari da minutuak pilatzen. Ava Seelenfreud, berriz, pixkanaka ari da egokitzen. Hala, partida batean baino gehiagotan Nerea Eizagirrek jokatu du puntan. «Aurrelari peto-peto bat ez duzunean kosta egiten da areara jokalari askorekin iristea, haren mugimenduek atzelariak finkatzen laguntzen duelako, besteak beste. Keefe jokatuz eta erritmoa hartuz joan ahala, baliteke hori aldatzea». Baina aurrean erdi-punta batekin jokatzea ere ondo etor daitekeela uste du, «aurkariaren arabera» betiere: «Jokatzeko bi moduak menperatzea da gakoa, eta asmatzea noiz eta zeinen aurka erabili».

Aiara Agirrezabalaren falta ere antzematen dela uste du: «Realak duen jokatzeko moduan oso garrantzitsua da hegalekoen ekarpena. Gora egitea eskatzen zaie, eta horretan Aiara oso ona da. Izan ere, fisikoki ahalmen handia du, eta aldi berean oso ondo hartzen ditu erabakiak: noiz bizitu erritmoa, noiz ez... Jokalari osoa da». Europan jokatzeak eragina duela nabarmendu du: «Jokalari gutxi daude aurretik Europan jokatu dutenak, eta fisikoki eta mentalki ez da erraza hain egutegi betea izatea. Fisikoki, adibidez, hainbat jokalari ikusi ditugu bendarekin. Gutxi dira halako kargak barneratzera ohituta daudenak». Neke hori ondo kudeatuz gero taldeak erregulartasun hori lortuko duela uste du. 

«Jokalari gutxi daude aurretik Europan jokatu dutenak, eta fisikoki eta mentalki ez da erraza hain egutegi betea izatea. Fisikoki, adibidez, hainbat jokalari ikusi ditugu bendarekin» 

ANE ETXEZARRETA Realeko eta Eibarreko jokalari ohia

Etxezarretak udan hartu zuen erretiroa, eta onartu du tarteka futbolaren hutsunea duela. «Baina aldi berean ilusioz bizitzen ari naiz garai hau». Euskadi Irratian ari da aditu lanak egiten: «Espero baino hobeto ari naiz moldatzen. Oso harrera ona egin didate, eta eroso sentitzen naiz. Gozatzen nabil».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA